urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Newrozen, ahalduntzen

2015eko martxoaren 21a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Newroz pîroz be irakurri genuen Amedeko agertoki handian. Zorionak Newroz, udaberriko egun berria. Milioi bat lagun batu ziren hurrengo orduetan, Kurdistanen irekitzear zen arorako. Gaur berdintsu bilduko dira Kurdistango hiriburuan. Asteartean ekin zieten kurduen egun nazionaleko ospakizunei, Kobaneko Mishtenur muinoan piztutako suarekin. Duela 10-15 urteko debekuen aldean, ahalduntze, boteretze bidean egindako urratsak urrundik begiratuta nabari dira ibilian baino gehiago.

Urepeletik abiatzean Bilbok urruna dirudi, eta hara zelan ehunka kilometro bete dituen gaur dagoeneko Korrikak. Lasterka, arineketan, korrika goaz duela 35 urtetik, herririk herri hizkuntzaren agoniari aurre hartu beharrez, presaka. Eskuz esku doan lekukoa, mendirik mendi pizten da Mesopotamiako mendietan. Neguaren amaierak sua, bizia, askatasuna dakar. Diotenez, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren borroka armatuaren amaiera ere ekar lezake Newroz honek, Ameden bolo-bolo dabiltzan iragarpenak betez gero. Hala eskatu du Abdulla Ocalan buruzagiak espetxetik. Egunotan mintzatu naiz hainbat kurdurekin, eta mesfidati dira neurri horrekin: orain bertan mugimendu kurdua oso indartsu dago, eta Turkiaren aurka bake prozesua egonda ere, mugaz beste aldean aurrez aurre daude daesh-eko (Estatu Islamikoko) jihadistak. Mendebaldeak ulertu du behingoan, mapetan egon ez arren, Ekialde Hurbila ezin dela Kurdistanik gabe irudikatu.

Turkiako estatuak, gaur-gaurkoz, ezer gutxi eman du; ukabila zerbait ireki du, baina dena dago, oraingoz, negoziazioen bide orrian. Milaka preso, hasteko. Udalen autonomia eta horiek batuta sor litekeen erakundetzea, segidan. Eta hizkuntza, bake-prozesuan oso goian jarri duten puntua. Kurduerak egin du aurrera, ezerk egitekotan, azken urteotan. Han ere agonian baitago hizkuntza. Duela hamar urte Europaren presiopean baimendu eta iraun ez zuten eskolen aldean, aurten ireki dituzten lehen ikastetxeek hortxe diraute, kurdueraz irakasten. Irailean ateak zabaldu eta aurki joan zitzaien Polizia prezintoa jartzera, legearen zirrikituren bat aitzakia hartuta. Baina ahalduntze-prozesuan, azkenean ulertzen duzu, Poliziak zinta hauskor bat baino ez duela jarri. Hura hautsi, berriz zabaldu, eta gaur arte dihardu Farzad Kamangar eskolak (Iranek urkatutako irakaslearen omenez hartu du izena) Diyarbakirren. Santutxuko gure ikastolak mende erdi bete duenean ekin diote bideari Kurdistanen.

Esanguratsua izan da, baina, zelan gertatu den hau guztia: Turkiarekin negoziazioetan ahalduntze-prozesuak abiaraztear zirela, Rojavako eta Shingaleko genozidioa eta miraria gertatu dira, Siriako eta Irakeko kurduen aurkako jihadisten sarraskiek milaka iheslari ekarri baitituzte Ipar Kurdistanera. Turkiera beste hizkuntzarik ez zegoen estatuan, bertako kurduek zirrikitu txikia irekitzeaz bat, milaka haur iheslarik, baldintzarik miserableenetan kurdueraz ekin zioten ikasturteari. Eta hala dihardute, ia laguntzarik jasotzen ez duten iheslari-guneetan.

Newroz egun honek Zarok telebista berria ere ekarriko du Kurdistanera. Umeentzat pentsatutako kanala izango da, eta kurmanji-az gain (Ipar Kurdistanek gehienek hitz egiten duten aldaera), zazaki-a ere erabiliko dute. Hizkuntza batuaren beharra ez da berdin ikusten 20-30 milioi hiztun dituzunean.

Ekialde Hurbilean sakoneko aldaketak datoz. Duela ehun urte kolonialismoak marraztutako mapak zahartu dira, eta jaiotzen den horrek aintzat hartu beharko du Kurdistan. Arabiera, turkiera zein pertsiera tradizio luzeko hizkuntza handiak dira, baina kurduerak ere bere lekua eskatzen du. Euskal Herrian badakigu zerbait, badaukagu zer eman gure esperientzia luzetik, gure arrakastetatik eta porrotetatik. Garabide elkarteak, Ameriketan egindako lanen ondoan egin dio lekurik Kurdistani ere. Laguntza eske ditugu. Arabieraz zein espainieraz mintzo diren herriek baliatuko ez duten esperientzia hori daukagu Euskal Herrian. Ahalduntzearen ahalduntzez, ume kurduek nafarrek baino lehenago izan arren marrazki bizidunak haien hizkuntzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA