Sara Alonsok bigarren amaitu du Golden Trail World Series zirkuituan

Malen Osa laugarren izan da. Madalina Florea errumaniarra izan da txapeldun. Gaur jokatu dute azken proba, Italiako Trentino eskualdean: Alonso hirugarren izan da Lauren Gregory estatubatuarraren eta Florearen atzetik, eta Osa bosgarren.

Sara Alonso Ledro Sky Trentino proban, GTWS zirkuituko finalean
Sara Alonso hirugarren izan da gaur Trentinoko (Italia) azken proban. GTWS
Jone Bastida Alzuru.
2025eko urriaren 11
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da makala Sara Alonso korrikalaria egiten ari dena, eta balioa eman behar zaio. Bigarren amaitu du Golden Trail World Series zirkuituan (GTWS), traileko topaketarik entzutetsuenean. Uztailean entrenatzen ari zela behi batek eraso egin ondoren, bazirudien hantxe amaituko zela Alonsoren denboraldia, baina korrikalari donostiarra uste baino lehenago osatu eta itzuli zen; nola, gainera. Gaur jokatu dute azken proba, Ledro Sky Trentino Grand Finale (21 km, 1.600 m+), Italiako Trentino eskualdean, eta hirugarren egin du Alonsok. Bazituen zirkuitua irabazteko aukerak, baina haren aurretik helmugaratu da Madalina Florea errumaniarra lehen sailkatua —azken proban bigarren egin du—, eta, beraz, hura izan da zirkuituaren irabazlea. Gaurkoan, Floreagandik 32 segundora helmugaratu da Alonso. Trentinoko proban, Lauren Gregory estatubatuarra izan da irabazle.

Malen Osak, berriz, laugarren amaitu du sailkapen nagusian —Italian jokatutako azken proban bosgarrena izan da—. Guztira, Florea txapeldunak 958 puntu bildu ditu; Alonsok, 913; Lauren Gregoryk, 878; eta Osak, 849. Bai Alonsok eta bai Osak berriro erakutsi dute munduko trail korrikalari onenen artean daudela. Iaz hirugarren izan zen Osa GTWS zirkuituan eta Alonso bosgarren, eta aurten ere bost aurrenekoen artean sailkatu dira biak.

Aurten, Golden Trail World Serieseko zirkuituan bi probatan izan da garaile Alonso, Japoniako Kobe lasterketan eta Zegama-Aizkorri mendi maratoian. Horrez gain, irail bukaeran bigarren izan zen Munduko Trail Txapelketan, Tove Alexandersson suediarraren atzetik. Chamonixeko OCC lasterketan, berriz, bosgarren egin zuen.

Gaurko finalean, Madalina Florea errumaniarrak erritmo bizia ezarri du hasierako kilometroetan, atzetik Sara Alonso, Lauren Gregory eta Joyce Njeru gertu samar zituela. Cima Pariko azken ertzean, Gregoryk erasora jo du, Florea harrapatu eta jaitsiera ikaragarri azkarra egin du Pieve di Ledroko helmugaraino, beherantz duen teknika baliatuz.

SAILKAPENAK
LEDRO SKY TRENTINO (FINALA)
1.- Lauren Gregory (AEB – Nike ACG) – 02:22:51
2.- Madalina Florea (Errumania – Scott Running) – 02:25:22
3.- Sara Alonso (EH – Asics) – 02:25:54
4.- Lucija Krkoc (Eslovenia) – 02:27:00 (Open)
5.- Malen Osa (EH – Salomon) – 02:27:45
6.- Barbora Bukovan (Txekiar Errepublika) – 02:27:46 (Open)
7.- Rosa Lara Feliu (Espainia – Compressport) – 02:28:37
8.- Joyce Njeru (Kenya – Nnormal) – 02:29:19
9.- Marie Nivet (Frantzia – Nike ACG) – 02:33:59
10.- Anna Gibson (AEB – Brooks) – 02:35:40

GTWS 2025 SAILKAPEN OROKORRA

1.- Madalina Florea (Errumania – Scott Running) – 958 puntu
2.- Sara Alonso (EH – Asics) – 913 puntu
3.- Lauren Gregory (AEB – Nike ACG) – 878 puntu
4.- Malen Osa (EH – Salomon) – 849 puntu
5.- Joyce Njeru (Kenya – Nnormal) – 836 puntu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.