Aurreko ostiralean jakin zen preso bat hilda agertu zela Zaballako espetxean (Araba). Ez da aurten jazotzen den lehen aldia: otsailean, beste preso bat hil zen espetxe horretan, familiak salatu zuenaren arabera beharrezko osasun arreta eman ez ziotelako. Egoera «larria eta egiturazkoa» dela iritzita, Salhaketa eta Katearen Loturak presoen eskubideen aldeko elkarteek EAEko Arartekoari eskatu diote iker ditzala kartzeletan hil diren presoen heriotzak. Bi elkarte horien ustez, «premiazkoa» da neurriak hartzea, espetxeetan «iragarritako heriotza» gehiagorik gerta ez dadin, eta hartu beharreko neurri horiek zeintzuk diren ikertzeko eskatu diote, hain zuzen ere, Arartekoari.Â
Euskal Herrian, berriz, aurten hiltzen den laugarren presoa da, martxoan beste biren heriotza irten baitzen argitara, Iruñeko eta Baionako espetxeetan, hurrenez hurren: batean, 80 urteko gizon bat hil zen kartzelan; bestean, berriz, 23 urteko gazte bat izan zen hildakoa, bere buruaz beste eginda, lehen informazioen arabera. Kasu guztietan, erakundeen gardentasun falta kritikatu dute presoen eskubideen aldeko elkarteek. Hori dela eta, Salhaketak eskatu du «zorrotz betetzeko» suizidioen aurkako protokoloak eta familiei eta gizarteari informazioa emateko protokoloak, eta kontuan hartzeko «gertuko pertsonen eskakizunak», Arartekoari kartzeletako baldintzak ikertzeko eskatzearekin batera.Â
Ikusi gehiago
«Patologia duala» duten presoen egoera salatu dute bereziki elkarte horiek. Buru osasuneko arazoak eta drogekiko menpekotasuna batera nozitzen duten pertsonak dira horiek, eta, Salhaketak deitoratu duenez, «gizarte baliabideetatik kanpo geratzen dira azkenerako, baliabide faltagatik, eta kartzelan sartzen dituzte». Salatu dute espetxeak, haien egoera hobetu ordez, «okertu» egiten duela, eta suizidio arriskua areagotzen duela. «Espetxe sistema de facto funtzionatzen ari da existitzen ez diren edo nahikoak ez diren osasun eta gizarte baliabideen ordezko gisa», ohartarazi dute Salhaketakoek. Egoera ikusirik, «administrazio guztien erantzun koordinatua» behar dela nabarmendu dute, heriotza gehiagorik izan ez dadin.
Ikusi gehiago
Gizartearen inplikazioa ere eskatu dute, kartzelan jazotako heriotzak ezin baitira «gai pribatua» izan, elkarte horien ustez. Izan ere, presoak erakunde publikoen «zaintzapean eta ardurapean» daudenez gero, haien heriotza «lehen mailako gertakari soziala» da, eta gizarte osoaren erantzuna behar du. Ostiralean zendu zen presoaren heriotza salatzeko eta espetxeetan bizi baldintzak hobetuko dituzten «premiazko» neurriak eskatzeko, elkarretaratzea antolatu dute ostiralerako, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, 12:30ean.Â