Goizean goiz heldu da deliberoa: EB Europako Batasunak mailegua emango dio Ukrainari, bai, baina ez espero zen moduan. Talde komunitarioak eurobonuen bidez finantzatuko ditu 90.000 milioi euro, eta ez Errusiari blokeatutako aktiboen irabazien bidez. «Konprometitu egin ginen, eta esandakoa bete dugu», iragarri die Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak kazetariei. Baldin eta Errusiak ez baditu ordaintzen inbasioaren kalteak, aktiboak erabiltzeko aukeraz eztabaidatuko dute berriro, EBko estatuek blindatuta baitituzte aktibo horiek; Costak adierazi du horretarako «eskubidea» gordeko dutela.
Atzo, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ohartarazi zuen Europari «ahultzeak» eman beharko liokeela ardura, eta, aktiboak bere horretan utziko dituzten arren, gaur eskerrak eman dizkie EBko agintariei, babesak Ukraina «sendotzen» lagunduko duelako: «Elkarrekin, gure kontinentearen etorkizuna defendatzen ari gara», adierazi du sare sozialetan. Horixe bera nabarmendu du Costak ere: «Errusia negoziazio mahaira ekartzeko modu bakarra Ukraina indartzea da».
EBko gobernuburuek eta estatuburuek goi bilera hasi zuten atzo Bruselan. Gaur ere bildu dira. Aho batez hartu behar izan dute erabakia, nahiz eta bazeuden Ukrainari laguntzeko asmorik ez zutenak ere: Hungaria, Eslovakia eta Txekia. Bada, bozketa ez zapuztearen truke, herrialde horiek ez dituzte beren gain hartu beharko maileguaren obligazioak, eta taldeko gainontzeko 24 estatuek finantzatu beharko dute. Viktor Orban Hungariako lehen ministroak jakinarazi du «zama» kendu dutela gainetik, eta erabakia «zeharo txarra» dela: «Mailegua dirudi, baina, noski, ukrainarrek ezingo dute inoiz ordaindu, eta, beraz, dirua xahutzea da».
Ikusi gehiago
Taldeko herrialdeek 210.000 milioi euroren aktiboak blokeatu zizkioten Errusiari duela hiru urte, Ukrainako inbasioari ekin zionean. Eta horien puskarik handiena Belgikako Euroclear finantza enpresan dago, 180.000 milioi baino gehiago; hain zuzen ere, herrialde horrek muzin egin dio aktiboak erabiltzeko aukerari, argudiatuta bazitekeela Errusiak enpresaren kontrako neurriak hartzea, talde komunitarioak bermeak eskaini dizkion arren.
Bart De Wever Belgikako lehen ministroak prentsaurrekoa egin du goizaldean, eta argi utzi du negoziazio korapilatsua izan dela gaur artekoa: «Hari solte asko zeuden, eta behin horiei tiraka hasita, ezin ziren askatu». Hori bai, Costak esandakoa errepikatu du; alegia, Moskuk Kievi zor diona ordaindu ezean ez dela matazarik egongo: «Besterik ezean, Errusiak arrazoigabeko gerra horrekin eragin dituen kalteak erreparatzeko erabiliko dira». Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak ere azaldu du, prentsaurreko batean, «egutegia apur bat» aldatu dutela aktiboei dagokienez, eta «berme gisa» erabiliko dituztela.
Belgikaren oniritzirik gabe ere onartu ahalko zuketen Errusiaren aktiboen proposamena, horretarako gehiengo kualifikatua behar baitzuten —27 estatuetatik 15ek onartzea gutxienez, eta horiek herritarren %65 ordezkatzea—. Kaja Kallas EBko diplomaziaburuak atzo esan zuen herrialde horren baiezkoa «inportantea» zela, eta ez zutela aurrera egingo hura gabe.
Errusiaren zorrak
Eta espero zutena lortu ez arren, antzerako baldintzak eskaini dizkiote Ukrainari. Datozen bi urteetarako behar duenaren bi herenak pagatu ahalko ditu, aurreikusten baita tarte horretan 135.000 milioi euro beharko dituela armadari eta herrialdearen funtzionamenduari eusteko, eta ez du dirua itzuli beharko Errusiak inbasioaren kalteak ordaindu arte.
Izan ere, talde komunitarioa fio da, edo espero du, behintzat, Errusia noiz edo noiz prest egongo dela dirutza hori ordaintzeko: Zelenskiren arabera, Ukrainak 600.000 milioi euro baino gehiago behar ditu inbasioaz geroztiko kalteei eta beharrei erantzuteko.
AEBak bitartekari lanetan dihardute aldeen artean, eta Washingtonen mandatariak, Steve Witkoff eta Jared Kushner, Ukrainako eta Europako ordezkariekin bildu dira azken egunotan. Inbasioa amaitzeko proposamen bat jaso dute bi horiek, eta Errusiari ematekoak dira laster. Bada, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iradoki du EBko eta Ukrainako agintariek zuzenean hitz egin beharko luketela Vladimir Putin Errusiako presidentearekin, negoziazioek aurrea egiten ez badute. «Baliagarria» izango litzatekeela adierazi du gaur eman duen prentsaurreko batean, eta «datozen asteetan tartean sartzeko bide bat» topatu behar dutela: «Europako liderrok ez genieke bitartekariei utzi beharko elkarrizketak eurek soilik maneiatzen».
Ukrainak Errusiaren petroliontzi bat bonbardatu du Mediterraneoan
Ukrainak Errusiaren petroliontzi bat bonbardatu du Mediterraneoan, Ukrinform berri agentziak herrialdeko segurtasun zerbitzuetako iturriak aipatuz kaleratu duenez. Ontziak ez zeraman petroliorik. Ukrainak argudiatu du legezkoak direla bai eraso hori eta bai aurrez egin dituenak; izan ere, salatu izan du Errusiak ezkutuko ontzidi bat erabiltzen duela, nazioarteak ezarritako zigorrei izkin eginez erregaia-eta esportatzeko.
Azaroan, Kievek Itsaso Beltzean egin zien eraso Moskuren flota horretako bi ontziri, eta lehenbiziko aldia da Mediterraneoan eraso egiten diena, nazioarteko uretan, gainera. Orduko hartan, Turkiak Ukrainari ohartarazi zion kontuz ibiltzeko, erasook itsasoko merkataritzari eta segurtasunari eragingo zietelakoan.