Flotillako Euskal Herriko sei kideak bihar dira Euskal Herrira iristekoak

Bi aktibista ospitaleratuta egon dira azken bi egunetan Istanbulen, Israelen tratu txarren ondorioz. Ben Gvir ministro ultrak ekintzaileekin edukitako jarrera kritikatu du Netanyahuk.

Global Sumud Flotillaren aurkako erasoak salatzeko mobilizazio baten artxiboko irudia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Global Sumud Flotillaren aurkako erasoak salatzeko mobilizazio baten artxiboko irudia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Kepa Ugarte Martiarena - Igor Susaeta
2026ko maiatzaren 22a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Global Sumud Flotillan zihoazen sei euskal herritarrak bihar 11:00k inguruan dira Euskal Herrira iristekoak, Loiuko aireportura (Bizkaia). Haietako bi Istanbulen ospitaleratuta egon dira, Israelgo estatu indarrek emandako tratu txarren ondorioz —beste laurak ere han egon dira—. Euskal Herriko ordezkaritzaren iturrien arabera, batek saihets batzuk puskatuak ditu, eta besteak hautsita dauka omoplatoa. Israelek atzo deportatu zituen flotillako 430 ekintzaile, hiru hegalditan. Hegazkinek Istanbul izan zuten jomuga.

Israelek flotillaren azken saiakera zapuztu du asteon: Gazan ezarritako setioa amaitzeko egitasmoaren azken ekinaldian, 50 ontzi inguru geldiarazi zituen hango armadak, eta horietan zihoazen ekintzaileak gatibu hartu.

Bada, Israelek aske utzi ostean, Euskal Herrira iristekoak ziren gaur ekintzaile horiek: 11:10ean egin behar zieten ongietorria Loiun. Euskal Herriko Global Sumud taldeak gaur ohar batean nabarmendu duenez, «errepresio indar sionisten bahiketan jasandako indarkeriak eragindako lesioengatik» egon dira bi kide Istanbulen ospitaleratuta.

Iragan astean 50 ontzi inguru atera ziren Marmaris hiriko portutik (Turkia), Gazan ezarritako setioa amaiarazteko asmoz, baina guztiak atxiki zituzten astelehena eta asteartea bitartean. Herenegun iritsi ziren Axdod hiriko portura (Israel) atxilo hartutako zenbait ekintzaile, eta Israelgo segurtasun indarrek tratu txarrak eman zizkieten. Besteak beste, sexu jazarpena, sexu abusuak eta jipoiak salatu dituzte flotillako kideek. Atzo askatu zituzten guztiak.

Eta Alemaniak, esaterako, Israelek ekintzaileei emandako tratua «onartezina» dela salatu du. Hori nabarmendu du Atzerri Ministerioaren bozeramaile Martin Geigerrek gaur prentsaurreko batean. Eta Itamar Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministroaren jarreraz mintzatu da. Eledunaren esanetan, «deskribaezina» da ministro ultraren portaera. Izan ere, asteazkenean bideo bat kaleratu zuen X sare sozialean, zeinean ikusten zitzaion Axdodera iritsitako flotillako kideei iseka egiten. «Jarrera hori ez da bateragarria Alemaniak Israelekin defendatzen dituen balioekin», erantsi du Geigerrek.

Espainiak eta Italiak beren kabuz, baita EB Europako Batasunak berak ere, kritikatu egin dute flotillako kideei emandako tratua; batez ere, Ben Gvirren jarrera. Eta horren harira, hain zuzen, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak auzitan jarri du bere gobernuko kidearen jarrera. «Ben Gvir ministroak flotillako aktibistak tratatzeko modua ez dator bat Israelen balioekin», adierazi du Netanyahuk gaur, ohar batean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA