Gizarte laguntzen eta eskubideen inguruan herritarrei laguntza eta orientazioa emateko bulegoa du Berri Otxoak plataformak Barakaldon. Udako etena bukatuta, astelehenean zabalduko ditu ateak ostera ere. Dagoeneko 28 urte igaro dira zerbitzua martxan ipini zutenetik. Ordutik «ezinbestekoa» izan da Barakaldon pobre edo prekario bizi diren pertsonentzat eta familientzat, plataformak nabarmendu duenez.
Barakaldoko San Antonio kalean dago bulegoa. Astelehenetan egoten da zabalik, 11:00etatik 13:00etara. Posta elektronikoz ere ipin daiteke harremanetan Berri Otxoak-eko kideekin, [email protected] helbide elektronikora idatzita. Arreta doakoa da. «Orientazioa eskaintzen diegu, beren egoera salatzen laguntzen diegu, eta oinarrizko gizarte zerbitzuei buruzko informazioa ematen diegu». Azaldu dutenez, bulegoaren lana da «gizarte zerbitzu publikoetan dagoen desinformazioari eta erabiltzaileei ipintzen dizkieten trabei aurre egitea»
Joan den kurtsoan, 756 familia igaro ziren bulegotik. Plataformak egindako balantzearen arabera, etortzen zaizkien gehienak andreak dira (%63). Batez ere, udalak ematen dituen larrialdi laguntzen inguruan salaketa jartzera joaten dira, bukatu direlako, onartu ez dizkietelako, eskatzeko zailtasunak dituztelako, edo ordaindu ez dizkietelako.
Bederatzi hilabete
Plataformak salatu du Barakaldoko Udalak oraindik banatu barik dituela aurten eman beharreko gizarte larrialdirako laguntzak. «Familia eta pertsona pobretuenak kalteberatasun larrian utzi ditu», txarretsi dute. Iaz 3.300 pertsona joan ziren Barakaldoko udal gizarte zerbitzuetara 2025erako laguntza horiek eskatzera. Funtsezko diru laguntza izaten da familia askorentzat, oinarrizko beharrak asetzeko: alokairuak, hornidura fakturak, elikagaiak edota botikak ordaintzeko erabiltzen dituzte, plataformaren arabera.
Adierazi dutenez, bederatzi hilabete baino gehiagoko atzerapen hori ez da gertatzen inguruko beste udalerri batzuetan. Bilbo ipini dute adibide: urte hasieran onartzen ditu, eta onartu direnetik hamabost eguneko epean ordaintzen ditu.
Etxebizitza ere izaten da joaten zaizkien erabiltzaile askoren arazoa: etxegabetzeen aurrean laguntza falta sentitzen dute, ez dute etxebizitza duin bat eskuratzeko aukerarik, edo zailtasunak dituzte alokairua edo hipoteka ordaintzeko. Lanbideren aurkako kexak ere jasotzen ditu plataformak bulego honetan: iaz, informazio eske joan zirenen %38k diru sarrera bermatzeko errentari buruz galdetu zuten.