Bost hilabete eta erdi daramatzate greban Gasteizko lorezainek, eta, «mantso» bada ere, urrats batzuk egin dituztela onartu dute gaur. Hala ere, azken egunetako gertakariek langileen eta udalaren arteko tentsioa are gehiago piztu dute, eta lorezainek gaur adierazi dute «benetan larria» dela udalak Olarizun egindakoa.
Jabier Saenz ESK-ko ordezkariak azaldu du sindikatuek eta greba batzordeak beren gain hartuko dituztela beraiek deitutako eta sinatutako ekintzak, baina, esan dutenez, ez zuten beraiek antolatu atzo Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziaren etxe aurrean egindako kontzentrazioa, eta ez dute beren gain hartuko han gertatutakoaren ardura. Artolazabalek atzo salatu zuenez, haren etxeko atea jo zuten goizean, eta «Artolazabal, faxista; hori ez da bidea» idatzia zuten eskuorriak bota. Eskuorrietan Artolazabalen argazki bat ageri zen, Hitlerren bibote bat gehituta. Artolazabalek Enviserreko langileei egotzi zien erasoa.
«Ez dugu gure gain hartuko Artolazabalek salatutako ekintzen ardura, ez baitzituen langile batzordeak antolatu. Kontu honetan gertakari larria udalak asteazkenean Olarizun egin zuena da»
JABIER SAENZ ESK sindikatuko ordezkaria
Sanzen esanetan, arreta beste norabait bideratzen saiatzen dira: «Ez dugu gure gain hartuko Atzo Artolazabalek salatutako ekintzen ardura, ez baitzituen langile batzordeak antolatu. Kontu honetan gertakari larria udalak asteazkenean Olarizun egin zuena da». Grebalarientzat, udalak Olarizun egindakoa prebarikazio delitua da: «Udalak abisatu zuen gure greba ordezkatzeko enpresa bat kontratatuko zuela. Hori prebarikazioa da, eta oso larria iruditzen zaigu hori gertatzea jada bost hilabete baino gehiago luzatu den gatazka batean».
ELA sindikatuko Ander Castrok eta LAB sindikatuko Bittor Gonzalezek ere nabarmendu dute herenegun Olarizuko zelaietan gertatutakoa aurretik zegoen gatazkari «gasolina botatzea» izan dela: erromeria egingo dute astelehenean, eta herenegun, udalak aginduta eta kontratatuta, Enviserrekoak ez diren langile batzuek belarra segatu zuten, eta traktore batekin zapaldu. Lan Ikuskaritzak, baina, lan horiek geldiarazteko agindu zuen, «legez kanpokoak direlako eta grebalariak ordeztea dakarrelako». Grebalarientzat, jokabide hori «maltzurra eta arduragabea» da, eta agerian uzten du udalaren «ezintasun» politikoa. Haientzat oso gertaera larria da enpresa pribatu batek langileak ordezkatzea.
Eskaera zehatzak
ESK, ELA eta LAB sindikatuek ia 2.500 sinadura entregatu dituzte gaur udaletxean. 2.600 aurkeztuta zituzten lehendik. Uste dute sinadura kopuru horrek erakusten duela «herriaren babesa» dutela, eta udalaren esku dagoela akordioa lortzeko gakoa: soldata duinak bermatzea. Gasteizko Udalak Enviser enpresaren esku utzita dauka hiriko lorategien eta parkeen mantentze lana. Langileek elkarretaratzea egingo dute astelehenean, inplikazioa eskatzeko udalari eta enpresari gatazka konpontzeko bidean.
«Ez da erraza izaten ari borrokari eustea, lan gatazkan inplikatuta dauden alde guztietatik jasaten ari garen erasoak direla eta». Horrelaxe azaldu dute hilabete hauetan bizitzen ari direna Ander Castrok eta Bittor Gonzalezek. Biek adierazi dute herritarrengandik jaso duten babesak indarra ematen diela udalak «etengabe» egiten dizkien «kriminalizazio saiakerei» aurre egiteko: «Gure greba mugagabearen aldeko babes soziala oso zabala da».
Gasteizko jaietan eta beste hainbatetan jasotako babesa eskertu dute, eta udalak izan duen jarrera erabat gaitzetsi: «Gizarteari entzun beharrean, udalak legea bihurritzeko apustua egin du, eta langileen grebarako eskubidea urratzekoa». Azaldu dutenez, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak eskatu dizkie udalak.
Gaurko adierazpenean, Jabier Saenzek argi azaldu du udalari zer baldintza eskatzen dizkioten: 2028rako egungo soldaten %20ko igoera, eta ofizioentzako —egiten dituzten lanengatik— gehigarri bat. Saenzek azaldu duenez, 1.100 euro inguruko soldatak dituzte, eta, eskatzen duten igoera gauzatuta ere, ez lukete berreskuratuko orain arte galdutako erosahalmena, hiru milaren bat euro urtean, haien esanetan.
Saenzek esan du uztailaren 30ean izan zutela azken bilera enpresarekin, eta bertan enpresak adierazi ziela udalak soldatak igotzeko eskumena mugatu ziola. Orain beste bilera bat eskatzeko asmoa dute, ea aldaketarik egon den jakiteko: «Soldata igotzea baita greba amaitzeko bide bakarra».