Itsasoratu eta gutxira, abiapuntura itzuli behar izan du Gazara bidean atzo arratsaldean Bartzelonako portutik irtendako flotillak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Kataluniako kostaldetik ateratako hogei itsasontziek ezin izan dute aurrera egin, eguraldi txarraren ondorioz. Halere, gaur iluntzean berriz ere itsasoratu da flotilla. Global Sumud Flotilla 30 itsasontzik osatuko dute —Genevako (Italia) portutik irten ziren besteak—, eta, Gazarainoko bidea egiteko intentzioz, printzipioz 15-20 egun iraungo du zeharbideak. Helburua da, aurrez Askatasunaren Flotillak egin bezala, itsasoz blokeoa hautsi eta laguntza humanitarioa eramatea zerrendara, Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzearekin batera.
Horiek ez dira ekinbidean parte hartuko duten ontzi bakarrak, ordea, irailaren 4an Tunisiatik eta Mediterraneoko beste portu batzuetatik irtengo diren hogei itsasontzi inguru gehituko baitzaizkie. Denera 44 herrialdetako ordezkariak izango dira flotillan, tartean Euskal Herriko lau, baita pertsona famatuak ere, besteak beste Greta Thunberg ekintzailea eta Ada Colau Bartzelonako alkate ohia.

Ehunka lagunen babesarekin ekin zioten atzo bideari Bartzelonan. Euskal Herritik bi autobus gutxienez atera ziren hara, Bilbotik bat eta Donostiatik bestea, ontzidian joango direnei elkartasuna adieraztera. Thiago Avila antolatzaileak azaldu zuenez, «mobilizazio prozesu historikoa» da, 2008. urtean gisa horretako ekintza zibil bat lehen aldiz antolatu zenetik egin den flotillarik handiena izango baita.
Hirurehun tona laguntza humanitario hartuta irten ziren hainbat ontzi Genovako portutik. Herenegun gauean 40.000 lagun inguru atera ziren kalera laguntzarekin batera porturainoko bidea egitera, tartean Silvia Salis hiriko alkatea.

Bartzelonan, itsasoratu aurretik, prentsaurrekoa eman zuten ekinbidearen antolatzaileek. Besteak beste, Thunbergek hartu zuen hitza; esan zuen ezin duela ulertu jendeak nola jarraitzen dion bere ohiko bizitzari Gazako genozidioa ikusten duen bitartean. Gogor salatu zuen Israelen jokabidea. Eduard Fernandez aktoreak, berriz, babesa helarazi zion flotillari, eta esan zuen Gazan gertatzen ari dena ezin dela gatazkaz mozorrotu: «Guztiok islatzen gaituen ispilu bat da Gaza».
Portuan izan ziren, besteak beste, Podemoseko idazkari nagusi Ione Belarra eta Irene Montero eurodiputatua, eta Amancay Villalba EH Bilduko legebiltzarkidea. Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak ere sare sozialen bidez eskertu die egiten ari diren lana flotillaren antolatzaileei.
Hirugarren saiakera
Ikusteko dago Israelek zer erantzun emango dion ekinbideari. Gazara iristeko beste saio bat izango da, aurrez Gazarako martxak, Askatasunaren Flotillak eta Magrebeko eta Malaysiako Sumud mugimenduak egin dutenaren antzekoa. Hain zuzen ere, hiru mugimendu horiek sustatu dute Global Sumud Flotilla, Gazarako Mugimendu Globalarekin elkarlanean. Zerrendara iristeko antolatu zituzten elkartasun ekintzek huts egin zuten, eta Egipton bat egin zuten guztiek. Orduan egindako harremanaren emaitza da saiakera hau.

«Helburua izango da genozidioa geldi dadila exijitzea; Israelen erantzukizuna salatzea; Gazak pairatzen duen legez kanpoko blokeoa itsasoz haustea; eta Palestinako herriari Euskal Herriko eta munduko elkartasuna, samurtasuna, laguntza eta babesa eramatea», azpimarratu dute antolatzaileek.
Israelek geldiarazi egin nahi du hirugarren saiakera ere. Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministroak gobernuko kideei proposatu die flotillako partaideak «terrorista» gisa tratatzeko The Jerusalem Post egunkariak gaur kaleratu duenez. Hala eginez gero, Israelek «terroristentzako kartzeletan» atxilotu ahal izango ditu.
Euskal Herrian, azken egunetan, zenbait ekintza antolatu dituzte genozidioa salatzeko, eta datozen egunetan gehiago izango dira. Irailaren 2an protesta ekintza bat antolatu dute, Espainiako txirrindulari itzuliko etapa Izaban amaituko dela baliatuta; irailaren 6an, berriz, itsas martxa bat egingo dute Bilboko itsasadarrean; eta Tuteratik Hendaiarainoko martxa bat ere antolatu dute irailaren 10etik 20ra bitarte.