Bero bolada oraindik Europako txoko asko jotzen ari den honetan, World Weather Attribution elkarteko zientzialariek atera dituzte ondorio batzuk aurreko egunetako datuetan eta datozen egunetarako aurreikuspenetan oinarrituta: baieztatu dute egunotakoa dela Europa mendebaldean ekainean inoiz izan den bero boladarik gogorrena. Halaber, berretsi dute maiatzaren amaieran izan zen bero bolada ere hilabete horretan inoiz izandako gogorrena dela.
Ikusi gehiago
Klima larrialdiak hondamendi meteorologikoetan zer-nolako eragina duen aztertzen du World Weather Attributionek; izan ere, askotan lotura logikoa da klima aldaketaren eta fenomeno meteorologikoen artekoa, baina datuen bitartez demostratu behar da klima aldaketak zer-nolako eragina izan duen fenomeno hori sortzeko orduan. Eta hori da, hain zuzen ere, World Weather Attribution iniziatibako zientzialariek egiten duten lana. Bada, oraindik Europa jotzen ari den bero boladari dagokionez, azaldu dute klima larrialdirik ez balego «ia ezinezkoa» izango litzatekeela halako bero bolada bat izatea.
Ikusi gehiago
1976an eta 2003an izan ziren bero bolada gogorrekin alderatu dute aurtengo ekainekoa, eta ondorioztatu dute garai horietako klima baldintzetan «ezinezkoa» zela egunotako tenperaturen parekoak erregistratzea. Zehazki, kalkulatu dute egunotako beroaldia, 2003an gertatu izan balitz, bi gradu freskoagoa izango litzatekeela, eta 1976an, berriz, 3,5 gradu gutxiagokoa. Ekaineko tenperaturen batez besteko historikoarekin alderatuz gero, tenperaturak ohi baino hamasei gradu beroagoak izan dira Europako txoko batzuetan.
Berotea, ekialdera
Espainia iparraldean, Euskal Herrian, Frantzian, Galizian eta britainiar uharteetan giroa pixka bat freskatzen ari bada ere, Europa erdialdeko leku askotan asteburuan izango dituzte egunik txarrenak. Bihar Herbehereak, Belgika, Luxenburgo, Alemania, Danimarka, Polonia eta beste hainbat herrialde joko ditu gogor, eta espero da igandean goia jotzea, Alemania ekialdean eta Polonian bereziki. Eremu handi bateko biztanleek hamasei gradutik gorako tenperatura anomaliak izango dituzte.
Azken bero boladaren berezitasunik handienetako bat gau tropikalak izan dira, hau da, tenperaturak ez dira 20 gradutik jaitsi gauez. Europa mendebaldeko eremu handi bati eragin diete gau tropikalek; are, leku batzuetan, tenperatura ez da 30 gradutik jaitsi gauren batean. Gau tropikalak bereziki arriskutsuak dira; izan ere, halakoen ondorioz gorputzak ez du suspertzeko aukerarik egun gogor baten ostean.