Iran «neurtzen» ari da AEBek eginiko bonbardaketak zenbateko kaltea eragin duen. «Ez diote soilik Irani eragin kaltea; Nazio Batuen Gutuna bonbardatu dute. Neurtzen ari gara zenbateko tartea dagoen diplomaziarako», esan du Irango Atzerri ministro Abbas Aragtxik, eta orduan erabakiko dute nola erantzun bart gaueko erasoari. Badago tarterik orain diplomaziarako? «Orain, ez», erantzun du: «Diplomaziarako ateak beti egon beharko luke zabalik, baina orain ez da hala: nire herrialdea erasopean dago, eta erantzun egin beharra daukagu defentsarako eskubide legitimoan oinarrituta».
Ikusi gehiago
Aragtxi gaur eginiko bigarren prentsa agerraldian mintzatu da sakonago AEBen erasoez eta ondorioez, Istanbuldik. Lehenbiziko agerraldian egin bezala, salatu du AEBen erasoa «Nazio Batuen Erakundeko Gutunaren oinarrizko printzipioen eta nazioarteko zuzenbidearen aurkako eraso krudela, larria eta inoiz ikusi gabea» dela. AEBak egin ditu erasoen erantzule, ondorio «barkaezinak» edukiko baitituzte: «Gure lurralde osotasuna eta gure jendea defendatuko dugu».
Bonbardaketen ondoren eginiko aurreneko agerraldian, Aragtxik ohartarazi du «instalazio nuklear baketsuen» aurkako erasoak «ondorio iraunkorrak» izango dituela.
Diplomaziarako deia egin diotela eta, Aragtxik abisua egin du: «Inoiz ez dugu Mendebaldeko herrialdeetan sinetsi negoziatzeko orduan, eta orain are arrazoi gutxiago dugu sinesteko». Gainera, Europako Batasunari eta Erresuma Batuari gogorarazi die haiek ez direla negoziazio mahaitik altxatu orain arte, eta AEBek erabaki dutela bide diplomatikoa «baztertzea».
Aldiz, itxaropentsuago agertu da beste herrialde batzuei dagokienez. Aragtxi Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganekin mintzatu da, eta herrialde horrek bitartekari lanak egiteko aukera aipatu du Irango Atzerri ministroak. Bestalde, Aragtxi bera Moskura joango da gaur bertan, astelehenean Vladimir Putin Errusiako presidentearekin batzartzeko: «Errusia Iranen laguna da, eta kidetza estrategikoa dugu».
NBEren gaitzespena
Buruzagi politiko ugarik bide diplomatikoetatik jotzeko eskatu diote Irani. Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, esaterako, esan du egoera oso larria dela, nazioarteko zuzenbidea errespetatu behar dela eta diplomaziari eutsi behar zaiola, egoerak eskuetatik ihes egin aurretik.
Gogorarazi du Ekialde Hurbileko egoera muturrekoa dela jada, eta hango herrialde bati eraso egiteak gatazka areagotzea besterik ez duela ekarriko. «Ez dago konponbide militarrik. Bide bakarra diplomaziarena da».
Ikusi gehiago
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan du Iranek «konponbide diplomatiko sinesgarri batekin engaiatu» behar duela «krisia» bukatu dadin: «Negoziazio mahaia da leku bakarra krisi hau amai dadin». Von der Leyenen hitzetan, Iranek «inoiz» ez du bonba nuklearra lortu behar, eta lehentasunezkotzat jo du «egonkortasuna eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzea».
Txinak, berriz, gogor salatu du AEBen erasoa. «AEBek, beren ekintzen bitartez, Nazio Batuen Erakundearen Gutunaren printzipioak eta nazioarteko legedia urratu dituzte, eta tentsioa areagotu Ekialde Hurbilean», ohartarazi du Atzerri Ministerioak. Errusiako Gobernuak ere gaitzetsi egin du erasoa, «arduragabetzat» jo du, eta gauza bera nabarmendu du: nazioarteko legedia guztien kontrako eraso bat izan dela. Indiak ere salatu egin du erasoa. Eskualdean, berriz, Turkiak, Irakek, Omanek eta Qatarrek, besteak beste, kezka agertu dute, eta gatazka gelditzera dei egin dute.
NBEko Segurtasun Batzordea urgentziaz bilduko da gaur egoera aztertzeko. Iranek berak egin dio elkartzeko eskaera, AEBen erasoak legez kanpokoak eta zuhurtziagabeak izan direla iritzita.