Ezkerra eta ultraeskuina, Lula eta Bolsonaro, berriz ere aurrez aurre. Duela lau urte bezala, Luiz Inacio da Silva Lula presidenteak Bolsonaro bat izango du aurkari gaur, Brasilgo hauteskunde orokorretan. Jair Bolsonaro presidente ohiari (2018-2022) gailendu zitzaion 2022an, eta haren seme Flavio Bolsonarorekin izango du lehia oraingoan. Bi eredu, eta hainbat auzi: segurtasuna, AEBen esku sartzea, ustelkeria kasuak, eta herritarren arteko desberdintasun ekonomikoa.
Ikusi gehiago
«Lehia oso estu dago: puntu bat gora, puntu bat behera. Hori bai, inkesten arabera, Lulak aldea lortu du Minas Gerais estatuan. Estatu hori giltzarritzat hartzen da, eskualde horrek duen aniztasunak, hein batean, Brasil osoa ordezkatzen baitu. Minas Geraisen irabazten duenak Brasilen irabazten duela esaten da. Baina aldea oso-oso txikia da», azaldu du telefonoz Sonia Fleury Zientzia Politikoetako doktoreak; Oswaldo Cruz fundazioko Ikerketa Estrategikoetako Zentroan egiten du lan.
Inkesta gehienek daukate faboritotzat Lula, PT Langileen Alderdiko hautagaia, baina batek ere ez du estimatzen botoen erdiak baino gehiago lortuko dituenik. Hortaz, hilaren 25ean bigarren itzulia egin beharko lukete. Eta, horri begira, zundaketen emaitzak estuago daude. Ia-ia berdinduta daude bi hautagai nagusiak. Brasilgo Kongresuko bozak ere egingo dituzte gaur: Senatuaren bi heren eta Diputatuen Ganbera osoa berrituko dituzte. Behe ganberan Bolsonaroren PL Alderdi Liberala izan da azken legealdian ordezkari gehien eduki dituena; eta aurrerantzean ere zentroko eta eskuineko alderdiak izango direla gehiengoa aurreikusten du Mayra Goulart da Silva Rio de Janeiroko Unibertsitateko Zientzia Politikoen departamentuko irakasleak. Hortaz, Lula nagusituta ere, Kongresuaren osaera erabakigarria izango da.
«Lularen lehen bi agintaldietan goseari eta pobreziari aurre egitea zen helburua; orain, desberdinkeria murriztea da lehentasuna»
SONIA FLEURYZientzia Politikoetan doktorea
Presidentetzarako bozen inkestetan beste izen bat ere agertzen hasi zen; Augusto Cury psikiatrarena (Avante). Botoen %11 lortuko zituela aurreikusi zuten duela hilabete batzuk, baina, lehen gorakadaren ostean, argi geratu da zentroko hautagai horrek ez duela aukerarik edukiko —botoen %5 inguru lortuko dituela estimatzen da—. PSD Alderdi Sozialdemokrata Kongresuan ordezkari gehien dituen alderdietako bat da, baina Ronaldo Caiado presidentegaiak botoen %3 eta %4 artean baino ez dituela lortuko aurreikusten dute; eta antzeko emaitzak lortzekoa da Renan Santos (Mission).
Latinoamerikako beste estatu batzuetan eskuin muturreko hautagaiek hartutako bide bera ibili du Bolsonarok bozen kanpainan: segurtasunaren gaia hartu du ardatz. Hori da, Fleuryk jakinarazi duenez, brasildarren kezkagai nagusia. Halere, Goulartek zehaztu du hedabideetan eta sare sozialetan zabaldutako mezuek segurtasunik ezaren pertzepzioa indartzen dutela eta zenbaitetan datuak ez datozela bat sentipen horrekin.

Bi adituek aitortu dute azken urteetan hobera egin duela brasildar askoren egoera sozioekonomikoak: besteak beste, ikasketak egiteko bidea zabaldu dela azaldu dute, eta indartu egin dela emakumeen, beltzen eta baztertutako beste sektore batzuen «inklusioa». Goulartek posta elektroniko bidez jakinarazi duenez, ordea, aldaketa horiek ez dituzte soilik onurak ekarri: batetik, irakasleak adierazi du gizarte talde batzuetako kideek sentitu dutela beren posizioa galdu dutela; bestetik, bizi baldintzak hobetu bazaizkie ere, orain arte bazterrean egon diren zenbaitek «aurrera egiten jarraitzeko» zailtasunak izan dituztela azaldu du. Fleuryk honako hau gaineratu du: «Gazteek ez dute etorkizunik ikusten: ikasketak osatzen dituzte, baina gero ez dute lanik lortzen ez baldin bada Uberren edo gisa horretako banaketa enpresa batzuetan. Etsipena da nagusi».
Ikusi gehiago
Egoera horri adabakia jartzeko asmoz, Lulak dekretu bidez hainbat neurri hartu ditu azken asteetan. Besteak beste, %15 areagotu du herritar txiroenek jasotzen duten hileroko laguntza —Bolsa Familia deiturikoa—. Bozen bigarren itzulia egiten bada, hura baino egun batzuk lehenago, ohi baino laguntza handiagoa jasoko dute. Bestalde, iragan igandean, Lulak Internet bidezko joko etxeak debekatu zituen. Apustu etxeak debekatuta daude Brasilen, baina 2018tik online apustu etxeek jardun ahal dute han. Orain, Lulak debekatu egin ditu, justifikatuz herritarrek jasaten duten «zorpetze eta adikzio krisiaren» eragile nagusietako bat direla.
Justizia fiskalari arreta
Lula 2023ko urtarrilaren 1ean itzuli zen Brasilgo presidente kargura, 2022ko bozetan Jair Bolsonarori 1,8 punturen aldearekin nagusituta. Orduko hartan, azken inkestek ia bost punturen aldea ematen zioten Lulari, baina, azkenean, estu lortu zuen garaipena. Oraingoan, ordea, Jair Bolsonarok ezingo du parte hartu, Auzitegi Gorenak 27 urteko kartzela zigorra ezarri baitzion 2023an, Lularen aurkako estatu kolpe bat ematea leporatuta —etxeko atxiloaldian dago, eta inhabilitatua—.
2023ko urtarrilean, Lula agintera itzuli ostean, Bolsonaroren jarraitzaileek Brasiliako Hiru Botereen Plaza hartu zuten —han du egoitza Brasilgo Gobernuak, eta han daude Auzitegi Gorena eta Kongresua ere—; Lula agintetik kentzen saiatzea egotzi zieten, eta Bolsonarori, kolpe hori hauspotzea.
bigarren itzuliETAko emaitzak:
- 2002. Lula da Silva (PT) %61,27 - Jose Serra (PSDB) %38,72
- 2006. Lula da Silva (PT) %60,83 - Geraldo Alckmin (PSDB) %39,17
- 2010. Dilma Rousseff (PT) %56,05 - Jose Serra (PSDB) %43,95
- 2014. Dilma Rousseff (PT) %51,64 - Aecio Neves (PSDB) %48,36
- 2018. Jair Bolsonaro (PSL) %55,13 - Fernando Haddad (PT) %44,89
- 2022. Lula da Silva (PT) %50,9 - Jair Bolsonaro (PL) %49,1
Azken agintaldia izango zuela hitzeman zuen Lulak 2022ko bozak irabazi ostean, baina berriz aurkeztu da. 81 urte beteko ditu hilaren 27an, eta, bozak irabaziko balitu, oraingoan bai, ziurrenik azken agintaldia izango luke. «Uste genuen agintaldi honetan aldaketa gehiago egingo zituela, baina Lula nahiko adiskidetzailea da. Birbanaketa politikak babesten ditu, baina elite ekonomikoei ahalik eta gutxien eraginda. Halere, justizia fiskala bultzatzen saiatu da. Hori izan liteke haren aldarri nagusia hurrengo agintaldian». Munduan desberdintasun ekonomiko handieneko herrialdeen artean bederatzigarrena da Brasil —iazko Gini indizearen arabera—. «Lularen lehen bi agintaldietan, goseari eta pobreziari aurre egitea zen helburua; orain, desberdinkeria murriztea da lehentasuna».
Goulartentzat, Lulak bere azken agintaldia litzakeena baliatu nahiko luke bere «legatua» uzteko. Helburu horrekin, besteak beste, zerga erreforma indarrean jartzen, lanaldiak murrizten, eta trantsizio ekologikoan aurrera egiten saiatuko delakoan dago. Horretarako, baina, Kongresuaren babesa beharko duela ohartarazi du irakasleak.
«Kezkagarria da [Trumpekiko duen] hurbiltasunak erabakiak bideratu ditzakeela, [Brasilen] autonomiaren kalterako»
MAYRA GOULART DA SILVA Rio de Janeiroko Unibertsitateko irakaslea
Zazpigarren aldiz aurkeztuko da Lula Brasilgo presidentetzara. Hiru legegintzalditan izan da presidente: 2002tik 2006ra, 2006tik 2010era, eta 2022tik 2026ra. Tartean, urte eta erdiz preso egon zen. Petrobras enpresa publikoari lotutako ustelkeria sarearen parte izatea leporatu zioten, eta hamabi urteko kartzela zigorra ezarri. 2019ko azaroan Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Lularen espetxeratzea konstituzioaren kontrakoa izan zela, eta aske utzi zuten; 2020an errugabetzat jo zuten.
Aurtengo bozen kanpainan ere agertu da ustelkeria kasu bat. Banco Master banketxearekin lotutako auziak «ia guztiak» zipriztindu dituela jakinarazi du Fleuryk: «Ezohiko neurria hartu du eskandaluak». Banku hori 2025ean itxi zuten, porrot egin ostean, eta Daniel Vorcaro jabea espetxeratua dago. Vorcanok Brasilgo hainbat politikari eta epailerekin izandako harremanak ikertzen ari dira. Flavio Bolsonaro bera ikerketapean dago, Vorcanorengana jo zuelako ustez bere aitaren inguruko pelikula bat egiteko finantzaketa bila. Halere, Bolsonaro auzi hori bere mesedetarako baliatzen ari da. Ikerketapean daudenen artean dago Eduardo Morais Auzitegi Goreneko epailea ere; hain justu, Jair Bolsonaroren aurkako epaia eman zuena. Honela azaldu du Fleuryk: «Instituzioak inplikatuta daudenean, kaltea gobernuak jasaten du. Herritarrek horrela interpretatzen dute. Instituzioetan ustelkeria badago, gobernua ustela da».
Trumpen esku luzea
Eskuinaren, are eskuin muturraren gorakadak indarra hartu du Latinoamerikan. 2025eko urtarriletik egindako boz guztietan nagusitu dira: Daniel Noboa Ekuadorren, Rodrigo Paz Bolivian, Jose Antonio Kast Txilen, Nasry Asfura Hondurasen, Laura Fernandez Costa Rican, Keiko Fujimori Perun, eta Abelardo de la Espriella Kolonbian. Hain justu, iazko urtarrilean itzuli zen Etxe Zurira Donald Trump. Eta hark babestu egin ditu hautagai horiek guztiak. Brasilen ere antzeko zerbait gertatuko den kezka dute.
«Bolsonarismoa oso hurbil dago Trumpengandik, haren autoritarismotik; hark eskualderako abian duen proiektu inperial eta koloniala babesten du», azaldu du Fleuryk. Lulak, ostera, Trumpi aurre egin dio: «Brasil ez da inoren atzeko patioko parte izango», adierazi zuen aurreko astean, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian emandako hitzaldian. «Lulak garbi ditu bi gauza: batetik, mineralak babestuko dituela, lur arraroak —Txinaren ostean, munduko erreserba handienetan bigarrenak Brasilen daude, eta Trumpek interes handia dauka horietan—; bestetik, teknologia enpresa handien gaineko kontrola dago. Lulak horiek erregulatzeko beharra nabarmendu izan du, kontrolik gabe kalte handia eragin baitezakete. Trumpen gobernua, aldiz, teknologia enpresa handien gobernua da. Hortaz, Lulak irabazten badu, gatazka sortuko da Trumpekin, eta, Bolsonarok irabazten badu, bidea garbi utziko dio».

Fleuryren ustez, bolsonarismoa itzuliz gero, Trumpek bere agintepean edukiko luke ia Latinoamerika guztia. «Nahi lukeena egin ahal izango luke. Oso gogorra izango litzateke brasildarrentzat eta Latinoamerika osoarentzat. Brasilek, bere tamainagatik, bere indarragatik, oraingoz, galga lanak egin baititu». Goulart ere iritzi berekoa da; uste du Bolsonarok irabaziko balu litekeena dela Brasilen autonomia politikoa ahultzea, baita bere kabuz negoziatzeko gaitasuna ere: «Kezkagarria da [Bolsonarok Trumpekiko] duen hurbiltasunak erabakiak bideratu ditzakeela [Brasilen] autonomiaren kalterako».