Mikel Hidalgo (Bilbo, 1993) izango da EAJk Bilboko alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia 2027ko maiatzean egingo diren udal eta foru hauteskundeetan. Atzo amaitu zen hautagai izendatzeko barne prozesua, eta Bilboko hamahiru Uri Erakundeek babesa eman zioten. Juan Mari Aburtok laugarren agintaldirako alkategai izango ez zela iragarri ostean, alderdiak haren lekukoa hartuko zuen pertsona aukeratzeko prozesua hasi zuen ekainaren 8an.
Ezustekorik gabeko prozesua izan da, eta Uri Erakunde guztiek aho batez berretsi dute alderdiak aurkezturiko hautagaia. Hidalgo hautagai bakarra izan da; izan ere, oinarriek beste batzuk proposatzeko aukera izan duten arren, ez da izan halakorik. Hautagai horrekin, EAJk aro berri bat hasiko du Bilbon, Aburto 2015etik baita alkate.
Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko presidentearen ustez, EAJk Bilborentzako «hautagairik onena» aukeratu du. Haren hitzetan, Hidalgo ondo prestatuta dago kargurako. «Ikuspegi estrategikoa du, eta gidatzeko eta erabakiak hartzeko gaitasuna erakutsi du», nabarmendu du BBBko presidenteak.
Hidalgo 2011tik dago EAJn afiliatuta, 33 urte ditu, eta euskalduna da. Bilbon bizi da, eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua lortu zuen Deustuko Unibertsitatean. Pricewaterhouse Coopers enpresan hasi zuen ibilbide profesionala, finantza auditore gisa. Seed Capitalen ere jardun zuen, inbertsioen eta kudeaketa zorroen analista moduan. 2022tik, ordea, Eusko Jaurlaritzari lotuta dago. Aholkulari gisa jardun zuen lehenik Iñigo Urkullurekin, eta Nazio Batuen 2030erako Agendaren arduraduna da gaur egun Imanol Pradalesen gobernuan.
Edonola ere, Bilboko politikarekin harremana du Hidalgok, iazko urtearen amaieratik EAJk Bilboren etorkizunaren oinarriak ezartzeko garatu duen hausnarketa prozesuaren arduraduna izan baita: Bilbao 2040 du izena. Gaur egun, NBEren High Level Political Forumen Euskadi ordezkatzeko trebatzen ari da.