Iranek programa nuklearrik ez garatzea. Besteak beste hori izan da, hain zuzen, Donald Trump AEBetako presidenteak Iranen aurkako erasoaldia justifikatzeko erabili dituen arrazoietako bat. AEBek, baina, itun nuklear bat sinatu dute Saudi Arabia aliatuarekin, eta, nahiz eta Washingtonek ziurtatu duen Riadek erabilera zibila emango diola ekoiztekoa den energia nuklearrari, itunak ezinegona sortu du Ekialde Hurbilean, Saudi Arabiak arma nuklearrak garatzeko aukera ireki duelakoan. Hori dela eta, azken orduetan Trumpek baldintzak jarri dizkio akordio horri; adierazi duenez, Riadek Abrahamgo Ituna sinatu beharko ditu Israelekiko harremanak normalizatzeko, eta uranioa ez aberasteko konpromisoa hartu beharko du. «Akordioa guztiz baldintzatua dago», ohartarazi du. Israelek zalantzak plazaratu ditu baldintza horien berri jakin aurretik, ez baita fio Saudi Arabiaz. Baina, gerora, begi onez ikusi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Argi dagoena da Ekialde Hurbileko egoera are gehiago ezegonkortu dezakeela atzo iluntzean bi aldeek sinatutako akordioak. AEBetako Kongresuak onartu beharra dauka, baina ezustekorik ezean aurrera egingo du, errepublikanoek gehiengoa baitute bai Ordezkarien Ganberan eta bai Senatuan.Â
AEBetako Energia idazkari Chris Wrighten adierazpen bat kaleratu zuen Energia Departamentuak, eta bai segurtasun arloan eta bai esparru ekonomikoan bi aldeentzat onuragarria izango den itun gisa saldu du adostutakoa. Saudi Arabiak AEBetako enpresei erosiko dizkie erreaktoreak eta uranio prozesagailuak. Horrek esan nahi du, batetik, AEBetako industria atomikoak dirutza bat jasoko duela, eta, bestetik, Washingtonek justifikatu duenez, modu horretan ziurtatu ahal izango dutela Saudi Arabiak ez duela teknologia hori baliatuko zibilak ez diren zereginetarako. «Ziur egon akordio hauek segurtasun nuklearreko eta ugaltzearen kontrako estandar gorenak jasotzen dituztela, oinarri hartuta munduko zientzialaririk onenen jakintza eta teknologiarik onena, zeina hemen AEBetan diseinatua izan den», nabarmendu du Wrightek.
Abrahamgo Ituna
Atzo Donald Trump AEBetako presidenteak azpimarratu zuen Ekialde Hurbileko eta haren bueltako herrialdeek Abrahamgo Ituna sinatu beharko luketela; iradoki zuen Irango auziari irtenbide bat ematea erraztuko lukeela horrek.
Â
Zer da Abrahamgo Ituna?
Â
Itun horren helburua da Ekialde Hurbileko herrialdeek Israelekiko harreman diplomatikoak normalizatzea.Â
Noiztik dago indarrean?
2020ko abuztuan sinatu zuten Israelek, Arabiar Emirerri Batuek eta Bahrainek, Washingtonen, Trumpek berak bultzatuta. Lehen agintaldian zegoen. Marokok eta Sudanek ere sinatu dute, geroago.Nork ez du sinatu?
Egiptok eta Jordaniak aurretik zituzten harreman diplomatikoak Israelekin —1979tik eta 1994tik, hurrenez hurren—, eta Pakistanek, Qatarrek, Saudi Arabiak eta Turkiak ez dute itunarekin bat egin. Haiei dei egin die Trumpek.ÂÂ
Zer esan dute sinatu ez dutenek?
Saudi Arabiak esan izan du ez duela halakorik sinatuko ez baldin badago Palestina estatu gisa aitortua izateko bide orri bat. Pakistango iturri ofizialek Reuters berri agentziari azken orduetan esan diotenez, akordio bat eta bestea ezin dira lotuta egon. Eta, Qatarren ustez, itun horrek ez lioke Palestinako gatazkari konponbiderik emango.
Akordioaren inguruko informazioa duten iturriak aipatuz AEBetako zenbait hedabidek kaleratu dutenez, 30 urte iraungo du akordioak. Hitzartutakoaren arabera, Saudi Arabiaren programa nuklearrak ez luke ikuskaritza independenterik izango bermatzeko ez dela teknologia nuklearra militarki erabiltzen ari. Azkeneko urtean, Trumpek berak zuzenean negoziatu du Mohammed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoarekin. Etxe Zuriko maizterrak, negozio gizona izaki, hainbat akordio ekonomiko egin ditu Riadekin historikoki; baita, azken urteetan, bere senideen bidez ere. Beraz, ez zen harritzekoa izan iazko urtarrilean presidentetzara itzuli zenean atzerrira egindako lehen bidaia ofiziala Saudi Arabiara egitea.
Bin Salmanekin mintzatu da, eta hark, Iranen programa nuklearraren harira, azken hilabeteetan behin baino gehiagotan esan du ezen, Teheranek arma nuklearrak garatuz gero, Saudi Arabiak beste horrenbeste egin beharko lukeela —bi herrialde musulman horiek etsaituta daude—. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak adierazi izan du ez dagoela frogarik esateko Iran arma nuklearrak garatzen ari dela.Â
2015ean Mendebaldeak Teheranen sinatutako akordioaren arabera, Iranek ezingo luke uranioa aberastu, horrek arma nuklearrak garatzeko gaitasuna ematen duenez. AEBak, Trumpen agindupean, akordio horretatik atera ziren 2018an, eta, orduan, de facto, bertan behera geratu zen. IAEAk ikuskatzeak egiten jarraitu zuen iazko udaberrira arte, AEBek eta Israelek Iranen aurkako lehen erasoaldiari ekin arte.
Eta, hain zuzen, AEBek eta Saudia Arabiak ez dute aurreikusten NBE Nazio Batuen Erakundeko agentzia horretako inspektoreek ikuskatzeak egitea. Irango Buxehr-ko zentral nuklearra kenduta, Arabiar Emirerri Batuak dira eskualdean instalazio nuklearrak dituen herrialde bakarra. Lau erreaktore ireki dituzte bost urteotan, eta IAEAk ikuskatzen du haien jarduna. Dena den, uranioa aberasteari uko egin zion hasieratik.
Operazio geoestrategikoa
AEBetako komunikabideek argitaratu dutenez, Joe Biden AEBetako presidente zen garaian ere (2021-2025) hitz egin zuten Saudi Arabiarekin akordio bat egiteaz. Izan ere, 2020ko abuztuan Abrahamgo Ituna sinatu zuten Israelek, Arabiar Emirerri Batuek eta Bahrainek, Trumpek berak bultzatuta —lehen agintaldiaren amaiera aldera—. Horren helburua zen Ekialde Hurbileko herrialdeek Israelekiko harreman diplomatikoak normalizatzea. Beraz, horren jarraipena da Bidenen garaian ere Washington-Riad akordio bat izenpetzeko ahalegina. Israelek 2023ko urrian Gazaren kontra areagotutako erasoaldiak, ordea, bertan behera utzi zituen harremanak.
Eta Trump bera buru-belarri inplikatu da auzian. CNN telebista kateak kaleratu duenez, erabateko sekretupean eraman ditu negoziazioak. Wrighti elkarrizketak hasteko eskatu zion iaz, Etxe Zurira itzuli berritan, eta iazko urrian bukatu zituzten. Etekin ekonomikoa lortzeko ez ezik, Saudi Arabia Errusiaren eta Txinaren eraginpetik aldentzeko operazio geoestrategikoa ere bada akordioa.Â
Israelek Saudi Arabiarekin harremanak normalizatzea du asmo; atezuan dago, ordea, Washingtonen eta Riaden akordioaren ondoren, Nir Barkat Israelgo Ekonomia ministroak atzo esanagatik arma nuklearrak «helburu baketsuetarako» nahi badituzte arazorik ez dutela. Netanyahuk adierazpenak egin ditu Trumpek Riadi ezarritako baldintzen berri eduki ostean. Besteak beste, adierazi du «albiste bikaina» litzatekeela Saudi Arabiak Abrahamgo Ituna sinatzea, eta gaineratu du «aurrerapauso nabarmena» litzatekeela Ekialde Hurbilean «bakea» lortzeko.