Ibilbide eta jarduera nabarmenen sariak banatu ditu EMFk bere urteroko galan

Donostiako Club Vasco de Camping elkartearekin batera antolatu eta ospatu du festa. Joseba Iztueta, Arantza Lazurtegi, Jose Maria Pradera Gurrutxaga, Juan Luis Arriola Loiola, ‘Harri, orri, arkatz’ proiektua eta Mendietxe izan dira sarituetako batzuk.

EMFren 2025eko gala
Saritu guztien familia argazkia. JOSU FERNANDEZ VARONA / CLUB VASCO DE CAMPING ELKARTEA
ramon olasagasti
Donostia
2025eko urriaren 18a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal mendizaletasunaren urteko ekitaldi handiak Euskal Herriko mendizale komunitatea bildu du ostiral honetan Donostiako Aldapeta Maria Ikastetxeko auditoriumean. Aurten Club Vasco de Camping elkarteak antolatu du gala, taldearen 75. urteurreneko ekitaldien artean. Thierry Biscary abeslariaren emanaldiarekin hasi zen ekitaldia, eta, ondoren, elkarte antolatzaile eta federazioetako ordezkariek beren hitzaldiak egin zituzten. Club Vasco de Camping elkartearen izenean, Juan Carlos Sanz presidenteak hartu zuen hitza; Euskal Mendizale Federazioaren izenean, Ricardo Hernani presidenteak hitz egin zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren izenean, Gorka Iturriaga Kirol zuzendariak mezu bat helarazi zuen. Mendizaletasunaren oinarrian dagoen lan kolektiboaren eta borondatezko konpromisoaren balioa azpimarratu zuten hirurek, gaur egun 41.000 federatu baino gehiago biltzen baititu mendizale komunitateak.

Juan Carlos Sanzek Vasco de Camping elkartearen 75 urtean egindako bidea azpimarratu zuen: «Taldeak, gaur egun, 4.000tik gora bazkide ditu, eta dinamismo handia atal guztietan. Gainera, logoa eta marka berritu ditugu, irizpide berriak zehaztu ditugu garaiarekin bat etorriz, etorkizunera begiratzeko». 

Ricardo Hernani EMFko presidenteak gogorarazi zuen mendizaletasunak zer erronka nagusi dituen: «Mendi talde eta elkarteetan belaunaldi erreleboa bermatzea, ingurumenarekiko errespetuaren balio tradizionalei eustea, haize parkeek sortutako kezkei buruz eta mendiko kontsumo ohitura berriek izan dezaketen eraginari buruz hausnartzea... Betiko balio berberekin jarraitu behar dugu, horien bidez iritsi baikara gaur egun gauden tokira eta garena izatera».

Gorka Iturriagak, bertaratu ezin izan ez bazen ere, mendiaz gozatzen jarraitzeko gonbita eta mezua helarazi zien galan bildutakoei: «Jarrai ezazue mendizaletasunarekiko maitasuna elikatzen, ospa ezazue une bakoitza, eta zabal ezazue gure pasioa mundu osoan. Gogoratu beti zer dion zuen goiburuak: betidanik betiko».

EMFren 2025 sariak

Ohiko hitzaldien ondoren, Euskal Mendizale Federazioaren urteko sariak banatu zituzten. Urte osoan federazio eremuan egindako lanagatik, ibilbideagatik edo mendian eginiko jarduerengatik nabarmendu diren hainbat laguni aitortza egin zitzaien sari horien bidez.

Euskal Mendizaletasunaren Lagunak EMF saria Soraluze Elorza familiak eta Alex Txikon alpinistak sortutako Mendietxe elkartearentzat izan da, «Azpeitiko Mendietxe mendiko museoa bultzatzen eginiko lanagatik, eta Emmoa fundazioarekin etorkizunean izango duen lankidetzagatik», EMFko buruek nabarmendu zutenez.

Ibilbidearen EMF saria Jose Maria Pradera Gurrutxaga eta Juan Luis Arriola Loiola mendizale beteranoentzat izan da, «mendi elkarteetan eta mendiko kulturaren sustapenean egindako bizitza osoko lanagatik». Pradera 15 urterekin sartu zen Barakaldoko Arroletza mendi taldean, eta Bizkaiko Mendizale Federazioko lehen presidentea ere izan zen. Arriolak, berriz, Arabako mendizaletasunari eman dio bizitza osoa, eta, besteak beste, ibilbideak diseinatu eta inguruko gidaliburuak idatzi ditu.

Loli Lopez Goñi Emakume Mendizaleak saria Arantza Lazurtegi mendizaleak jaso du, «emakumeen mendizaletasunean erakutsitako adibide eta lidergoagatik». Lazurtegik bi mila gailur baino gehiago igo ditu, horien artean ehun mendien katalogoko 920 tontor. Mendi lehiaketa eta txapelketa askotan parte hartzeaz gain, Sopelako Munarrikolanda mendi taldeko lehendakaria ere bada.

Jarduera Interesgarrienaren Antxon Bandres EMF saria Eli Azurmendi, Rafa Elorza eta Juan Carlos Sanzek bultzatutako Harri, orri, arkatz: krokisaren artea eskaladan proiektuak jaso du, «eskaladako krokisaren balio artistiko eta dokumentala aldarrikatzeagatik». Hasiera batean erakusketa soil bat izan behar zuena handituz eta zabalduz joan da —hainbat herritan izan da ikusgai, arrakasta handiz—; liburu bihurtu zen gero —bigarren edizioa kalean da dagoeneko—, eta aurki egitasmoari buruzko dokumentala estreinatuko da Bilboko Mendi Film jaialdian.

EMFren 2025eko gala
Joseba Iztueta alpinistak (eskuinean) jaso du 'Andres Espinosa' sari nagusia, Ricardo Hernani EMFko presidentearen eskutik. EMF

Sari nagusia, Andres Espinosa EMF saria, Joseba Iztueta alpinistarentzat izan da (Gabiria, Gipuzkoa, 1991), «bere ibilbide luzeagatik, espiritu esploratzaileagatik eta mendiari eskainitako dedikazioagatik, betiere mendia abentura eta aurkikuntza eremutzat hartuta». Besteak beste, Pirinioetan, Alpeetan, Kirgizistanen, Tajikistanen, Indian, Marokon eta Baltistanen ibili da Iztueta, eta BERRIAren mendiko orriotan, hainbatetan agertu dira hark eta lagunek eginiko jarduerak: besteak beste, Lenin Peak eta Khan Tengri igo zituenekoa; Ibon Mendiak eta biek Marokoko Talembote mendialdean zabaldutako bideak; Ladakhen (Indiako Himalaia), Amaiur Peak eta beste hainbat bide zabaldu zituztenekoa; edo berriki, Karakorumeko Khane haranean eginiko jarduerak. «Haren ibilbideak Andres Espinosa aitzindariarena oroitarazten du», nabarmendu zuten EMFko arduradunek saria emateko orduan.

    Pyrenaica sariak

    Urtero bezala, Euskal Mendizale Federazioaren aldizkariak, Pyrenaica-k, azken urtean argitaratutako artikulurik eta argazkirik onenak saritu zituen.

    Pyrenaica 42. Argazki Lehiaketan, lehen saria Juan Jose Lopez Azurmendirentzat izan da Llegando a Concordia lanagatik (Concordiara iristen), eta bigarren saria Antxon Gorrotxategirentzat izan da Lyskamm lanagatik.

    Pyrenaica 41. Artikulu Lehiaketan, berriz, Josu Granjarentzat izan da lehen saria La sima Leunbe y el Maelstrom vasco lanarekin (Leunbeko sima eta euskal Maelstrom-a); bigarren saria Kattalin de Pedro eta Iñigo Unanueren Zikloalpinismoa Bolivian artikuluarentzat izan da, eta hirugarrena Mikel Arrizabalaga BERRIAko mendi ibilbideen ataleko kolaboratzailearentzat Tashi Delek lanagatik.

    Azkenik, Pyrenaica Blogaren IX. Saria Ainhoa Lendinezentzat izan da, Ama Dablan argitalpenagatik.

      CVCEPHOTO 2025 sariak

      Azkenik, CVCEPHOTO lehiaketaren hamaikagarren ekitaldiko sariak banatu ziren. Club Vasco de Camping elkarteak antolatzen du nazioarteko lehiaketa entzutetsu hori, eta aurten 38 herrialdetako 144 argazkilarik parte hartu dute. Rainer Eder argazkilari suitzarraren Michelangelo irudiak irabazi du lehiaketa. Sari nagusiez gain, urtero hainbat sari berezi ere izaten dira lehiaketan. Euskal Herriko Argazkirik Onenaren EITB Sari Berezia Aritz Gordorentzat izan da aurten, Neguko oreka lanagatik. Bilboko Mendi Film zinemaldiaren urteko kartela ere lehiaketa honetatik sortzen da. Aurten, sari berezi hori Julia Roger Veyerrentzat izan da, The Cave (Haitzuloa) lanagatik.

      Ekitaldia amaitzeko, sari guztien irabazleek talde argazkia atera zuten, eta iragarri zuten hurrengo gala Arrigorriagan (Bizkaia) izango dela, Padura mendi taldeak antolatuta, 2026an 75. urteurrena ospatuko baitu elkarte horrek.

      Iruzkinak
      Ez dago iruzkinik

      Ordenatu
      0/500
      Interesgarria izango zaizu
      Nabarmenduak
      Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.