FEDMEko alpinista taldeko hiru kidek istripua izan dute Peruko Jirishanca mendian, baina onik daude

Iker Madoz eta Ibon Mendia nafarrak eta Joan Domingo kataluniarra dira ezbeharra izan dutenak. Beren kabuz jaitsi dira eta «egonkor eta arriskutik kanpo daude», federazioak jakitera eman duenez. Huarazko ospitalean daude, behaketan.

Peruko Jirishanca mendia
Peruko Jirishanca mendiaren ikuspegia.
ramon olasagasti
2026ko uztailaren 12a
20:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Mendi eta Eskalada Kiroletako Federazioaren (FEDME) gizonezkoen alpinista taldeko hiru kidek, Iker Madoz taldearen zuzendariak (Iruñea, 1993), Ibon Mendiak (Iruñea, 2002)) eta Joan Domingo kataluniarrak, istripua izan dute Peruko Huayhuash mendiguneko Jirishanca mendi zailean (6.094 m), FEDMEk berak ohar baten bidez baieztatu duenez. Hiru alpinistak beren kabuz jaitsi dira, eta «egonkor eta arriskutik kanpo daude» FEDMEk jakitera eman duenez.

Iker Madoz, Ibon Mendia eta Joan Domingo erori egin ziren Jirishincako La Suerte bidea eskalatzen ari zirela, harkaitz bloke bat libratuta. Mendigune horretako eta Peruko Andeetako mendirik zail eta teknikoenetako bat da Jirishanca. La Suerte, berriz, mendi horretako biderik gogorrenetakoa da: Vince Anderson, Josh Wharton eta Drew Smith estatubatuarrek burutu zuten 2022an, aurrez italiar batzuek ertzeraino eskalatutako lerroa.

Mendi teknikoa eta zaila izan arren, Madoz, Mendia eta Domingo beren kabuz jaitsi ziren Jirishancaren magaleko Carhuacocha aintziraraino. Handik, errepidez, Huarazera (Peru) eraman zituzten, Mario Benito espedizioaren medikua lagun zutela. Uneotan Huarazko erietxean daude hiru alpinistak, behaketan.

Phurbi Chhiachu mendiaren igoera
Iker Madoz Nepaleko Phurbi Chhiachu mendiaren ertzean. MIKEL ZABALZA

FEDMEko alpinista taldearen espedizioan helburu nagusia zen Jirishanca. Istripua izan duten hiru alpinistak eskarmentu handikoak dira. Iker Madozek, hainbat eskaladaren artean, bide berri bat zabaldu zuen 2023an Nepaleko Phurbi Chyachu mendian (6.637 m), eta joan den urtean Mikel Zabalzaren lekukoa hartu zuen taldearen gidaritzan. Ibon Mendiak ere zailtasun handiko eskaladak egin ditu Patagonian, Karakorumen, Marokon eta beste hainbat mendigunetan. Oraindik orain, Xabier Ormazabal Beka jaso du Mendiak, Patagoniako Cerro Torre mendiguneko orratzen zeharkaldia saiatzeko. Mendiak berak eta Mikel Inoriza eta Tasio Martin sokalagunek Cerro Torreko mendiguneko lau orratzak jarduera bakarrean lotzeko asmoa dute: Cerro Standhardt, Punta Herron, Torre Egger eta Cerro Torre.

FEDME etengabe hartu-emanean egon da alpinistekin eta haien familiekin istripuaren berri izan zuenetik, eta eskerrak eman dizkie Peruko agintariei, Polizia Nazionalari eta Peruko Mendi Gidarien Elkarteari, «mendiko laguntza-protokoloak berehala aktibatu zituztelako». Federazioak ohartarazi du, mendizaleen eta familien pribatutasuna errespetatze aldera, ez duela informazio gehiago emango, «harik eta ezbeharra izan duten alpinistei osasun azterketa osoa egiten dieten arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA