Eskatu dute zigor espedienteak irekitzeko Labrazako zentral eolikoaren eraikuntza lanen aurka

Zentral eolikoa eraikitzeko lanetan «biodibertsitatea babesteko araudia behin eta berriz urratzen» dela salatu du Arabako Mendiak Aske elkarte ekologistak. Erakundeei eskatu die zigor espedienteak irekitzeko hainbat lan «baimenik gabe» egiteagatik.

Labrazako lanen hasiera fasea, artxiboko irudi batean. EUSKO JAURLARITZA
Labrazako lanen hasiera fasea, artxiboko irudi batean. EUSKO JAURLARITZA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 27a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oztopoz beteriko lasterketa bilakatu zaio Labrazako (Oion, Araba) zentral eolikoaren eraikuntza Aixeindar SA enpresari. Duela gutxi, hainbat aktibistak eraikuntza lanak geldiarazi zituzten, haize errotetako batera kateatuta. Agudo askatu zituen Ertzaintzak, baina oztopoak ez dira hor amaitu. Arabako Mendiak Aske elkarte ekologistak jakinarazi du enpresaren aurkako zigor espedienteak irekitzeko eskatuko diela hainbat erakunderi, enpresak «biodibertsitatea babesteko araudia behin eta berriz urratzen» duelako eta hainbat lan «baimenik gabe» egin dituelako. Iberdrolak (%40) eta Energiaren Euskal Erakundeak (%60) osatzen dute Aixeindar enpresa. 

Elkarte ekologista horren arabera, enpresak plataforma bat eraiki du Kanpezun (Araba), haize erroten elementuak biltzeko Labrazara bidali aurretik. Plataforma hori «biodibertsitatearen ikuspuntutik bereziki delikatua» den ingurune batean eraiki dute, miru gorria eta bisoi europarra bizi baitira bertan, eta bi espezie horiek «galtzeko arriskuan» daude. Arabako Mendiak Askeren arabera, Kanpezuko Udalak apirilaren 13an eman zuen baimena plataformaren eraikuntza lanak hasteko. Handik hiru egunera, ordea, Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Sailak geldiarazi egin zituen.

Hori dela eta, egoera salatzen duen idazki bat helarazi diete Kanpezuko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari. Elkarteak salatu du lan horiek «administrazio baimenik eskatu gabe» egin direla, eta, hori dela eta, aldundiari eskatu dio Aixeindarren aurkako zigor espedientea irekitzeko kontserbazio bereziko eremu batean lanak egiteagatik. Bestalde, aldundiaren mendi zerbitzuari eskatu diote beste zigor espediente bat irekitzeko Labrazako kontzejuarena den erabilera publikoko mendi batean —173 zenbakidunean— bideak egiteagatik horretarako baimenik eskatu gabe. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE