Gasteizko nekazari familiak salatu du Enviserreko grebalariek pintaketak egin dizkietela etxean. Gaur goizean jabetu dira erasoaz: «Lorezainak borrokan», «greba eskubidearen aurkako erasorik ez», eta «eskirolak» irakur daiteke margo horiz eta gorriz haien jabetzakoa den biltegiko hormetan egindako pintaketetan. Halaber, familiak jakinarazi du atzo ere eraso zietela: ura moztu zieten etxean, pasabidearen giltza itxita.
Familiak Envisarreko grebalariak jo ditu eraso horien erantzule, eta asteazkenean Olarizuko zelaian izandako gertakariarekin lotu du gertatutakoa. Izan ere, udalak traktore bat kontratatu zuen belarra mozteko. Astelehenean ohiko erromeria egingo baita han, eta, lorezainak greban direnez, zelaia egokitu ahal izateko. Lan Ikuskaritzak geldiarazi egin zituen lanok, ordea, greban direnak ordezkatzea legez kanpokoa dela argudiatuta.

Familiak ohar bat kaleratu du erasoa salatzeko, eta adierazi du asteazkenean erabili zuten traktorea ez dela haiena: «Ez dugu zerikusirik udalak kontratatutako traktorearekin; ez zen gure makineria izan Olarizuko zelaia zapaltzen aritu zena, eta ez ginen gu izan traktorearen gainean geundenak».
Familiak esan du pertsona orok lan baldintza duinak izatea nahiko luketela, eta elkartasuna adierazi diete greban diren Enviserreko lorezainei. «Baina modu honetan ez», gaitzetsi dute: «Ez dugu onartzen nekazari familia bat kriminalizatzen duten pintaketa bidegabeak egitea».