Jordi Muñoz.
Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa. IRITZIA

Ahultasun erakustaldia

2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Auzitegi Gorenaren jauregia. Magistratuen togak. Hormetako zetak eta erretratuak. Furgoi blindatuak, Poliziaren eta Guardia Zibilaren garraioak. Badirudi estatuaren indarra erakusteko pentsatu dela nola eszenaratu subiranismo katalanaren liderren kontrako epaiketa. Eta horixe da, alde batetik: Kataluniako gehiengo demokratikoaren liderrak sartu dituzte espetxean, eta lider horiek eserarazi dituzte akusatuen aulkian.

Baina oso modu primarioan baino ez da indar erakustaldi bat. Estatuak erakutsi du, nabarmenkeriaz erakutsi ere, gai dela Kataluniako gehiengo demokratikoari gaina hartzeko, hura behartzeko. Hala da, bai, baina, sakon-sakonean, bistan da estatuaren ahultasun ikaragarria dagoela parafernalia judizial horren guztiaren atzean, estatu hori mendeetan ez baita gai izan barne aniztasuna egokitzeko edo integratzeko.

Izan ere, lehendik ere egon gara hor. 1935ean, Generalitateko gobernua epaitu zuten Auzitegi Gorenaren egoitzan, Lluis Companys barne, 1934ko erreboltagatik matxinada leporatuta. 30 urtera kondenatu, eta Puerto de Santa Mariako kartzelara eraman zituzten Companys eta haren kontseilariak; hantxe egon ziren, harik eta, hurrengo urtean Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi, amnistia iritsi eta Kataluniaren autogobernua berriz ezarri zen arte.

Ez dakigu aurrerantzean ere bideak parekatzeko modukoak izango diren, baina, nolanahi ere, Espainiako Estatuak Kataluniarekiko harremanean duen itzulera etengabe horrek ezin argiago erakusten du porrot egin duela Espainiako nazio estatua eraikitzeko proiektu historikoak. Estatua ez da gai gutxiengo nazionalak onartzeko edo egokitzeko, eta, horren ondorioz, zapalkuntzara jo beste erremediorik ez dauka. Baina horretaz ohartu eta horren arabera jokatu beharrean, nazionalismo espainolak are sakonago iritsi nahi du bere porrot horretan. Gogor jokatzeko eskatzen ari da, 155. artikulua ezartzeko, zapaltzeko. Nazionalismo espainolak behin baino gehiagotan probatu du bide hori, eta ez zaio ondo atera. Ez 23an, ez 39an, eta orain ere ez zaio ondo aterako.

Proiektu nazional ahula dutenez, oraindik ez dira saiatu Espainiarekiko atxikitze nahitaezkoa —behartua— borondatezko atxikitze bihurtzen. Behin eta berriz baieztatzen dute ez dagoela gehiengo inpedendentistarik Katalunian, baina ez dira galdetzera ausartzen, eta horrek segurtasun falta ikaragarria erakusten du.

Seguru asko, urte askotako kartzela zigorrera kondenatuko dituzte lider demokratiko eta baketsu batzuk oraingo epaiketa horretan. Baina, batez ere, Espainiako demokrazia kondenatuko dute. Eta are gehiago ahulduko dute bere arazo historiko nagusietako bat konpontzeko gai ez den estatu hori.

Izaera baketsuaren defentsan

Ez dute bat egiten balizko irtenbidean

Epaiketari buruzko albiste bilduma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.