Osakidetzako filtrazioen auziaren labirinto judizialak azken bira egin du, eta irteerak gertuago dirudi orain. Apirilean iragarri zuen Arabako Probintzia Auzitegiak kausan geratzen ziren bi akusatuak, mediku bat eta oposiziogile bat, epaiketa aurreko saiora joango zirela. Saio hori, ordea, bertan behera geratu zen, auzia epaitu behar zuten hiru jujeek uko egin ziotelako epaiketan parte hartzeari, beren «neutraltasuna arriskuan» ikusita, auziaren aurreko faseetan parte hartu baitzuten.
Ikusi gehiago
Auzitegiak izendatuak ditu dagoeneko haien ordezkoak, eta prozedura abian da berriro. Beatriz Eva Roman, Alvaro Silvan eta Sara Mallen izango dira hemendik aurrera epaiketaren arduradunak. Epaiketa aurreko saioa «datozen asteetan» egiteko asmoa dute. Hala ere, oraindik ez dago argi kasua epaiketara iritsiko ote den, baliteke-eta akusatuek eta Fiskaltzak akordioaren bat erdiestea.
Bi dira akusatuak: mediku bat eta oposiziogilea. Oposiziogilea mediku horren semearen bikotekidea zen oposizio garaian, eta medikuak espezialitateko azterketako galderak filtratu ei zizkion, Fiskaltzaren tesiaren arabera. Bi urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskaltzak medikuarentzat, eta urtebetekoa oposiziogilearentzat.