Euskal Konfederazioak beste fase bat abiatuko du, euskararen koofizialtasuna ardatz harturik

Iragarri dute azaroaren 21ean mobilizazioa eginen dutela Baionan. Akordio zabalak erdietsi nahi dituzte, eta Ipar Euskal Herriko erakundeetan eragin.

Euskal Konfederazioaren prentsaurrekoa, Baionan. NAHIA GARAT
Euskal Konfederazioaren prentsaurrekoa, Baionan. NAHIA GARAT
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko urtarrilaren 26a
12:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Instituzioetan eragin, eta karrikan mobilizatu. Euskal Konfederazioak beste fase bat hasiko duela iragarri du Baionan egin duen prentsaurrekoan. Euskararen koofizialtasuna ardatz izanik, Ipar Euskal Herrian akordio zabalak lortzen entseatuko da ondoko hilabeteetan, eta iragarri dute azaroaren 21ean manifestazio handi bat antolatzeko mentura izanen dutela. «Garai hau giltzarria izanen da, bai baitakigu euskararen etorkizuna zein izanen den orain ez badugu zerbait egiten. Euskaldunak eta euskaltzaleak aktibatu behar ditugu, beste urrats bat, beste jauzi bat egiteko. Gure helburua izanen da Euskal Konfederaziotik hori bultzatzea», adierazi du Ihintz Oliden Konfederazioko zuzendaritzako kideak. 

Barne gogoetan jardun dute azken urte eta erdian, egoeraren analisi bat adosteko, etorkizunerako erronkak finkatzeko eta konfederazioaren antolaketa berrikusteko. Larunbatean egin zuten biltzar nagusia, eta aho batez onartu zuten norabide berria biltzen duen txostena

«Garai hau giltzarria izanen da, bai baitakigu euskararen etorkizuna zein izanen den orain ez badugu zerbait egiten. Euskaldunak eta euskaltzaleak aktibatu behar ditugu, beste urrats bat, beste jauzi bat egiteko.»

IHINTZ OLIDEN Euskal Konfederazioko kidea

Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileak biltzen dituen taldeak berretsi du euskara larrialdian dagoela Euskal Herrian. «Diagnostikoa aspaldikoa da, eta azken datuek berresten dute: hiztun kopurua eta erabilera ahultzen ari dira, bereziki Ipar Euskal Herrian», esplikatu du Sebastien Castet Konfederazioko koordinatzaileak. Azken inkesta soziolinguistikoaren datuak daude hor: hiztunen proportzioa apaldu eta apaldu ari dela erakusten dute. Baina agerian eman dute egoera zein zaila den arloz arlo ere, izan hezkuntzan, izan helduen irakaskuntzan, izan hedabideetan, eta izan aisialdian, besteak beste. 

Euskal Konfederazioaren biltzar nagusia, larunbatean, Kanbon. GUILLAUME FAUVEAU
Euskal Konfederazioaren biltzar nagusia, larunbatean, Kanbon. GUILLAUME FAUVEAU

Arazoaren muina argia da, konfederazioko kideen iritziz: gaur egun indarrean diren hizkuntza politikek ez diote behar bezala erantzuten euskararen biziberritzeak eskatzen duen erronkari. «Tresnak, baliabideak eta lege koadroa ez dira aski euskararen gainbehera gelditzeko eta susperraldi sendo bati bide emateko», Olidenen erranetan. EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontuaren inguruan azken bi urte hauetan izandako gorabeherak dira horren erakusgarri. Azkenerako, egoerak eskatzen duen baino askoz ere gutxiago emendatu dute EEP osatzen duten erakundeen ekarpena. «Trufa hutsa» dela salatu zuen Konfederazioak. 

Hori guzia kontuan hartuta, Euskal Konfederazioak uste du euskalgintzak, eta euskaltzaleek oro har, beste fase batera salto egin behar dutela. Hiru erronka nagusi finkatu dituzte: euskara lehentasun politiko eta sozial bihurtzea, hiztun berriak masiboki sortzea, eta euskaraz bizitzeko baldintzak bermatzea egunerokoan eta arlo guztietan. 

Adostasuna lortu nahirik

Ondoko hilabeteetan abiatu nahi duten faseari dagokionez, funtsezkotzat jo dute euskara koofizial izateko eskariari beste bultzada bat ematea, eta, horretarako, euskaldunen hizkuntza eskubideei garrantzia ematea. Helburu hori betetzeko, adostasun zabalak lortu nahi dituzte Ipar Euskal Herrian. Udaberritik aitzina, harreman ziklo bat abiatuko dute Ipar Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalekin. «Helburua argia da: Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzearen aldeko gehiengo bat lortzea, hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen lege koadro baten bidean».

Joan den urrian Baionan egin zuten bilkuran, helburu hori ezarri zuten Frantziako Estatuaren meneko lurraldeetan diren hizkuntza gutxituetako eragileek ere. Orain arte Frantzian izan diren bilakaerak aztertu zituzten, eta denek uste dute, oro har, konstituzioaren 2. artikulua aldatzea «funtsezkoa» dela zinezko aitzinamendu batzuk izateko

Baina herritarrak ere mobilizatu nahi ditu euskalgintzak, eta iragarri dute heldu den udazkenean mobilizazio erraldoi bat antolatuko dutela Baionan, euskararen koofizialtasunaren alde indarrak biltzeko. «Euskaltzale guziek agendan idatz dezatela eguna: azaroaren 21ean Baionako karrikak betetzera joan behar dugu», adierazi dute.

Hizkuntza politiketan eragin

Baina lehen urratsa herriko bozetan eginen du Euskal Konfederazioak. Tokian-tokian aurkeztuko diren hautagaiak interpelatuko dituzte euskararen aldeko barometro baten bidez, herrietan aurkeztuko diren zerrendek engaiamendu jakin batzuk har ditzaten. «Helburua da herriko etxeetan euskararen aldeko hizkuntza politika ausartak garatzea», zehaztu du Castetek.

«Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontuaren inguruan hartu diren erabakiek ez gaituzte asetzen. Eta argi diogu: bataila ez da bukatu»

SEBASTIEN CASTET Euskal Konfederazioko koordinatzailea

Horrez gain, ezinbestekotzat jo dute baliabideak ezartzea Ipar Euskal Herrian hizkuntza politika ausart bat garatzeko. «Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontuaren inguruan hartu diren erabakiek ez gaituzte asetzen. Eta argi diogu: bataila ez da bukatu», ohartarazi du Castetek. abenduko biltzar nagusian, EEPk berak helburu gisa finkatu zuen 2050erako hiztun kopurua %30era heltzea. «Hori lorgarri egiteko baliabideak ezartzera bultzatu beharko ditugu ondoko hilabeteetan».

Azkenik, oroitarazi dute Euskal Konfederazioa Batera plataformaren partaide dela, eta plataforma hori lanean ari dela Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalean beste jauzi bat egitearen alde. «Jauzi horrek bermatu beharko luke euskararen aldeko hizkuntza politika anbiziotsu bat egitea, eta Ipar Euskal Herriko lurraldeak euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuko lituzkeen estatus juridiko bat lortzea», adierazi dute Konfederazioko kideek.

Azalpenaren titulua edo galdera?

Euskal Konfederazioko kideak

 

Hauek dira Euskal Konfederazioa osatzen duten euskalgintzako kideak:

  • AEK
  • Berria
  • Bertsularien Lagunak
  • Biga Bai
  • Euskal Haziak
  • Euskal Hedabideak
  • Nafarroa Behereko Euskal Herrian Euskaraz
  • Konkolotx
  • Mintzalasai
  • ON! Piztu euskara(z)
  • Plazara
  • Seaska
  • Taupa
  • Uda Leku

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.