Angeluko Carrefourreko langileen lan baldintzak, okerrera

Iragan abenduan, mobilizatzera deitu zuen CFDTk, BAB2 merkataritza guneko Carrefour dendako langileen lan baldintzak salatzeko. Langileak 2022tik ari dira batailan baldintzen hobetzeko, baina oraindik deus ez da aldatu.

Carrefourreko langileen greba, Angeluko BAB2 saltokian, abenduaren 20an. BERRIA
Carrefourreko langileen greba, Angeluko BAB2 saltokian, abenduaren 20an. BERRIA
julene muruaga
2026ko urtarrilaren 23a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragan abendu erditsuan, Angelun den BAB2 merkataritza gune aitzinean, 150 bat langile mobilizatu ziren, bertan den Carrefourreko langileen lan baldintzen okertzea salatzeko. CFDT sindikatuak zuen grebaren deialdia egin.

2022ko apirilaren 1ean, BAB2 salmenta guneko Carrefour denda alokantza-kudeantzakoa bihurtu zen: Guynadi taldeak berrartu zuen supermerkatua, Yannick Rambeau zuzendari nagusi izanik. Isabelle Martins CFDT sindikatuko ordezkari eta Carrefourreko langileak esplikatu du langileen egoera erabat aldatu zela: «Carrefour taldeak kanporatu dituen langile horietako bat naiz».

Saltzaileak esplikatu duenez, saltegi bat alokantza-kudeantzako bihurtzen delarik, berez, berrartzen duenak ditu langileen kudeaketak egin behar, haien arazoen kudeaketa barne. Alta, Angeluko Carrefourren kudeatzaileek ez dute halakorik egin. «Gure denda alokantza-kudeantzako bihurtu denetik, gure baldintza guztiak okertzen ari dira. Aldaketa erabaki ekonomiko gisa aurkeztua izan zitzaigun, baina erabakiaren gibelean alimaleko berregituratze bat kukutua zen: lanpostuak kentzea, lan baldintzen kaltetzea eta langileen abantaila kolektiboen galtzea, besteak beste». Aldaketa aitzin, 349 langile ziren dendan; egun, 111 dira.

«Nahiz eta finantza ahalmenak indartuak izan eta emaitza ekonomiko onak lortu ditugun, guk, langileok, uste dugu gure lana eta gure parte hartzea ez direla kontuan hartuak, bereziki lansarietan eta gainbalioen banatzeari dagokionez. Orokorrean aitortza falta badela iruditzen zaigu», azaldu du Martinsek.

Hori guztia dela eta, langileek ordua hartu zuten zuzendaritzarekin desadostasunak eta eskabideak aipatzeko. Lehen bilkura egin zuten, langileak beren arazoei buruz aritu ziren, eta eskubide gehiago eskatu zituzten. Bigarren bilkuran, zuzendaritzak uko egin zion langileek eskatu ziotenari. Bi bilkuren ondotik «deus» ez dela gertatu esplikatu du sindikatu kideak: «Horretan gelditu da dena. Deus ez da pasatu geroztik». Berriki, lan ikuskaritzarekin ordua hartu dute, eta Martinsek espero du kanbiamendu batzuk izanen direla.

Erantzunik ez

Lan gatazkari aurre egiteko, Carrefourreko langileak mobilizatu ziren, CFDT sindikatuak deituta, iragan abenduaren 20an, Eguberri garaian. Salatu zuten enpresak irabaziak izan arren ez dietela lansaria emendatu, eta lan baldintzak okertzen ari direla. Orotarat, 150 bat langile elkartu ziren.

Nahiz eta mobilizazio «masiboa» izan, zuzendaritzak ez die kasurik egin, eta «uko egin» dio solas orori. «Horrek erakusten du ez dela elkarrizketa sozialik, ezta langileenganako begirunerik ere». Horrez gain, Martinsek azaldu du greba egunean zuzendaritzak ukan zuen jarrera deitoragarria dela: «Greba eta mobilizazio egunean, zuzendaritzak ezohiko jarrerak ukan zituen. Adibidez, behingoan, zuzendaritzak errege bixkotxa oparitu zien greba egiten ez zutenei. Greba egiten ez dutenak eskertzeko bezala. Guk ez dugu erantzunik ukan, eta besteek sostengua errezibitu zuten». 

Ez ulertze batean kokatuak dira oraindik. «2022tik ari gara borrokan gure baldintzen alde. Baina parean, erantzunik ez dugu. Elkarrizketa soziala berpiztu behar da, eta gure lanaren aitortza bat behar dugu, konfiantza giro bat lortzeko dendan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA