Gatazka areagotu duten bederatzi egun

Ekainaren 13an Israelek Irango Guardia Iraultzailearen aurka abiatutako ekinaldiak koska bat igo zuen tentsioa Ekialde Hurbilean. Bederatzi egun geroago heldu da AEBen aire bidezko erasoa.

Israelen erasoen aurkako manifestazio bat Teheranen, herenegun. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Israelen erasoen aurkako manifestazio bat Teheranen, herenegun. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
jon olano
2025eko ekainaren 22a
10:55
Entzun 00:00:0000:00:00

2023ko urriaz geroztik Ekialde Hurbileko mapa geopolitikoa hankaz gora jartzen ari da Israel; nagusiki, Gazan sarraskia eginda, 56.000 palestinar baino gehiago hil baititu harrezkero, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren arabera. Urte eta erdian, erasoak egin ditu Zisjordanian, Libanon eta Sirian ere. Baina gatazkan jauzi bat egin zuen iragan ekainaren 13an: Iranen programa nuklearra argudio gisa jarrita, azpiegitura militarrak eta bizitokiak izan zituen jomugan, eta 70 lagun baino gehiago hil zituen; tartean, kupula militarreko lau goi kargudun, eta sei zientzialari.

Iranek erasoei erantzun zien, misilak jaurtiz Israelera. Eta Iranen kontraerasoek agerian utzi dute orain arte Israelgo Burdinazko kupula defentsa sistemak erakutsia ez zuen ahultasuna: ekainaren 14an ehunka misil balistiko bota zituen Iranek, eta hiru lagun hil zituen Tel Aviven. Erasoak geratu ezean Teheranek «sutan» bukatuko duela ohartarazi du Israelek. Harrezkero, biktimak ugaritu egin dira bonbardaketak areagotu ahala. Hirugarren egunerako, Israelen erasoek 128 lagun hil zituzten Iranen; Israelen, berriz, hamahiru lagun hil ziren Iranen misilek jota.

Testuinguru horretan, AEBek eta Israelek propio aipatu dute Ali Khamenei Irango aiatola hiltzeko aukera. «Khamenei hiltzeak ez luke gatazka areagotuko; bukatu egingo luke», esan zuen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak joan den astelehenean. Aukera horrekin zuhurrago mintzo zen orduan Donald Trumpen administrazioa: «Irandarrek hil al dute estatubatuarrik? Ez. Halakorik gertatu arte ez ditugu [Irango] lider politikoak atzemango, inondik inora», zioen iturri batek.

Trumpek asteartean aipatu zuen Irani eta Khameneiri zuzenean erasotzeko aukera. AEBetako presidenteak «baldintzarik gabeko errenditze bat» onar dezala exijitu zion Irani, eta gaineratu zuen «erraz» hil dezaketela Khamenei, baina «oraingoz» ez dutela halakorik egingo. JD Vance AEBetako presidenteordearen arabera, Trump prest legoke «esku hartzeko», hori egitea beharrezkoa bada Iranen gaitasun nuklearra ahultzeko. Teheranek, ordea, erantzun zuen ez duela AEBekin elkarrizketarik izango Israelek erasoak eten arte. Esku hartze horri buruz bi asteren buruan erabakiko zuela esan zuen Trumpek herenegun.

Aukera horren ondorioez ohartarazi du, ordea, Errusiak. Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek esan zuen «onartezina» litzatekeela Irango agintariak aldatzea, eta Khamenei hiltzeak «Pandoraren kutxa» irekiko lukeela. Halaber, Sky News hedabideari emandako elkarrizketa batean, abisua egin zuen Errusiak «oso gaizki» erreakzionatuko lukeela lider gorena hilko balute. «Atzerriko aktoreak sartzen badira, gatazka eskualdera hedatuko da».

Beraz, orain arte, alferrik izan dira bide diplomatikotik gatazka apaltzeko eginiko saiakerak. Atzo, Irango ordezkariak Erresuma Batuko, Frantziako eta Alemaniako homologoekin batzartu ziren Genevan (Suitza), eta Frantziako presidente Emmanuel Macronek atzo bertan esan zuen negoziazioak «azkartu» egingo direla. «Ziur nago gerratik ateratzeko eta arrisku larriagoak eragozteko bide bat dagoela», idatzi zuen Macronek sare sozialetan, Irango presidente Masud Pezexkianekin telefonoz hitz egin ondoren. Igandean heldu da AEBen bonbardaketa.

Irango Osasun Ministerioak atzo zabaldutako datuen arabera, hilaren 13az geroztik 430 pertsona hil ditu Israelek, eta 3.500 zauritu. Iranek Israeli egindako erasoen ondorioz, berriz, 24 pertsona hil dira azken bederatzi egunetan, iturri ofizialek esan dutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.