Izanen ote da Baionako auzapeza ezkerrekoa, abertzalea eta euskalduna? Horrela idatzia sinesgaitza iduri lezake, baina posible da. Bigarren itzulirako aliantza eginik, ezkerrak aukera historikoa du herriko etxea bereganatzeko. Eta, hori gertatuko balitz, Jean Claude Iriart EH Baiko kidearen esku litzateke herriaren buruzagitza.
Igandean izan zen herriko bozen lehen itzulia, eta Lapurdiko hiriburuan Jean Rene Etxegarai gailendu zen, bozen %42 bilduta. Ondotik, ezkerreko bi hautagaiak: Iriartek %22 lortu zuen, eta Henri Etxetok %21,4 inguru. Ordutik elkarrizketan aritu dira, eta astearte goizerako akordioa lortu zuten bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko. Iriart izanen da zerrendaburua.
Eta aukerak baditu, aukera errealak, igandean irabazteko. Ezkerreko bi hautagaiek lehen itzulian eskuratutako botoei intsumisoenak gehitzen ahalko zaizkie bigarren itzulian. Eta ezkerra batzeak aldeko dinamika bat ere eragin dezake: lehen itzulian izandako abstentzioa mobilizatzea. Izan ere, %46koa izan zen abstentzioa. Baiona iparraldeko auzo popularretan da parte hartzea apalena.
2014ko eta 2020ko porroten ondotik, sekulako erronka du Baionako ezkerrak esku artean. Baina eragina ez da Baionara mugatzen. Etxegaraik alkatetza galduko balu, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaritza ere kolokan legoke. Nekez irudika liteke Baionako oposizioko hautetsi bat izatea elkargoan lehendakari.
Lapurdi kostaldeko eskuinak beste hautagaitza proposa lezake kasu horretan. Baina nor? Angeluko Claude Olive? Bidarteko Emmanuel Alzuri? Donibane Lohizuneko Jean François Hirigoien? Bakar batek ere ez du Etxegarairen figura bateratzailea.
Kanbon irabazita, Peio Etxeleku lehian sartuko da, eta herri txikien ordezkaritza defenda dezake. Ezkerreko abertzaleek ere Alain Iriart aurkez dezakete, eta badu zabalago batzeko gaitasuna.
Etxeleku, Iriart... Euskal Elkargoko hurrengo lehendakaria abertzalea eta euskalduna izan daiteke.
Anitz dago jokoan igande honetan.