Bizkaiko Foru Aldundiak ere finantzatuko ditu AHTaren Abandoko tren geltokia lurperatzeko lanak

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak esan du proiektua aztertu dutela eta «aukera ona» iruditu zaiela Bizkaiarentzat.

Abandoko Taupadak' proposamenaren arabera Bilboko Abandoko trenbidearen orubea zelan geratuko den erakusten duen infografia. BERRIA
Abandoko Taupadak' proposamenaren arabera Bilboko Abandoko trenbidearen orubea zelan geratuko den erakusten duen infografia. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko maiatzaren 7a
17:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erabakia hartuta dago. Beste azpiegitura estrategiko batzuetan bezala, Bilbon AHTaren Abandoko tren geltokia lurperatzeko lanak finantzatzeko ere akordioa egingo dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Elixabete Etaxnobe ahaldun nagusiak onartu duenez, aurretik zalantzak izan ditu diputazioak; uzkur agertu dira hainbat urtez, ez delako egon «ondo definitutako» proiekturik. «Orain badago, ezagutu dugu, hainbat hilabetez ibili gara aztertzen, eta uste dugu aukera ona dela Bizkaiarentzat». Bere ustez, Abandoko geltokiak «sekulako garrantzia» izango du garraioan. SER irrati kateari emandako elkarrizketa batean iragarri du «laster» jakinaraziko dutela diputazioaren parte hartzea zenbatekoa izango den. 

Azken iragarpenen arabera, 2028an hasiko dira obrak, baina Etxanobe ez da ausartu eperik zehaztera. Hala ere, ohartarazi du ezin dela gehiago atzeratu: «Euskal gizarteak ezin du gehiago itxaron». Egokitzat jo du lanak Bilbao Ria 2000ren pareko sozietate baten bitartez egitea. Bilbao Ria 2000 Bilboko metropoliko zaharberritze lan handiak egiteko sortutako sozietatea da, Espainiako eta EAEko erakunde publikoen jabetzakoa. AHTa Bilbora sartu eta Abandoko geltokiaren ingurua berrantolatzeko ere antzeko sozietate bat sortzea da asmoa. «Ez da ezer berririk asmatu. Ondo deritzot dagoeneko ezagutzen ditugun tresnak erabiltzeari», esan du Etxanobek.

Metroaren 4. linea

Jaurlaritzak eta diputazioak Bilboko metroa ere finantzatzen dute elkarrekin. Gaurko gobernu kontseiluan, Bizkaiko Foru Aldundiak oniritzia eman dio 4. linea finantzatzeko Jaurlaritzarekin egindako akordioari. Horri esker, foru gobernuak 200 milioi euro ipiniko ditu, 2032ra arte. Obren %45 finantzatuko du. Metroaren 4. lineak Bilboko Matiko auzoa eta Alonsotegi lotuko ditu, hiriburuko hegoaldeko auzoetatik igarota. Deustuko Unibertsitatean, Casilda Iturrizar parkean, Plaza Eliptikoan, Zabalburun, Iralan, Basurtun eta Zorrotzan izango ditu geltokiak. Gobernu kontseilu osteko agerraldian, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramaileak ez du egutegirik aurreratu gura izan, baina iaz, akordioa aurkeztu zutenean, obrak 2027an hasteko asmoa iragarri zuten. Eusko Jaurlaritzak dagoeneko emana dio oniritzia diputazioarekin egindako akordioari; apirilaren 21eko gobernu kontseiluan egin zuen hori. 

SER irratian emandako elkarrizketan, Etxanobek pozik hartu du atzotik Enkarterrin martxan dabilen Renferen aldiriko trenen C5 linea. Hala ere, gutxi iritzi dio. «Diputazioak metro maiztasuna gura du Enkarterrin ere, eta horregatik nahi dugu laugarren linea Enkarterrira luzatu». Gogoratu du horretarako ezinbestekoa da Bilboko Zorrotza auzoan trenbidea lurperatzea. Horrek modua emango luke metro zerbitzua Arangurengo (Zalla) geltokiraino luzatzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA