Forua, Bizkaia josi zuen haria

Bizkaiko Foru Berriaren bostehungarren urteurrena dela eta, Batzar Nagusiek eta foru aldundiak hiru ibilbide historiko antolatu dituzte, azaltzeko lege testu hark zer garrantzi izan zuen Bizkaiaren eratze prozesuan.

(EZIN DA ERABILI) Gernikako arbola eta juntetxea, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Gernikako juntetxea eta arbola, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko abuztuaren 21a
07:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bermeotik Ubidera eta Ondarroatik Karrantzara arteko eremua hartzen duen herrialde historikoa da gaur egun Bizkaia, Urduña ahaztu barik. Baina beti ez da horrela izan. Alfontso III.a Asturiasko erregeak IX. mendean idatzitako kroniketan aipatzen da lehen aldiz lurraldearen izena. Bizkai nuklearra delakoaz ari zen. Gerora batu zitzaizkion gainontzeko eskualdeak. Hasieran, jaun edo andre berari lotutako lurraldeak ziren. Eneko Lopitz Bizkaiko lehen jaunaren bitartez uztartu ziren Bizkai nuklearra eta Durangaldea, XI. mendean. Haren seme Lope Enekoitzek Enkarterri jaso zuen ezkonsari modura. Ondoren etorri zen batasun juridikoa eta administratiboa, baina joste hori prozesu luze eta korapilatsua izan zen. 1526ko Bizkaiko Foru Berria izan zen bizkaitar guztiak barne hartzen zituen lehen araua.

Idatzitako urte berean aplikatu zuten Foru Berria Bizkai nuklearrean, eta aurten gertakari haren bosgarren mendeurrena gogoratzen ari dira herrialde osoan. Beranduago onartu zuten Durangoko Merindadeko eta Enkarterriko Batzar Nagusiek: 1576an. Enkarterriko Museoko zuzendari Javier Barriroren ustez, seguruenik, urte hori «garrantzitsuagoa» da lehena baino: «Orduan jaio zen Bizkaiko lege batasuna». Batzar Nagusiak eta foru aldundia Bizkaiko Foru Berriak ekarritako egituratze horren historia kontatzen dabiltza uda honetan, elkarrekin antolatu dituzten ibilbide historikoetan.

Gernikako batzar etxeko beiratearen aretoa. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Gernikako batzar etxeko beiratearen aretoa. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK

Lehenagotik, Durangoko Merindadeak eta Enkarterrik bazituzten euren foruak. Gerediaga elkarteko Aritz Aranburuk azaldu duenez, 1150 aldera Iruñeko errege-erreginek forua eman zioten Durangoko konderriari. 1342an, berriz, eskualdeko herritarrek idatziz jaso zituzten euren ohiturak eta usadioak. 1452an, Foru Zaharra idatzi zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek; 1526an, berria. «Foru bi horiek eragina izan zuten Durangaldean ere, baina merindadeak, berezitasunei eutsi, eta bere erakunde eta ohiturak mantendu zituen 1628ra arte», azaldu du Aranburuk.

Enkarterriko lehen forua 1394koa da. Lehentxeago idatzi zituzten Bizkaiko Ermandadearen Ordenantzak, herrialdeko foruen aitzindariak. «Erdi Aroko testuinguruan sortu ziren: leinuen arteko gerrak bukatzea zuten helburu. Ondorioz, arauak oso zigortzaileak ziren», azaldu du Barriok. Baina, Enkarterriko Museoko zuzendariaren esanetan, «ez ziren baliagarriak» izan mende aldaketarekin batera sortu zen mundu berrirako. 

Avellanedako batzar etxea, Sopuertan. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Avellanedako batzar etxea, Sopuertan. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK

1503an, Enkarterriko Batzar Nagusiek beren forua berritzeko saio bat egin zuten, baina, Barrioren esanetan, aurrekoak zuen espirituari eutsita. Bizkai nuklearrak, ordea, erabat eguneratu zuen forua Bizkaiko Foru Berria idaztean. Avellanedako batzar etxean beste ahalegin bat egin zuten, eta, hainbat eztabaidaren ondoren, 1561erako idatzi zuten Enkarterriko Foru Berria. Ez zuen askorik balio izan. «Erregeak ez zuen berretsi. Seguruenik, Bizkai nuklearrekoek presio egin zuten horretarako». Azkenean, 1576an, Bizkaiko Foru Berria onartu zuten Enkarterrin ere.

Batasun politikoa, zailago

Lege bakar hura Bizkai osoan aplikatzeak zer garrantzi izan zuen azaltzen diete bisitariei Enkarterriren inguruko ibilbide historikoan: Avellanedako batzar etxean (Sopuerta) hasi, eta Gordexolan bukatzen dute. Lehenengo, jazoera haren ondorioen inguruko berbaldi bat ematen diete juntetxean. Lege batasuna lortuta, Bizkaiko jaurerriaren batasun politiko-administratiboa zen helburua, Barrioren esanetan. Izan ere, Durangoko Merindadeko eta Enkarterriko herriak Gernikako batzarretan parte hartzen hasi ziren, jaurerri osoari zegozkion gaiez eztabaidatuko zen bilkuretara ordezkariak bidalita.

Hala ere, parte hartzea ez zen orekatua, Barriok azaldu duenez. Bizkai nuklearreko elizate bakoitzak ordezkari bat zuen —1630eko Batasun Akordiotik aurrera, Bizkai nuklearreko hiribilduek eta Urduñako hiriak ere bai—. Durangoko Merindadeak 1628an lortu zuen Gernikako batzar etxean modu aktiboan parte hartzea, baina eskualdeko hamabi elizateen izenean ordezkari bi baino ezin ziren joan. Apurka, modua eman zieten ordezkari gehiago izateko, baina sekula ez zuten lortu parte hartzea proportzionala izatea.

Enkarterrin «korapilatsuagoa» izan zen prozesua: Avellanedako batzarrek eta jaurerriak 1801ean sinatu zuten behin betiko batasun politikoa. Ordura arte, Enkarterriko ordezkariak sartu-irtenean ibili ziren Gernikako juntetxean. 1642an, Gordexola eta Gueñes ez ziren Avellanedako batzarrera joan, Gernikakora baizik. Atzetik jarraitu zieten Zallak, Galdamesek eta Hiru Kontzejuek —Santurtzik, Trapagaranen eta Sestaok—. «Bizkai nuklearraren mugakide ziren herriek batasuna gura zuten; urrun zeudenek, Karrantzak, Artzentalesek eta Turtziozek, alegia, ez».

Gordexolako San Juan eliza. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Gordexolako San Joan eliza. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK

Barrioren esanetan, Batzar Nagusietakoa «demokrazia eredugarria» izan zela esaten den arren, azkenean, eliteek agintzen zuten. Haien interesak izan ziren desadostasunen oinarria. Esaterako, Gordexola izan zen Enkarterriko Batzar Nagusietatik desanexionatu zen lehen herria. Gordexolak Avellanedan zuen ordezkaria Urtusaustegi familiakoa zen. Interes komertzialak zituzten Bilbon, eta horregatik elkartu nahi zuten Bizkai nuklearrarekin. Hori guztia azaltzeko, Avellanedatik Gordexolara joaten dira Enkarterriko ibilbide historikoan . Besteak beste, eliza bisitatzen dute han, elizpean biltzen baitzen Gordexolako Kontzejua. 

Prozesu motelak

Gernikako Euskal Herria museoko zuzendari Leire Irazabalen esanetan, «ohikoak» ziren horrelako batze prozesuak. «Gaur egun ezagutzen ditugun herrialdeak apurka osatu ziren. Inguru haietako jendeak antolatutako leku horiek Durangaldea eta Enkarterri bihurtu ziren, bakoitza bere egiturarekin. Apurka, Bizkaian sartuz joan ziren, gero Bizkaia bera ere beste lurralde batzuetan integratu den modura». Gordexolan Enkarterriko kontzejuen osaera eta funtzionamendua ikusten duten legez, Gerediaga elkarteko Aritz Aranburuk Durangaldearen egituratzea azaltzen du Gerediaga elkarteak Durangaldean eskaintzen duen ibilbide historikoan. Lau geldialdiko bidea egiten dute.

«Goi Erdi Aroan, inguruko etxeetan bizi zirenak elkartzen hasi ziren. Lehen komunitate politiko haien helburua zen elkarlana bultzatzea, bizirik irauteko. Etxe bakoitzeko ordezkariak batzarrean biltzen ziren tenpluan. Horrela sortu ziren kofradiak, VIII. mendetik IX. mendera», azaldu du Aranburuk. Garaiko Momoitio zen horietako bat, eta hango San Joan ermitan hasten dute ibilbidea.

Gerediagako foru zelaia, Abadiñon. TXELU ARGOITIA / GEREDIAGA ELKARTEA
Gerediagako foru zelaia, Abadiñon. TXELU ARGOITIA / GEREDIAGA ELKARTEA

Tenplua zen komunitatearen ardatza. Jaioberriak han bihurtzen ziren kofradiako kide, bataioaren bidez, eta han ehorzten zituzten hildakoan. Baina elkarrengandik gertu zeuden kofradiek interes komunak zituzten, eta elkarlanean aritzea ere komeni zitzaien. Beraz, XI. mendetik XIII.era bitartean batzen hasi ziren. Eliza nagusi bat aukeratzen zuten, eta haren atarian egiten zituzten bilkuretatik dator egitura berriaren izena: elizatea. Garaiko San Migel Goiaingeruaren eliza eta Elizabarriko San Joan bisitatzen dituzte bigarren geldiunean —parrokia zaharra eta berria, alegia—.

