Maiatzean bi orduko lanuzteak egin zituzten. Ekainean, berriz, lau ordukoak. Gasteizko Alestis Aerospace enpresan egindako mobilizazioak, ordea, ez dira nahikoa izan sindikatuek espero zuten emaitza lortzeko: hitzarmen kolektiboa erdiesteko negoziazioak «blokeatuta» daude oraindik ere, enpresa batzordea osatzen duten sindikatuen arabera.
ELAk, LABek, UGTk eta CGTk osatzen dute batzorde hori, eta negoziazioak desblokeatzeko «borondate falta» leporatu diete enpresaren jabeei. Sonaca eta Aciturri Aerostructures taldea dira enpresaren jabeak: lehenak konpainiaren %51 kontrolatzen du, eta bigarrenak, %49.
Sindikatuek enpresari leporatu diote ekoizpena eta lan karga «handitzen» dituen bitartean langileen aldarrikapenei erantzunik ez ematea. Hori dela eta, lau greba egunetarako deialdia egin dute, eta ez dute baztertzen enpresaren gaineko «presioa areagotzea», negoziazioek aurrera egiten ez badute.