Otsailaren 6tik 22ra neguko kirolen hiriburu izango da Milan, eta, hedaduraz, halaxe izango da Dolomitak mendigunea ere. Milan-Cortina d’Amepezzon egingo dira aurten Neguko Olinpiar Jokoak. Hamasei kirol diziplina, ehun proba baino gehiago eta 93 herrialdetako 3.500 kirolari, 195 olinpiar domina eskuratzeko lehian. Kirol probak, berez, otsailaren 4an abiatuko dira, baina 6an piztuko da zuzi olinpikoa. Aurten, gainera, bi lekutan aldi berean piztuko da: batetik Milanen, Bakearen Arkuan, eta, bestetik, Cortina d’Ampezzoko Dibona plazan. «Erabateko sinkronian piztu eta itzaliko dira bi suak, ekitaldi honetako egoitzen arteko solasaldi etengabea omentzeko», adierazi du batzorde antolatzaileak.
Izan ere, Milan-Cortinako jokoetan, hainbat egoitza izango dira. Hiriko instalazioetan jokatzekoak diren proba gehienak Milanen bertan egingo dira, eta mendiko probak, besteak beste, Cortina, Tofane, Livigno, Anterselva, eta Verona inguruko estazio eta mendietan jokatuko dira. Sakabanaketa hori logistika sare zabala ezarrita egituratu dute antolatzaileek (garraioa, ostatua eta abar), baina, nolanahi ere, herrialdeen ordezkaritzek, ikusleek eta komunikabideek batetik bestera mugitzen ibili beharko dute. Orobat, erronka operatibo handiak ere eragingo ditu 17 egunetan: egutegiak eta ondoz ondoko probak koordinatzea, elurraren kudeaketa...
Bost euskal kirolari
Bost euskal kirolari ariko dira Neguko Olinpiar Joko hauetan: Lucas Egibar Breton (Donostia, 1994) eta Alvaro Romero Villanueva (Donostia, 2003) snowboard kros modalitatean; Arrieta Rodriguez Elosegi (Donostia, 2002) eski alpinoan, eslalomean zehazki; Manex Salsamendi Silva (Rio Branco, Brasil, 2002) euskal brasildarra iraupen eskian; eta Daniel Milagros (Iruñea, 2002) izotz gaineko patinajean, abiadurako proban zehazki.
Ikusi gehiago
Manex Salsamendi Silva bi probatan lehiatuko da. Otsailaren 10ean, asteartea, esprint modalitatean ariko da, Tesseroko iraupen eskiko pistetan. Sailkapeneko probak 09:55ean hasiko dira, eta finala 13:25ean izango da. Otsailaren 13an, ostirala, berriz, 10 kilometroz estilo librean ariko da, 11:45etik aurrera. Lucas Egibar eta Alvaro Romero otsailaren 12an lehiatuko dira, Livignoko egoitzan. Goizeko 10:00etan hasiko dira sailkapeneko probak, eta 15:00etan izango da final handia. Arrieta Rodriguez otsailaren 18an ariko da eslalomeko proban, Tofaneko eski alpinoko pistetan. 10:00etan hasiko dira kanporaketak, eta 15:10ean finala. Daniel Milagros patinatzailea, azkenik, otsailaren 11n lehiatuko da, 1.000 metroko abiadurako proban. Milango eski estadioan jokatuko da proba, 18:30ean.

Bost horien artean, snowboard kros modalitatean izan dezakete aukeraren bat euskal kirolariek domina kolkoan dutela itzultzeko. Lucas Egibarrek jada bi diploma olinpiko ditu, Sotxin eta Pekinen lortuak —zazpigarren izan zen bietan—, baina erakutsi du edozer lortzeko gaitasuna duela: 2021ean Munduko Txapelketa irabazi zuen, eta aurrez beste bi zilar ere eskuratu zituen 2017an Sierra Nevadan egindako Munduko Txapelketan. Munduko Kopako azken proban erorikoa izan zuen, baina «sasoiko eta oso ondo» dagoela adierazi du. Alvaro Romero gazteak ere, hautatzaileek nabarmendu dutenez, badu gaia oilarren artean ibiltzeko. 2023an bigarren izan zen Munduko Kopako proba batean, Suitzako Veysonnaz estazioan, eta handik bi astera, junior mailako munduko txapeldun, Passo San Pellegrinon (Italia). Ikus beharko da, beraz, zertarainoko gai den bere lehen Olinpar Jokoetan.
Snowboard kros modalitatean, gizonezkoetan, Eliot Grondin kanadarra —2024ko eta 2025eko Munduko Kopako txapelduna—, Adam Lambert australiarra —gaur egungo rankingeko liderra—, Alessandro Haemmerle austriar beteranoa —egungo txapeldun olinpikoa— eta Jonas Cholet frantses gaztetxoa izan daitezke Egibar eta Romeroren aurkarietako batzuk. Emakumezkoetan, berriz, Charlotte Bankes britainiarra, Josie Baff australiarra eta Julia Nirani-Pereira frantsesa ageri dira gaur egun Munduko Kopako sailkapenaren buruan.
Mendiko eskia lehen aldiz Olinpiar Jokoetan
Ohiko diziplinez gain, berriak ere izango dira; mendiko eskia, adibidez. Kirol horretan, Jokoen atarian geratu zen Iñigo Martinez de Albornoz, ziklo olinpiko osoan postu oso onak eta ibilbide ederra osatu arren. Mendiko eskia betidanik mendiari oso lotutako diziplina izan bada ere, azken urteotan, eta batez ere Olinpiar Jokoei begira telebistako formatu ikusgarriagoak lortu nahiak eraginda, esprint modalitatea eta bertikala ari dira nagusitzen. Horrek ezinegona piztu die hainbat mendiko eskiatzaileri, mendiko eskiaren espiritua galtzen ari dela uste baitute. Gogoangarria izan zen, esaterako, William Bon Mardion munduko txapeldunak iaz Munduko Kopako Andorrako proban izan zuen keinua: «Hau ez da mendiko eskia».
Olinpiar Jokoetan mendiko eskiko bi proba izango dira: esprinta otsailaren 19an eta errelebo mistoa 21ean. Bormio eski estazioko Stelvio pistan jokatuko dira biak. Emakumezkoetan, zaila dirudi Emily Harrop frantsesari inork itzal egitea. Mendiko eskiatzaile osoa da Harrop, ez soilik esprinterra, eta Munduko Kopan azken urteetan ez du aurkaririk izan. Margo Ravinel herrikidea eta Giulia Murada italiarra izan ditzake aurkari nagusiak.
Gizonezkoetan, estuagoa aurreikusten da lehia. Oriol Cardona katalana da faborito nagusietako bat: iaz Munduko Kopako irabazle izan zen, zortzi probatatik sei irabazita, baita munduko txapeldun ere. Aurten ere oso sasoiko dago —Munduko Kopako Courcheveleko (Frantzia) proban bera izan zen irabazle—, baina esprinteko proba bizian oso hurbil sumatuko du frantsesen eta suitzarren hatsa. Thibault Anselme frantsesa edo Jon Kistler eta Arno Lietha suitzarrak izango dira Cardonarekin lehia estuan ibiliko direnetako batzuk.
Errelebo mistoko proban ere Oriol Cardona bera eta Ana Alonso katalanak dira bikote faboritoetako bat. Alonso lesio luze batetik osatu da, eta ikusi beharko da ea sasoi onean helduko den Bormioko pistetara. Frantsesak izango dira haien aurkari nagusiak.

Jessie Diggins eta Johannes Hosflot Klaebo iraupen eskian
Iraupen eskian, Jessie Diggins estatubatuarra eta Johannes Hosflot Klaebo norvegiarra izango dira izar nagusietako bi. Digginsek Munduko Kopako 35 proba irabazi ditu 2016tik hona, eta ezin konta ahala podium lortu ditu. Munduko Txapelketetan ere zazpi domina lortu ditu 2015. urteaz geroztik. Olinpiar Jokoetan, aldiz, ez du emaitza ikusgarririk lortu orain arte: hiru domina ditu, urre bat taldeka Pyeongchangen, abiadurako proban (Kikkan Randall taldekidearekin), eta beste bi Pekinen: zilarra 30 kilometroko proban eta brontzea abiadurakoan. Azken Olinpiar Jokoak dituela iragarri du, eta urrearen aintzarekin esan nahi dio agur iraupen eski profesionalari.

Gizonezkoen artean, Hosflot Klaebo da Olinpiar Jokoetan kirol honetan izar nagusia eta domina gehien lortu dituen eskiatzailea —zazpi guztira—, eta Dolomitetan altxortegi hori bapo aberasteko moduan da; izan ere, joko berean sei domina lor ditzakeen neguko lehen atleta olinpikoa bihur daiteke norvegiarra. Val Di Fiemmen egingo dira iraupen eskiko probak, eta Hosflot Klaebo irabazle izan zen haran horretan bertan aurtengo urtarrilean jokatu den Munduko Kopako proban, esprinteko modalitatean; Tour de Ski proba konbinatu entzutetsuan ere bera gailendu zen. Harrigarria da norvegiarrek kirol honetan duten tradizioa eta ahala, eta herrikideak izango dira, hain zuzen, Hosflot Klaeboren aurkari nagusiak: Harald Amundsen eta Mattis Stenshagen, Munduko Kopako sailkapeneko bigarrena eta hirugarrena.
Mikaela Shiffrin eta Marco Odermatt eski alpinoan
Eski alpinoan, zale gehien erakartzen duen diziplinan, Mikaela Shiffrin estatubatuarra eta Marco Odermatt suitzarra dira izartegiko izarrik distiratsuenak. Shiffrin laugarren aldiz ariko da Olinpiar Jokoetan. Sotxin (2014) urre bat lortu zuen, eta Pyeongchangen (2018), urrea eslalom erraldoian eta zilarra konbinatuan. Munduko txapelketetan hamabost domina eta zortzi garaipen bildu ditu, eta Munduko Kopan 107 garaipen, beste inork baino gehiago. Bost aldiz izan da txapeldun Munduko Kopako sailkapen nagusian, eta denboraldi honetan ere bera da buruan. Eskiatzaile osoa da: lehena izan zen alpinoko sei diziplinatan garaipena lortzen, eta Cortinan nagusitasun hori berresten saiatuko da.

Marco Oddermatt, berriz, eskiatzaile garaiezinaren ospea bereganatzen joan da urteen joanean. Pekineko azken Olinpiar Jokoetan urrea lortu zuen eslalom erraldoian, eta geroztik izan diren lau Munduko Kopak ere berak irabazi ditu, eta Munduko Txapelketan beste hiru urre. 2025-2026ko Munduko Kopako sailkapenean ere bera da liderra, eta, 28 urte dituela, ez du ematen suitzarraren ibilbidearen amaiera gertu dagoenik. Cortinan urrearen gorriak areago distirarazi dezake haren ibilbidea.
Eski alpinoan, Aleksander Aamodt Kilde norvegiarra izango da zalantza handietako bat. Olinpiar Jokoetan, Munduko Txapelketan nahiz Munduko Kopako probetan dominen borrokan ibili izan da beti eskiatzaile beterano hau. Alabaina, 2024ko urtarrilean izandako eroriko baten ondorioz lesio larriak izan zituen zangosagarrean eta sorbaldan, eta lehiatu gabe egon da 2024-2025 denboralditik. Badirudi pixkanaka osatzen doala. Aurtengo Munduko Kopan emaitza apalak lortu ditu orain arte, baina, osatzen bada, edozertarako gai izango da.

Neguko Olinpiar Jokoetan hamasei kirol diziplina izango dira guztira. Euskal Herrian gutxiago errotutako kirolak dira horietako batzuk, baina tradizio luzea dute elurra izaten duten herrialdeetan. Eskian bertan, esaterako, eski jauziak, konbinatu nordikoa, izotz gaineko hockeya, patinaje artistikoa eta abiadurakoa izango dira, besteak beste. Kirol horien guztien zaleen gozagarri, hilaren 6an hasiko da festa zuria Dolomitetan.