70.000 polizia eta jendarme mobilizatuko dituzte bihar Frantzian, protesten harira

Nuñez Barne ministroak adierazi du estatuko indarrei agindu diela «erabat irmo» jokatzeko.

Frantziako estatuko indarretako agente batzuk Parisen, aurreko larunbatean. MOHAMMED BADRA / EFE
Frantziako estatuko indarretako agente batzuk Parisen, aurreko larunbatean. MOHAMMED BADRA / EFE
Igor Susaeta.
2026ko urriaren 23a
15:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreikusi dute biharko estatu osoan deituta dauden protestetan istiluak egongo direla, eta Frantziako Gobernuak iragarri du 70.000 polizia eta jendarme mobilizatuko dituztela. Horren berri eman du Laurent Nuñez Barne ministroak gaur, prentsaurreko batean. «Aurreko larunbatean gertatu zena guztiz onartezina da. Gure esku dagoena egingo dugu».

Bizitzaren garestitzea salatzeko egindako mobilizazioen harira komertzioetan-eta egindako arpilatzeez eta eraikin publikoei egindako erasoez ari zen Nuñez, eta nabarmendu du arpilatzeak egiteko deiak detektatu dituztela berriro sare sozialetan. «Gogor egingo dugu arpilatzaileen eta sabotatzaileen aurka. Erabat irmo jokatzeko agindu dut».

Gerald Darmanin Justizia ministroak adierazi zuen asteartean protestetan 3.000 bat komertziok kalteak pairatu zituztela. Datu gehiago ere eman zituen: 123 pertsona kartzelatu zituztela behin-behinean, eta 2.500 pertsona inguru zeudela atxilotuta. 

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bilera egin zuen atzo Nuñezekin, Sebastien Lecornu lehen ministroarekin eta, besteak beste, informazio zerbitzuetako buruarekin, eta, ondoren, azpimarratu zuen sindikatuen manifestazioak baino ez dituztela baimenduko bihar Frantzian.

Baina bestelako deialdi batzuk ere badituzte mahai gainean, eta departamendu bakoitzeko prefetak kasuak banan-banan aztertuko ditu baimentzen dituen ala ez erabakitzeko. Hori esan du Nuñezek, eta azpimarratu eragin ditzaketen «ordena publikoko arazo larrien» arabera hartuko dutela erabakia. «Kontuan hartuta zer gertatu zen aurreko asteburuan, komertzio asko dituzten eremuetan ez da manifestaziorik baimenduko».

Biharko prest duten operazioko estatuko indarrei dagokienez, Barne ministroak zehaztu du poliziak eta jendarmeak ez ezik indar berezietako eta elite indarretako unitateak ere hedatuko dituztela. Gainera, Polizia Judizialeko kide gehiago egongo dira kalean, atxiloketak kudeatzeko. 

Frantziako zenbait hiritan etxeratze aginduak ezarrita daude aste hasieratik —23:00etatik 06:00etara—. Gainera, Lyonen, Nizan eta Marseillan manifestazio guztiak debekatu dituzte. 2018an eta 2019an Jaka Horiek egindako mobilizazio zikloan manifestazio batzuk debekatu zituen Macronek, baina horrek ez zituen protestak eragotzi.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA