Ikerketa batzorde bat eratuko dute Frantziako Asanblean, argitzeko nola kudeatu zituen Poliziak larunbateko istiluak

Gobernuak bere hutsegiteak partez onartu baditu ere, «ezker muturra» ezarri du jomugan; LFI alderdia, zehazkiago. Informazio zerbitzuek baieztatu dute Barne ministroak galdegin diela LFI jo dezaten istiluen piztailetzat.

Laurent Nunez Frantziako Barne ministroa eta Sebastien Lecornu Lehen ministroa, atzo, Parisen. JULIEN DE ROSA / POOL / EFE
Laurent Nunez Frantziako Barne ministroa eta Sebastien Lecornu Lehen ministroa, atzo, Parisen. JULIEN DE ROSA / POOL / EFE
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko urriaren 20a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbataz geroz, kaosak ez du etenik Frantzian. Gobernuak «huts egin» baitu, hainbat alderditako bozeramaileek gaitzetsi dutenez: lehenik larunbateko mobilizazioen kudeaketan, eta, batez ere, izan diren arpilatzeenean; gainera, LFI Frantzia Intsumisoa jo dute gertakarien iturburutzat, eta informazio zerbitzuei horren zabaltzea galdegin, jakinik ere informazio hori faltsua dela. Goizean konfirmatu denez, ikerketa batzorde bat eratuko dute Frantziako Asanblea Nazionalean larunbatean gertatutakoak nolaz gertatu ahal izan diren argitzeko; hots, istiluak eta Poliziak nola kudeatu zituen argitzeko.

Hain zuzen ere, larunbateko gertakariak ondo ez kudeatu izana leporatu zaio Frantziako Gobernuari azken egunetan. Manifestazioen ondoan, hala Parisen nola beste zenbait hiri handitan, hainbat arpilatze izan ziren, komertzioak andeatuak eta zenbait instituzio erreak. Poliziak, ordea, kasik ez ziren agertu leku horietara, eta saltzaileak bakarrik baratu ziren erasotzaileen aitzinean haien saltegiak defendatu nahian. Hala, kalte anitz izan ziren, eta gobernua bortxatua izan da onartzera polizia operazioa ez dela egokia izan, baizik «asimetrikoa».

Arratsaldean iragarri dutenez, armada bidaliko dute heldu den larunbaterako deitua den mobilizazioa kudeatzeko.

«Ultraezkerra» jomugan

Igandean, iluntzean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ezohiko agerraldia egin zuen TF1 telebista katean. Presidenteak bereizi zituen protestan dabiltzan ikasleak eta «istilu sortzaileak», baina «ezker muturreko» taldeei egotzi zien istiluen erantzukizuna. Geroztik, Laurent Nuñez Frantziako Barne ministroak adierazi du LFI izan dela larunbateko arpilatzeen bultzatzailea. Bada, LFIko Manuel Bompardek goizean iragarri duenez, salaketa ezarriko dute Nuñezen kontra. «Eskandalagarria da gobernuak bere hutsegiteak LFI salatuz gordetzea».

Terminologia bera erabili dute azken hiru egunetan, hala gobernuak nola Frantziako hedabide nagusiek, larunbateko bazter funditzaileei beti ber etiketa politikoa lotu nahian: zabal harturik, ezker muturrarena, eta zehazkiago, LFIrena. Igandean, Lecornuk zerbitzu sekretuak aipatuz adierazi zuen Frantzian «ezker muturreko mugimenduek» herrialdea «aztoratu» nahi dutela datorren udaberrian egingo diren presidentetzarako hauteskundeak bitarte: «Oinarrian indarkeria duen gutxiengo batek indarkeriaz betetako agenda bat ezarri du, eta hauteskundeak era arruntean egitea eragozten digute».

Ordea, Parisko prokuradoreak atzo goizean adierazi zuenez, «ezin liteke konfirmatu» urriaren 17an Parisen gertatutako istiluen jatorrian «ultraezkerrean politizatutako pertsonak izan zirenik». Gehienak sekula ikusi gabekoak dira, batere etiketa politikorik ez dutenak.

Hots, larunbat gauaz geroz gobernuak behin eta berriz baieztatutakoaren kontrakoa adierazi du prokuradoreak. Baita informazio zerbitzuetako ordezkariak ere, Nuñezek emandako aginduak argitara ekarriz, Mediapart informazio webgunearen eskura: «Gauza batzuk ezin genitzake adierazi, baina bortxaz, erabaki politikoak daude: hala nola hitzez hitz galdetzen zaigularik [istiluen] mugimenduaren gibelean LFI zegoela erratea; objektiboki gezurra da, alta».

Polizia sindikatu bateko ordezkari batekin ere mintzatu dira Mediapart guneko kazetariak, eta, azaldu dienez, «sorpresaz» hartu ditu LFIren kontra gobernuak egindako adierazpenak: «Ez dut ulertzen zer izan daitekeen lotura LFI eta [larunbateko] porrotaren artean. Lanjerosa da halako hutsegite baten politizatzea, gainera ardurarik osoa hartu gabe».

Nuñez Barne ministroak, bere aldetik, leporatzen zaizkionak ukatu ditu, eta berretsi «lotura dagoela zenbait taldexkaren eta LFIren artean».

Etxeratze aginduak

Sebastien Lecornu Frantziako Barne ministroak ere hitza hartu du goizean, atzo iragarritako etxeratze partzialen lehen gauaren bilana egiteko, hala nola Parisko, Lyongo, Bordeleko, Lilleko eta Nizako hirietan. Haren erranetan, neurriak «lasaitasuna ekarri» du hirietara. Gaur, berriz ere, etxeratze aginduak ezartzeko asmoa dute, «egoerak eskatzen duenaren arabera».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA