Jorge Txokarro. Torturatuen Sarea

«Mugarri txiki bat da, bidea ezartzen baitigu aitortza izateko»

IÑIGO URIZ / FOKU.
jon olano
2023ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Jorge Txokarro (Iruñea, 1978) pozik dago NBE Nazio Batuaren Erakundearen txostenarekin, batez ere uste duelako«oinarri bat» jartzen diela etorkizuneko pausoei.

Ikusi gehiago:5.379 kasu: karpeta irekia NBEn

Zer deritzozue argitaratutako txostenari?

Ontzat jotzen dugu. Lehen aldia da Espainiako Estatuari horrelako interpelazio bat egiten zaiona. Badakigu Euskal Autonomia Erkidegoan oraindik ez dagoela amaituta Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikerketa, ezta Nafarroan ere, baina datu batzuk nahiko adierazgarriak dira. Datu horiek izan dira lehen aldiz salaketari indarra eman diotenak NBEn kontuan hartzeko. Lehen aldia da Espainiako Estatuak erronka honi serioski erantzun beharko diona.

Txostenak balekotzat jotzen ditu torturatu kopurua, Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren txostenak… Horretara iristeko, lan handia dago atzetik?

Jakina. Azken urteetan honen inguruan eginikoa lan izugarria izan da, itzela. Nahiz eta egia den oraindik asko dagoela egiteko. Guk mugarritzat daukagu hau; mugarri txiki bat da, bidea ezartzen baitigu etorkizunean aitortza izateko. Oinarria jartzen digu hemendik aurrera jarraitu ahal izateko. Oinarri hori jartzeko, izugarrizko lana dago atzean. Ohartzen gara bidea luzea izanen dela hemendik aurrera. Ez soilik Espainiako instituzioei, Hego Euskal Herrikoei ere gonbita egiten die, nola edo hala, modu instituzionalean errekonozimendu formal bat egin ahal izateko. Gure instituzioei ere esaten die errekonozimenduaren urratsek harago joan behar dutela. Zergatik? Tortura sistematikoa izan delako.

NBEk sinesgarritasuna ematea aitortza bat da?

Aitortzaren bidea ez da ekinaldi jakin bat; luzea da. Aitortza lortu ahal izateko mugarri txiki bat ezartzen du honek, eta bidea hasi besterik ez da egin. Aitortza, erreparazioarekin batera, badator; eta gero, bermeak, halako esperientzia txarrak berriro ez gertatzeko. Txostenak berak dio Espainiako Estatuak ikertu behar duela, eta ikertu bezain pronto, ondorioak helarazi beharko dizkiola NBEri. Ikusiko dugu Espainiak nondik nora ikertzen duen, estatuaren jarrera zein den. Badakigu ez dela erraza izanen estatuak ikerketa sakon bat egitea. Bidean hasi gara, eta hori garrantzitsua da.

Txostenean, besteak beste, inkomunikazioaren abolizioa aipatzen da, baita torturak ikertzeko eta ez preskribatzeko obligazioa ere.

Estatuak badaki hainbat gabezia dituela gaur egun, eta martxan dauzkala nahiz eta operatiboki ez gauzatu. Horrek ondorioak ditu. Pozik gaude: poliki-poliki urratsak egiten ari dira; hau beste bat da. Guk nazioartean borrokatzen jarraituko dugu txostenaz bestelako kontuetan, Espainiako Estatuari eta gure instituzioei presio handiagoa egiteko. Astunak izanen gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.