XI. mendeko agiri batean zera irakur daiteke Eneko Lopitz Bizkaiko lehen jaunari buruz: Dux in illia piltria que uoatatur Bizcaia et Duranco (Bizkaia eta Durango deitzen den lurralde hartako buruzagia). «Esaldi horrek erakusten du Bizkaia eta Durangaldea lurralde bereiziak zirela», nabarmendu du Aranburuk. Beraz, Garaik eta inguruko elizateek ere bazuten batasunerako esparru politiko-administratiboa: Durangoko konderria. Kofradien izenak txapel batean sartzen zituzten, eta zozketa egiten zen. Horrela aukeratzen zen fidela, hau da, elizate bakoitzak Gerediagako Batzar Nagusietan izango zuen ordezkaria.

Guztira hamabi elizate ziren, gaur egun Gerediagako foru zelaian ikusgai dauden harriak beste. Han du ibilbideak hirugarren geldialdia. Aranburuk uste du XI. eta XIII. mendeen artean hasi zirela batzar horiek egiten. «Fidelak urtean hiru bider elkartzen ziren Durangaldean zeuden beharrez eztabaidatzeko».

Astolako auzitegia, Abadiñon. TXELU ARGOITIA / GEREDIAGA ELKARTEA
Astolako auzitegia, Abadiñon. TXELU ARGOITIA / GEREDIAGA ELKARTEA

Baina hamabi elizateek ez ezik, lau hiribilduk ere osatzen zuten Durangoko Merindadea: Durango, Ermua, Elorrio eta Otxandio. Beraz, eskualdea gobernatzeko beste egitura bat behar zuten. Lehenengo, Tabira Uribarrin —Durangon— ipini zuten auzitegia, Kurutzesantu inguruan. XVII. mendean, Joana I.aren aginduz, Abadiñoko Astola dorretxera lekualdatu zuten. Han bukatzen da Durangaldeko ibilbide historikoa: han egiten ziren merindadeko elizateen eta hiribilduen bilkurak, han bizi zen teniente korrejidorea, eta han egiten zuten justizia.

Herriaren ordenamendua

Euskal Herria Museoko zuzendariaren ustez, Bizkaiaren historia ezezaguna da egungo bizkaitar gehienentzat, eta hori aldatu gura dute ibilbide historikoen bitartez. Nabarmendu duenez, «asko hitz egiten da» Foru Berriak bizkaitarrei emandako eskubideei buruz, baina «askoz gauza gehiago» ere biltzen zituzten: «Herriaren eta lurraldearen antolaketa ere arautzen zuten. Adibidez, errege bideak zelan mantendu, auzolana zelan egin, herriek basoekaz zer konpromiso zuten… Tradizioan oinarrituta herriak berak sortutako ordenamendua zen; ez zen errege batek edo jaun batek ezarritakoa».

Horregatik, Bizkaiko jaun eta andreek forua onartu behar izaten zuten. «Foruan bertan idatzita zegoen formula erabilita, zin egiten zuten hemen zeuden legeak eta ohiturak mantendu eta errespetatuko zituztela». Hori egiteko erritua ere foruan zehaztuta zegoen: lau leku sinbolikotan egiten zuten ekitaldia. Eta horixe du ardatz hirugarren ibilbide historikoak: zin bidea. Bilbon hasten dute txangoa, Zamudioko atea zegoen lekuan. Handik, Larrabetzuko Goikoelexaldeko San Emeterio eta San Zeledonio elizara joaten dira. Hirugarren geldialdia Gernikako juntetxean egiten dute. Hara bidean, Morgako Aretxabalaganatik pasatzen dira: Irazabalek azaldu duenez, han itxaroten zion «Bizkaiko herri osoak» jaun edo andre berriari, elkarrekin Gernikara joateko. Leku sinbolikoa zen, Gernikan baino lehen han elkartzen zirelako Batzar Nagusiak. Bermeoko Santa Eufemia elizan bukatzen da ibilbidea.

Zamudioko Atari Zaharra kalea, Bilbon. Han egon zen hiribilduko harresiko Zamudioko ataria, eta han egiten zuten Bizkaiko jaun eta andreek lehen zina. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Zamudioko Atea kalea, Bilbon. Han egon zen hiribilduko harresiko Zamudioko atea, eta Bizkaiko jaun eta andreek han egiten zuten lehen zina. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Asko izan ziren bide hori osatu zuten jaun eta andreak. «Ez da ziurra, baina esaten da Fernando Katolikoak Alegria dorretxean hartu zuela ostatu Gernikara etorri zenean jaun karguaren zina egitera». 1717an erre egin zen eraikina, eta, haren ordez, jauregi barroko bat eraiki zuten, Euskal Herria museoaren egungo egoitza. Eraikin horrek ere lotura zuzena du Bizkaiko Foru Berriarekin, Irazabalen esanetan: «Hemengo jaun Iñigo Ortiz de Ibarguen izan zen eskribauetako bat». Testua Bilbon idatzi zuten, Martin Saenz de la Naja merkatari eta armadorearen etxean. Gernikako juntetxean onetsi zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek, 1526ko abuztuaren 21ean. Gaur, bost mende. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA