Ekonomia aplikatuko katedraduna

Germa Bel Queralt: «AHTaren sarea mantentzeko lanetan izandako luzaroko arduragabekeriek ondorioak ekartzen dituzte azkenean»

Espainian AHTaren sarea zabaltzeko izan den joeran arakatu behar da azken urtean gertatutako istripu larrien zergatia aurkitzeko, Germa Belt Queralten iritziz. Zaila iruditzen zaio ikuspegi hori aldatzea, zenbait mende baitaramatza indarrean.

Germa Bel Queralt Bartzelonako Unibertsiateko irakasle eta garraio gaietako aditua. BERRIA
Germa Bel Queralt Bartzelonako Unibertsiateko irakasle eta garraio gaietako aditua. BERRIA
inaki petxarroman
2026ko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekonomia aplikatuko katedraduna eta garraio gaietan aditua da Germa Bel Queralt (Les Cases d'Alcanar, Herrialde Katalanak, 1963). Besteak beste, abiadura handiko trenari (AHT) buruzko ikerketa lan ugari egindakoa da, eta erreferentziazko lana bihurtu da hark idatzitako España, capital París saiakera liburua. Belen iritziz, Espainian izandako azken bi istripu larriek erakusten dute ez dela jasangarria Espainian indarrean den irizpidea; hau da, AHT eredu bera izatea denentzat.

AHTaren sarean bi istripu oso larri gertatu dira Espainian urtebetean. Zer erakusten du horrek?

Munduan AHT sarean izandako istripurik larriena Angroisekoa (Galizia) izan zen, 2013koa. Eta orain Espainiako Estatuan beste bi gertatu dira. Horrek agerian uzten du Adifen funtzionamendua okerra dela, bera baita sarearen arduraduna. Eta badago datuetan oinarritzen den pertzepzio bat ere; hots, mantentze lanetan aspalditik dauden hutsuneengatik gertatzen ari dela hau. Itxuraz, urtarrileko istripua erreien berrikustean izandako arazoengatik gertatu zen; eta urrikoa, berriz, ez zen eragotzi, segurtasun sistemen funtzionamendu okerra zela eta. Agerikoa da: sarea mantentzeko lanetan izandako luzaroko arduragabekeriek ondorioak ekartzen dituzte azkenean.

Bruselak bere azken txostenetako batean ohartarazi zuen Espainian trenbideetan egindako inbertsioaren zatirik handiena (%84) eraikuntzarako erabiltzen dela, eta, aldiz, %16 bakarrik erabiltzen dela mantentze lanetarako eta segurtasunerako. Europan %35-40 jartzen dute, batez beste, mantentze lanetarako.

Europako Batasunean AHT sarerik luzeena daukan herrialdea izateaz gainera, Espainia da gaur egun gehien eraikitzen ari dena. Izan ere, Alemanian, Frantzian eta Italian batera baino kilometro gehiago ari dira eraikitzen Espainian. Horrek erakusten du eredu berean sakontzen jarraitzen duela. Eta, gainera, Adif da Europan finantza estresik handiena duen operatzailea. Zeren eta, kilometro gehien dituen sarea izateaz gain, erabilera txikienekoa ere bada, alde handiz, gainera. 2018an, Espainiako erabileraren dentsitatea Italiakoaren eta Hego Koreakoaren herena zen, eta bi horiek zituen justu aurretik. Orain, bidaiari kopurua handitu denez, bi horien bidaiari kopuruaren erdia-edo izango du Espainiakoak. Pentsa zer den, Japoniarekin, Txinarekin edo Frantziakoarekin konparatuz gero.

Zergatik horren inbertsio gutxi mantentze lanetan?

Errentagarritasun soziala negatiboa dela badakigu. Baina zer gertatzen da? Nahiz eta sarearen %70etik gora diru laguntzei esker eraiki den, Adifek 20.000 milioi eurotik gorako zorra pilatu du. Beraz, zorra ordaindu egin behar da, mantentze lanetarako diru gehiago behar da, eta proiektu berrietan inbertitzen jarraitzen dute... Horren guztiaren ondorioa latza da; izan ere, diru arazoak daudenean, alde batera uzten den lehenengo gauza mantentze gastua izaten da, pentsatu ohi dutelako gero datorrenak helduko diola horri...

Orain gogoratu gara AHT sareak oso teknologia exijentea duela?

Sarean tentsio handia dagoenez, eraikuntzan eta mantentzean ahalegin ekonomiko handia egin behar da. Noski, exijentzia horri ez badiozu behar bezala erantzuten, arazoak izan daitezke, eta horrek azaltzen du zergatik izan diren Espainian azken 30 urteetako munduko hiru istripurik hilgarrienak. Italian istripu bakarra egon da, eta bi gidari hil ziren; Frantzian eta Japonian ez da hildakorik izan. Beraz, sarea zahartu ahala, eta mantentzean eta berrikuntzan ez baduzu inbertitzen, arazo gehiago izango dituzu. Hori gertatzen da Madril-Sevilla linean. Bazter utzi dira aldirikoak, bazter utzi dira salgai trenak, eta bazter utzi da mantentzea. Ondorioak hortxe daude.

Puente Garraio ministro ohiak esan zuen asko eraiki dutela tokiko agintari bakar bat ere ez delako egon prest AHT saretik at geratzeko. Zer iruditzen zaizu?

Noiztik zehazten dute alkateek gobernuaren politika? Eta bigarrenik, izan da AHTari uko egin dionik. Ministroa komunikatzaile ona da, baina, karguari zin egin zionean, berak bazekien ze politika zegoen indarrean, eta, beraz, edo hipokrita hutsa da, edo, ez bazekien, ez zen gai halako ardura bat hartzeko eta ondo egin du dimisioa emanda. Zeren eta ez al zuen Aznarrek esan AHTa probintzia eta hiriburu guztietara eramango zutela?

Iruditzen zaizu istripuen ondorioz zuzentzen hasiko dela orain arte eraikitzearen alde izan den politika hori?

Ez. España, capital París liburuak erakusten du politika horrek hiru mendeko abala daukala. Gobernu guztiek jarraitu dute horretan, eta Puente ministroak isildu egin du, nahiz eta berak jakin badakien. Orain jota gaude emozionalki, baina istripuak izateak ez ditu politikaren oinarria eta arima aldatuko. Ikuspegi politiko bat da: nahi eta nahi ez konektatuta egon behar da hiriburu politikoarekin, dagoen teknologiarik onenarekin, gainera... Ze bestela gutxietsia sentituko dira asko Espainian. Horrek kostuak dauzka. Eta hori egiteak derrigortzen zaitu beste gauza batzuk ez egitera. Baina politika horrek sustrai sakonak ditu, eta zaila iruditzen zait inor hastea planteatzen agian okerrekoa izan dela.

Baina baliabide nahikorik ez badago, nondik helduko da irtenbidea?

Sistema batek jarduteko, mantentzeko eta berritzeko daukan kostua exijitzen zaizkion prestazioen araberakoa izaten da. Beraz, zer kosturi aurre egiteko prest gaude linea bakoitzean? Lineak ixtea zaila izango da, baina eskaintzen duen zerbitzuaren prestazioak daukan erabileraren intentsitatearen araberakoak izan beharko lirateke. Orain segurtasunari buruz hitz egingo dugu luzaro, baina denborarekin azterketa zorrotz bat egin beharko da sare osoari buruz, eta asumitu beharko dugu orduko 300 kilometroko abiadura izatea garestiagoa dela 200ekoa izatea baino... Hori da egin beharreko debatea. Oraingoan, denontzako kafearen ideiak ez du balio.

Badira sektore ekonomiko indartsuak onura ateratzen diotenak indarrean den politikari...

España, capital París liburuaren bigarren argitalpenean azpititulua eman nion gai horri, hau da, zergatik eraikitzen diren gero erabiltzen ez diren horrenbeste azpiegitura Espainian, eta arrazoia da eraikuntza enpresa boteretsuek interesak dituztela, eta gihar handia egin dutela obra publikoari esker. Horrek azaltzen du azpiegituraren hedaduraren eta erabileraren arteko desoreka handia.

Giza hutsegiteei egotzi diete azken istripua. Zer iruditzen zaizu?

Lehenik segurtasuneko teknologiak egin du huts, haren mantentzea eskasa izan delako. Bigarrenik, giza hutsari dagokionez, ni ez naiz aditua trafikoen gestioan, eta beste guztiek jaso dugun informazioa jasota, ez daukat irizpiderik epaiketa bat egiteko. Horri buruzko informazioa lehenengo egunean zabaldu izana, ordea, bai iruditzen zait giza huts bat. Zergatik? Arlo politikoari presioa kentzeko trikimailu bat delako. Ulertzen dut arreta desbideratu nahi izatea ministroak eta gobernuak izango duten presioaren ondorioz, baina ez da onargarria. Arreta desbideratzen du benetan hitz egin beharko litzatekeen horretatik, hau da, ea 30 urtean indarrean egon den garraio politika okerrak zerikusia ote daukan gertatu den horretan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA