Amaitutzat jo dute Fukushimako zentrala ixteko bigarren fasea

Erreaktoreak «egonkor» daudela adierazi du Japoniako lehen ministroak, ez direlako ehun gradutik pasatzen

Erredakzioa
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Duela bederatzi hilabete Fukushimako zentral nuklearrean izandako istripua erabat kontrolatzeko lanen bigarren fasea amaitutzat jo dute Japoniako Gobernuak eta TEPCO zentraleko enpresa kudeatzaileak; hain zuzen, erreaktoreen egoera «egonkorra» dela jakinarazi du Yoshihiko Noda Japoniako lehen ministroak, eta ehun gradu zentigradutik gorako tenperaturetara ez direla iristen. Halaber, ondorio larriagoak eragozteko neurriak hartu dituztela iragarri du. «Fukushimako krisia gainditzea erronka bat da Japoniarentzat, eta baita gizateria osoarentzat ere; baina zentrala konpontzen ez badugu, herrialdea ezingo da erabat suspertu», gaineratu du.

Dena dela, aurreikusitako bigarren urratsa amaitu arren, lanak ez dira erabat bukatu. Uneotan, bi erronka nagusi ditu Japoniak: zentralean bilduta dauden ur kutsatuen eta inguruko eremuetan ekoitzitako elikagaien kontrolaeta lekualdatutako 80.000 lagunen itzulera prestatzea. Lehenengoari dagokionez, gutxienez 128.000 ur tona inguru daudela kalkulatu dute adituek, eta zentraleko ur biltegiek gainezka egingo dute laster. Gainera, noizbehinka ihesaldiak izaten dira, eta ur kutsatua Ozeano Barera iristen da. Elikagaiei dagokienez, azken asteetan Fukushimatik gertu dauden 4.000 landetxetan ekoitzitako arrozaren kontsumoa debekatu dute, zesio maila altuaduelako. Herritarrak noiz itzularaziko dituzten, ordea, oraindik ez da ziurra.

Beraz, hirugarren fasea hasiko dute orain; kaltetutako erregaia erretiratu eta erreaktoreak desmuntatuko dituzte.25 urte inguru beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.