Korrikalaria

Sara Alonso: «Irabazi egin didate, eta ez dago besterik; oso lehia polita izan dugu Malenek eta biok»

Iaz garaile izan zen Sara Alonso, eta aurten hirugarren izan da. Tove Alexanderssonek hasieratik tartea zabalduta, Malen Osa laguna izan du Alonsok aurkaririk gogorrena, eta lehia ikusgarria izan dute, ikusleen gozagarri.

Sara Alonso, pozik, helmugaratu berritan. GORKA RUBIO / FOKU
Sara Alonso, pozik, helmugaratu berritan. GORKA RUBIO / FOKU
Unai Ugartemendia.
Zegama
2026ko maiatzaren 18a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pozik zen Sara Alonso (Donostia, 1999) helmugan, hirugarren urtez jarraian denbora hobetzea lortu duelako. «Ezin dut gehiago eskatu. Hirugarren izatea ere oso ondo dago».

Aurten hirugarren izan zara helmugan. Gozatu duzu lasterketan?

Bai, noski! Baina gailurretan edozein unetan burua hautsiko nuela pentsatzen nuen. Gaizki pasatu dut han. Malenek aurreratu nauenean, atzetik jarraitu dut, baina gutxienez sei alditan erori naiz. Ondoren, ahal nuen guztia eman dut. Aizkorritik inoiz baino lehenago pasatu gara, eta nire esku zegoen guztia egin dut. Azken kilometroetan, Malen jada ez nuela harrapatuko ikusita, hirugarren postua ziurtatzen ahalegindu naiz. Osak izugarrizko lasterketa egin du, eta zoriontzea besterik ez zait geratzen. Oso pozik nago. Irabazi egin didate, eta ez dago besterik. Oso lehia polita izan dugu Malenek eta biok.

Iaz garaile izanda ere, Tove Alexandersson faborito izateak presioa kendu dizu?

Nik banekien alde handia aterako zigula. Nire helburua bigarren izatea zen. Hala ere, hirugarren aldiz izan naiz Zegaman, eta hiruretan nire denbora hobetu dut. Ezin dut gehiago eskatu. Hirugarren izatea ere oso ondo dago.

Zer behar da berriro ere Zegama-Aizkorrin garaile izateko?

Lehenik, Alexandersson irteeran ez izatea [barrez]. Horretaz gain, azkar korri egin behar da, ondo igo behar da, eremu teknikoetan ondo mugitu behar da, eta, noski, sufritzen jakin behar da. Ibilbidea ezagutzea ere ezinbestekoa da.

«Hirugarren aldiz izan naiz Zegaman, eta hiruretan nire denbora hobetu dut. Ezin dut gehiago eskatu. Hirugarren izatea ere oso ondo dago»

Berriz ere gailurretan galdu duzu abantaila.

Bai, niretzat oso eremu zaila da. Gaur, gainera, arriskutsu ere bazegoen. Handik aurrera oso azkar egin dut korri, baina ezin izan dut aldea murriztu. Gaurko eguraldia ikusita, eta irabazleak lau ordu eta zortzi minutuko denbora egin duela kontuan hartuta, pentsa dezakegu eguraldi onarekin lau orduko langatik gertu egon zitekeela. Aldi berean, ziur nago Osa eta biok ere lau ordu eta hogei minututik gertu izango ginela.

Zer nota jartzen diozu gaurko lasterketari?

Egin dudan denborarekin hirugarren geratzeak pena pixka bat ematen dit, baina, halere, bederatziko nota jartzen diot.

Hirutik hirutan izan zara podiumean. Zenbateko balioa ematen diozu lortutakoari?

Osak eta biok lortu dugun zerbait da. Maratoi distantzia da, eta edozer gerta daiteke horrelako lasterketa batean. Hiru urtean aurrean egotea izugarria da. Maila handia erakutsi dut urte hauetan guztietan. Lasterketa etxean izateak ere asko laguntzen digu guri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA