Korrikalaria

Malen Osa: «Buruak eta gorputzak batera lan egiten dutenean, nabaritu egiten da emaitzetan»

Hirugarren urtez jarraian igo da Malen Osa Aizkorriko podiumera. Atzo bigarren izan zen, 2024ko debutean bezala. Azken hilabeteotako bolada gogorraren ostean, erabat osatuta dagoela erakutsi du «munduko lasterketarik onenean».

Malen Osa, hunkiturik, helmugaratu berritan. GORKA RUBIO / FOKU
Malen Osa, hunkiturik, helmugaratu berritan. GORKA RUBIO / FOKU
Unai Ugartemendia.
Zegama
2026ko maiatzaren 18a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zegama-Aizkorriko ibilbide osoan, Oñati aldeko eta Andraitz inguruko parajeetan batez ere, bete-beteko poza eta zirrara piztu zitzaizkion behin baino gehiagotan Malen Osari (Oñati, Gipuzkoa, 2002), baita helmugan ere, etxekoak eta hurbilekoak zain zituela.

Zer moduz zaude lasterketa amaitu berritan?

Bereziki pozik nago. Oraindik ezin sinisturik.

Lasterketaren erdian jarri zara bigarren postuan. Zer moduzkoa izan da hori?

Sararengandik nahiko gertu iritsi naiz Aizkorri tontorrera, eta gailurrerian gai izan naiz hura aurreratzeko. Gertu ikusi dudanean, konturatu naiz aukerak izango nituela aurrea hartzeko. Jaitsieretan oso gustura aritzen naiz, baina banekien handik aurrera hura ere gai zela ni aurreratzeko.

Alonso aurreratzeak bultzada handia eman dizu?

Aizkorrira harengandik hain gertu iritsi izana ustekabe handia izan da. Adoretu egin nau horrek, bai. Hala ere, beldur nintzen ea Alonsok berriro ere aurreratuko ninduen. Azken kilometroetan sartu naizen arte ez dut batere argi ikusten zer gertatuko zen. Halere, behin ere ez dut atzera begiratu.

«Konturatu nintzen gauza asko ez nintzela ondo egiten ari, eta beste era batera kudeatu behar nituela. Ez nintzen ondo jokatzen ari neure buruarekin. Zorrotzegi nenbilen, eta errendimenduan zentratuegi»

Lasterketa espero bezala joan da?

Erlojua martxan jarri dut, baina pantaila aldatzea erabaki. Helmugara iritsi arte ez nekien zenbat denbora neraman korrika. Oso kontzentratuta joan naiz denbora guztian.

Nola bizi izan dituzu azken kilometroak?

Gogorrak izan dira, ez bainekien zenbateko aldea nuen. Azken erreferentzia Andraizkoa zen [31. kilometroa]. Azken zatian asko sufritu dut, baina hankek ondo erantzun didate erritmoari eusteko orduan. Azken hiru kilometroetan konturatu naiz bigarren postua nirea zela.

Bikain jardun duzue Alonsok eta biok. Tove Alexanderssonen erakustaldia ikusita, irabaztearen parekoa izan da horrela aritzea?

Bai. Biok hiru aldiz parte hartu dugu, eta hiru urteetan izan gara podiumean. Hori lortzea ez da batere erraza, eta azpimarratzekoa da. Urtetik urtera maila igotzen ari gara biok, eta asko pozten naiz ikusita Alonso podiumean sartu dela eta lasterketan horrela aritu dela. Alexandersson beste maila batean dago. Niretzat oso berezia da emakumeen maila nola igotzen ari den ikustea.

Hiru lasterketa jokatu, eta hirugarrenez podiumera igotzea lortu duzu.

Hori meritu handia dela iruditzen zait, kontuan hartuta oraindik 23 urte baino ez ditudala. Zegama-Aizkorriren historiako denborarik onenetan hirugarrena egin dut, lokatza izanda ere. Niretzat ere ezustekoa izan da, eta oso harro nago lasterketa nola eraman dudan ikusita eta zenbat gozatu dudan pentsatze hutsarekin.

«Biok hiru aldiz parte hartu dugu, eta hiru urteetan izan gara podiumean. Hori lortzea ez da batere erraza, eta azpimarratzekoa da»

Azken hilabeteotako gorabeheren ondoren, zer moduz ibili zara lasterketan?

Azken hilabetean aldaketa batzuk egin ditut lasterketak kudeatzeko moduan. Oporretara joatea bezala izan da azken hilabetea, nahiz eta berdin jarraitu dudan entrenatzen. Presioa kentzen saiatu naiz, eta ondo funtzionatu duela iruditzen zait. Gaur helburu bakarra nuen: helmugara irribarretsu iristea. Beste guztia berdin zitzaidan. Buruak eta gorputzak batera lan egiten dutenean, nabaritu egiten da emaitzetan. Banekien buruak laguntzen bazidan aukerak izango nituela aurrean ibiltzeko. Zorionez, dena ondo atera da.

Gogorra izan da azken hilabetea, ezta?

Bai eta ez. Calamorro Skyraceko [Benalmadena, Andaluzia, Espainia] lasterketaren ostean, txip aldaketa izugarria egitea egokitu zait. Konturatu nintzen gauza asko ez nintzela ondo egiten ari, eta beste era batera kudeatu behar nituela. Ez nintzen ondo jokatzen ari neure buruarekin. Zorrotzegi nenbilen, eta errendimenduan zentratuegi. Ez nion behar besteko garrantzirik ematen gauza askori. Taldekoekin elkartu, eta adierazi nien gauzak aldatu behar nituela.

Malen Osa 2026ko Zegama-Aizkorri lasterketako helmugan
Intza ahizparekin eta Maialen Arizkorreta antolakuntzako kidearekin, helmugan. GORKA RUBIO / FOKU
Buruz egindako lanketa izan da gakoa?

Erabat. Jarrera aldatzea izan da gakoa. Egunerokoari lasaiago heldu, burua lasaitu, eta azken hilabetea Annecyn [Frantzia] igaro dut, lasai. Apiril osoa pasatu nezakeen Aizkorriko gailurrerian bueltaka, baina iazko Zegama-Aizkorriz geroztik ez dut zapaldu ere egin, gaur arte. Oraindik lan handia daukat egiteko, eta, beraz, egindakoa ez dut garaipentzat hartu nahi oraindik. Psikologoarekin ere lan handia egin dut azken asteetan, eta oso pozik nago.

«Jarrera aldatzea izan da gakoa. Burua lasaitu dut, eta azken hilabetea Annecyn igaro, lasai. Oraindik lan handia daukat egiteko, eta, alde horretatik, lortutakoa ez dut garaipentzat hartu nahi oraindik»

Bazenuen beldurrik Calamorro Skyracen gertatutakoaren antzeko zerbait gertatuko ote zitzaizun Zegama-Aizkorrin?

Bai, bai, buruan izan dut azken egunetan. Gaur ere helmugara iritsiko ez nintzelako beldurrez atera naiz. Gaurko denbora ikusita, agian jendeak ez du sinetsiko, baina gaur ere posible zen dena edo ezer ez lortzea.

Hurrengo lasterketetarako konfiantza ematen dizu gaurko emaitzak?

Datozen lasterketetarako izugarrizko bultzada izango da. Ikusi dut gauzak ondo egiteak eragin handia izan dezakeela errendimenduan, eta hori ez da gutxi. Beste aldagaiak kontrolatzea askoz ere zailagoa da. Ikusi dut gauzak ondo egiten ari naizela, eta bide onetik noala.

Norekin gogoratu zara azken metroetan?

Amarekin, beti bezala. Hura da lehena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA