Azaroaren 17ra gibelatu dute U-14 kolektiboko lau kideren kontrako epaiketa. Astearte honetarako zuten zita Baionako auzitegian, baina, abokatuak dokumentuak beranduegi jaso dituela iritzita, auzi saioa udazkenera pusatzea erabaki du epaileak. Iazko uztailaren 14an Ezpeletan (Lapurdi) baimenik gabeko manifestazioa egin eta Poliziaren kontrako jarrera izatea leporatzen diete auzipetuei.
Auzi gelara sartu aitzin, U-14ko kideek adierazi dute haien kontrako prozedurak «argi» erakusten duela Frantziako Estatuak «jardun politiko eta militantea kriminalizatu» nahi duela. Baieztatu dute «ahots disidenteak isilarazteko» edozein tresna martxan jartzeko prest direla. «Iritzi publikoari erakutsi nahi diote zein pertsona arriskutsuak garen, prest garela gauza biziki larriak egiteko».
Alta, istilurik gabe iragan zen iazko uztaileko mobilizazioa. «Egin dugun bakarra da aldarrikatzea Euskal Herriaren independentzia bide sozialista batetik lortu nahi dugula», adierazi dute. «Hori da U-14 kolektiboak egiten duena; horrek ditu trabatzen. Instituzioetatik kanpo mugitzeak, etsaiak inposatutako joko arauetatik kanpo».
Halaber, manifestaldi hartan aldarrikapen herrikoiak egin zituztela baieztatu dute, eta «gazteriak bere egiten dituen iritzi zilegiak» plazaratu zituztela. «Horrek boterea trabatzen badu, erran nahi du nolazpait kolektiboak ongi egiten duela bere lana».