Herriko bozetan lehia irekiak espero ziren zenbait herritan, eta hala izan da. Pronostiko batzuk bete dira, baina ezusteko bat baino gehiago ere gertatu dira han eta hemen. 2020ko bozak COVID-19aren pandemiak markatu zituen, eta parte hartzea apala izan zen; testuinguru hartan lortu zituzten garaipenak ezkerreko abertzaleek. Azken urteetan bozetan izan duten bilakaera berrestea zen aurten zuten erronka nagusia. Emaitza baikorrak azpimarratu ditu EH Baik, eta ez dira txarrak izan; baina badute gazitik, gozotik bezainbat. Zenbait herritan, herriko etxeak atxikitzea lortu dute, hala nola Uztaritzen, Ziburun, Biriatun eta Donapaleun; eta bi garaipen lortu dituzte Lekuinen eta Senperen. 2020ko bozen ondotik, hamabost auzapez ziren ezkerreko abertzaleak; aurten, 21 dituzte jadaneko. Aipagarriak dira Hendaiako emaitzak —2014koei eta 2020koei konparaturik, mila boto baino gehiago irabazi dituzte—; Hazparnen ere emendatzea izan dute —ez zen zaila—, eta BAM eremuan ere lorpenak izan dituzte: Angelun ezkerreko abertzale gisa aurkeztu dira, eta bi hautetsi izanen dituzte; Bokalen, ezkerreko batasuna gailendu da lehen itzulian, eta komunistekin aliantza egiten badute irabaz dezakete; Miarritzen, Ana Ezkurra ekologista buru duen zerrendak pisua ukanen du bigarren itzulirako lehian; Baionan, arnasestuka, baina Jean Claude Iriart da ezkerreko lehen indarra.
Baina horiek guziek nekez kukutuko dituzte beste zenbait lekutan ezkerreko abertzaleek izan dituzten kolpeak eta dezepzioak. Urruñan lehenik: herriko etxea gal dezake Filipe Aramendik. 2020an baino 300 boto gehiago izan dituela azpimarratu dute EH Baiko ordezkariek, baina hori lehen itzuliko emaitzen alderaketa da; bigarren itzulian garaipena eman zioten emaitzekin konparatuta, galera izan du Aramendik. Sebastien Etxebarnek, haatik, 800 boto zakuratu ditu sei urteotan. Zuzen da pentsatzea herritar batek baino gehiagok haren kudeaketa zigortu nahi izan dutela. Politikan ala komunikazioan —seguruenik bietako batean, gutxienez—, ez du asmatu.Â

Azkainen ere bazuen esperantza EH Baik, eta Elorri Manterolak emaitza txukunak bildu ditu; baina nekez gailenduko zaio Benedicte Luberriagari bigarren itzuliko lehian. Maulen ere, Beñat Elkegarai abertzalea Louis Labadot auzapezarekin lehian ibiliko zela espero zuten batzuek, baina alde nabarmena atera du PCFko figurak. Ahetze gutxigatik galdu dute abertzaleek, eta Arbonan, lehian badaude ere, aukera gutxi daude Beñat Arla gailentzeko.
Azkenik, Kanbon, hirugarren lekuan gelditu dira ezkerreko abertzaleak. 2020an alternatiba gisa aurkeztu ziren Christian Devezeren aitzinean, baina, triangularraren eskeman, 2014an izan zituzten emaitzetara izan dituzte berriz; ez dute haiek galdu: Peio Etxelekuk irabazi du. Marieneko gatazkan lehen lerroan ibili dira Nahi Dugun Herria taldeko kideak; Etxelekuk arrazoia eta baretasuna ordezkatu ditu beharbada, enpresaburu izateak batzuen begietan ematen dion errespetagarritasuna gehituta. Urteetan zentro-eskuinaren esku izan den herri bat izaki, horrek garrantzia izan duela pentsa liteke. Askorik arriskatu gabe erran daiteke hura izanen dela Kanboko ondoko auzapeza; elkargoko lehendakaritzaren lehian sartu nahiko du ondotik.
Etxeto gibelean, baina indarturikÂ
Baionan, EH Baiko Iriart buru zuen batasuna gailendu da ezkerrean, baina Henri Etxetoren figura indartu dute igande gaueko emaitzek; 117 botoren aldea besterik ez da bi hautagaien artean. Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan arrakasta izandako NFP Fronte Popular Berriak bazter utzi zituen frantziar nazionalista jakobinoak Ipar Euskal Herrian. Herriko bozetan konfigurazio hori berrestera entseatu dira, baina Etxetok erakutsi du baduela giharra. 2014an, 5.619 boto eskuratu zituen —Iriartenak eta ezkerreko frontearenak batuta, 2.586 boto izan ziren—; 2020an, Mathieu Berge eta Sophie Herreraren sektorea galdu zuen, eta, aurten, Colette Capdviellerena, eta hala ere kasik-kasik ezkerreko batasunaren heinera iritsi da.

Funtsean, bilakaera gutxi izan du ezkerreko bozak 2014tik: 8.205 boto izan ziren orduan, eta 8.265 izan dira orain. Abstentzioa duela hamabi urte baino hiru puntu handiagoa izan da aurten, baina bi mila boz gehiago izan dira —7.000 jende gehiago bada erroldan—. Bigarren itzulirako ezkerra batuko balitz, aukera izan lezake abstentziotik boz kopuru esanguratsu bat biltzeko. Baina, horretarako, akordioa lortu behar da lehenik. Azken hamabi urteetan, horren alde zela erran du Etxetok behin eta berriz; baina aurten bigarren posiziotik negoziatu beharko du. Ez litzateke harritzekoa egoen borroka bururaino eraman nahi izatea, eta bigarren itzulian hautagaitza atxikitzea, LFIren botoak bereganatu eta ezkerrean nagusitasuna berak duela frogatzeko helburuarekin.Â
Ezkerreko hautagaiak batzera deitu ditu Bergek; EH Baik ez dio aterik itxi aliantzari. Elkarrizketan hasiak dira bi zerrendetako kideak, baina gaur ez dute adierazpenik egin nahi izan oraingoz.
Elkargorako lehia
Eskuineko zenbait auzapezek beherakada izan dute aurtengo bozetan, eta aldaketak izanen dira herri batean baino gehiagotan. Goizegi da neurtzeko zein heinetarainoko eragina izanen duen Euskal Elkargorako lehendakariaren hautaketan, baina batek baino gehiagok aterako zuen kalkulagailua dagoeneko. Baionako eta Miarritzeko bigarren itzuliko emaitzak erabakigarriak izanen dira, ezbairik gabe. Osa daitezkeen aliantzen arabera, aukera guziak mahai gainean daude, eta bi hirietan aldaketak izan daitezke boterean.Â