Andy Burnham Erresuma Batuko Alderdi Laboristako buru izendatu dute

Azken hamarkadetan botere politikoa zentralizatu eta botere ekonomikoa pribatizatu egin dela salatu du Manchester Handiko alkate ohiak, eta «politika berriak» egingo dituela agindu. Astelehenean izendatuko dute Erresuma Batuko lehen ministro.

Burham —erdian— gaur Londresen, Alderdi Laboristako buruzagi izendatu dutenean. HENRY NICHOLLS / EFE
Burham —erdian— gaur Londresen, Alderdi Laboristako buruzagi izendatu dutenean. HENRY NICHOLLS / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko uztailaren 17a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Aldaketak egiteko azken aukera dugu», Andy Burnham Erresuma Batuko laboristen buru berriak argi du zein den bere egitekoa: «Politika berriak egin behar ditugu». Ezohiko batzar batera deitu du gaur Alderdi Laboristak, Burham alderdiko lider izendatzeko. Ekitaldi horretan, Manchester Handiko alkate izandakoak (2017-2026) adierazi du Erresuma Batuak beste norabide bat hartuko duela bere gidaritzapean —astelehenean izendatuko dute lehen ministro—. 1980ko hamarkadatik erabaki desegokiak hartu direla gaitzetsi du: «Botere politikoa zentralizatu egin zen, eta botere ekonomikoa, pribatizatu». Horregatik, publikotasuna eta deszentralizazioa erdigunean jartzeko ordua dela esan du.

Horren harira, Erresuma Batuko «lurralde guztien» lehen ministroa izango dela jakinarazi du Burnhamek: «Eta lurralde guztiena esaten dudanean lurralde guztiez ari naiz: iparraldea, hegoaldea, ekialdea eta mendebaldea; Eskozia, Gales eta Ipar Irlanda». Erresuma Batuko Parlamentuak «boterea berreskuratuko» duela hitzeman du, eta botere hori bueltan emango diela tokiko erakundeei.

Iragan ostegunean zabaldu zuten alderdiko primarioetara aurkezteko epea, eta hasiera-hasieratik argi geratu zen Burnhamek alderdikide gehienen babesa zuela. Asteazkenerako, laboristek Komunen Ganberan dituzten 403 diputatutatik 379k egin zuten Manchesterko alkate ohiaren alde. Hortaz, beste edozein hautagairi matematikoki ezinezkoa zitzaion lehia horretara aurkeztea. Izan ere, Erresuma Batuko Alderdi Laboristaren araudiaren arabera, primarioetara aurkezteko ezinbestekoa da 81 diputatuk —parlamentari laboristen %20k— hautagai baten alde egitea. Gainera, Alderdi Laboristaren parte diren 31 elkarte eta sindikatuetatik 23k esan dute Burnham babesten dutela.

Hortaz, ez dute alderdi barneko bozik egin behar izan, eta Burnhamek gaur hartu du Keir Starmerren lekukoa alderdiaren buruzagitzan, eta astelehenean hartuko du lehen ministro kargua. Lehenik, Starmer Buckingham jauregira joango da, eta dimisioaren berri emango dio Charles III.a erregeari —ekainaren 22an iragarri zuen kargua utziko zuela—. Ondotik, Burnham joango da Erresuma Batuko errege-erreginen bizilekura, eta gobernua osatzeko agindua emango dio Charles III.ak. Jarraian, lehen ministro berriak hitzaldia emango du Downing Streeteko 10. zenbakian, eta gobernu berria aurkeztuko du.

Gaur, nabarmendu du gobernu berriaren lehentasunak «zalantzarik gabe laboristak» izango direla, eta horrela lortuko dutela herritarren babesa. Esan du ez direla saiatuko Berdeen, Reform UK alderdikoen edo kontserbadoreen antza hartzen. Laboristek beren bidea egingo dutela esan du, «batuta» daudela, eta aurrerantzean herritarren «itxaropena berpizten» saiatuko direla.

2024ko hauteskunde orokorretan lortutako garaipena urrun geratu zaio Erresuma Batuko alderdi laboristari, eta gero eta hurbilago sumatzen ditu 2029ko bozak. Eta are eta gertuago sentitzen du eskuin muturra. Reform UK alderdi ultraeskuindarrak indar handia hartu zuen maiatzean, Ingalaterrako udal hauteskundeetan.

Alderdi tradizionalak gain behera doazen honetan, laborismoa zulotik ateratzea izango du zeregin nagusi Burnhamek. Alderdikide gehienek argi ikusi zuten hura zela Starmer ordezkatzeko hautagai onena, eta, lehen ministroak dimisioa eman zuenerako, Burnhami Downing Streeterako bidea zabaldu zioten.

Neurrira egindako prozesua

Manchesterko alkatea ez zen parlamentaria Komunen Ganberako, eta hori ezinbesteko baldintza da Erresuma Batuko laboristen buruzagi izateko. Horretarako, Josh Simons Makerfield barrutiko diputatuak kargua utzi zuen maiatzean, eta, ekainaren 18an, boz partzialak egin zituzten hautesbarruti horretan. Burnham nagusitu zen, eta ekainaren 22an parlamentari kargua hartu zuen. Hain justu, Starmerrek dimisioa iragarri zuen egun horretan bertan. Segidan, Erresuma Batuko hedabideek jakinarazi zuten alderdiaren lidergoa hartzeko hautagaitzat jotzen zituzten bi alderdikideek ez zutela primarioetan parte hartuko.

Manchesterko udaletxetik Downing Streeteko 10. zenbakira egingo du jauzia, eta hiru urte edukiko ditu besteak beste brexit-aren ondorioak eta eskuin muturraren gorakada apaltzen saiatzeko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA