«Kuba erortzear da. Ez dakit nola eutsiko dioten beren buruari». Donald Trump AEBetako presidenteak Venezuelari eraso egin eta Nicolas Maduro presidentea harrapatu ostean egindako adierazpenak dira. Eta Habanak zutik iraungo ez duela ziurtatzeko, Etxe Zuriko maizterrak bultzadatxo bat eman dio. Euskal Herrian gaur goizaldea zela, ordena exekutibo bat sinatu du Kubako Gobernua AEBen segurtasun nazionalerako «mehatxua» dela deklaratzeko, eta Karibeko uharte hartara petrolioa bidaltzen duten estatuentzako zigorrak iragarri ditu. Habanak «eraso izugarri» hori gaitzetsi du, eta ohartarazi Kubako herritarrak «muturreko bizi baldintzetara» eraman ditzakeela.
Ikusi gehiago
Trumpek sinatutako ordena exekutiboaren arabera, Kubako Gobernuak laguntza eskaintzen die Errusiari eta Txinari. Gainera, Hezbollah Libanoko milizia xiita eta Hamas Palestinako milizia sunia babesten dituela ere gehitu du, eta biak ala biak talde «terroristak» dira Washingtonentzat. Hortaz, Mendebaldeko hemisferioaren «etsai arriskutsuei» laguntza emateaz gainera, Habanari leporatu dio eskualdea «desegonkortzea» migrazioa eta indarkeria erabiliz. Eta Kubako herritarren giza eskubideak zapaltzen dituela ere gaineratu du.
Horregatik, «larrialdi nazionala» deklaratu du, Kubako Gobernua AEBentzako «aparteko eta ezohiko mehatxua» dela argudiatuta. Eta «larrialdi nazional» horri aurre egiteko, muga zergak ezarriko dizkie Kubara «zuzenean edo zeharka» petrolioa bidaltzen duten herrialde guztiei.
Kubako Gobernuaren arabera, Etxe Zuriaren argudioak gezurra dira. Bruno Rodriguez Kubako Atzerri ministroak sare sozialetan salatu duenez, AEBek «xantaia eta hertsapena» erabiltzen dituzte beste herrialde batzuk ere Washingtonek Kubaren aurka abian duen blokeora batzeko. Eta gaineratu du gero eta ebidentzia gehiago daudela esateko AEBetako Gobernua dela eskualdeko bakearen, segurtasunaren eta egonkortasunaren aurkako «mehatxu bakarra». Trumpek iragarritako azken neurriek Kubako herritarrak «muturreko bizi baldintzetara» eraman ditzaketela ere ohartarazi du Rodriguezek.
Hain justu, Financial Times Erresuma Batuko kazeta ekonomikoak Kuba petroliorik gabe geratzen ari dela kaleratu ostean iritsi da Trumpen erabakia. Hamabost-hogei egunerako petrolioa geratzen zaio Kubari, Kpler datu analisi etxearen arabera. Venezuela izan da azken urteetan Kubaren petrolio hornitzaile nagusia, baina, AEBen erasoaz geroztik, Caracasek ez du petroliorik bidali Karibeko uharte hartara.
Mexikoren dilema
Kpler etxearen arabera, 2026an Mexiko izan da Kubara petrolioa bidali duen herrialde bakarra, baina hark ere bidalketa bakarra egin du, urtarrilaren 9an. Mexikok bidalitako petrolio upelak eta kalkuluen arabera Habanak gordeta zeuzkanak batuta ondorioztatu du Kplerrek hamabost-hogei egunerako petrolioa geratzen zaiola Kubari.
Errusiak eta Aljeriak ere bidali zuten iaz petrolioa Karibeko uharte hartara, baina «aldian aldiko» bidalketak izan zirela jakinarazi du Financial Times-ek: Errusiak urrian egin zuen azken bidalketa, eta Aljeriak, otsailean. Hortaz, Mexiko eta Venezuela izan dira azkenaldian Habanaren petrolio hornitzaile finko bakarrak. Orain, Trumpek Caracasko iturria itxi du, eta Mexikori presio egiten ari zaio gehiago bidal ez dezan.
Horretarako, Claudia Sheinbaum Mexikoko presidentea estu hartzen ari da Trump. Kontuan izan behar da aurten berritzekoak direla AEBen, Kanadaren eta Mexikoren arteko merkataritza ituna. Gainera, urtarrilaren hasieran Etxe Zuriko maizterrak esan zuen lurreko erasoak hasiko zituela Mexikoko kartelen aurka, haren hitzetan horiek gobernatzen baitute herrialdea. Horiek horrela, Mexikok Kubara petrolio gehiago bidaltzeak are eta gehiago tenkatuko luke Trumpen eta Sheinbaumen arteko harremana.
'Donroe doktrina'
AEBek lehen ere egina duen bezala, Trumpen bigarren agintaldi honetan Etxe Zuria beste herrialde batzuetan eskua sartzen ari da «segurtasunaren eta demokraziaren» izenean. Narkotrafikoa leporatuta harrapatu du Maduro, eta mehatxatuta dauzka Venezuelako jarduneko agintariak; AEBen segurtasunerako «beharrezkoa» dela-eta, Groenlandia anexionatu asmo du; eta Kuban gobernu aldaketa bat eragin nahi du, «demokrazia, adierazpen eta prentsa askatasunak, zuzenbide estatua eta giza eskubideen errespetua bultzatzeko». Hitz horiek biltzen ditu Trumpek sinatutako azken ordena exekutiboak, eta zera gehitu du: «Kubako Gobernuaren politikak nazkagarriak dira gizarte aske eta demokratikoen balioentzat».
AEBetan migranteen aurkako sarekada masiboak egiten eta bi hildako eragin dituen polizia operazioa defendatzen jarraitzen duen bitartean, nazioartean AEBen «balioak» zabaltzeko helburua jarri dio Trumpek bere buruari. Abenduaren hasieran argitaratu zuten Etxe Zuriaren mundu ikuskera islatzen duen Segurtasun Nazionalerako Estrategia; hartan, «Mendebaldeko Hemisferioan nagusitasuna berrezartzeko» nahia azaltzen du Trumpek.
Ikusi gehiago
Estrategia horretan, gainera, berriz ere mahai gainean jarri zuen Monroe doktrina. Doktrina hori erabili izan dute AEBek Amerikako gainerako herrialdeetan interbentzio militar eta politikoak justifikatzeko. Eta horri Trumpen korolarioa gehitu dio; horregatik, Donroe doktrina gisa izendatu dute AEBetako hedabideek: «Urteetako utzikeriaren ondoren, Estatu Batuek Monroe doktrina berretsi eta betearaziko dute, Mendebaldeko Hemisferioan nagusitasuna berrezartzeko, eta gure aberria eta geografia erabakigarrietarako irisgarritasuna babesteko. Hemisferiokoak ez diren lehiakideei indar posizioak edo mehatxagarriak diren beste baliabideak ezartzea eragotziko diegu, baita ondasun estrategiko erabakigarriak hartzea ere».