Flavio Bolsonaro: abizenak hauspotutako hautagaia

Flavio Bolsonaro izango da ultraeskuinaren hautagaia Brasilgo hauteskundeetan, Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohiaren seme zaharrena. Segurtasuna eta ekonomia dira haren diskurtsoaren zutabeak, eta ustelkeriagatik ikertu dute.

Flavio Bolsonaro, bere aita Jair Bolsonarori musu ematen, 2024ko uztailean. ANDRE COELHO / EFE
Flavio Bolsonaro, bere aita Jair bolsonarori musu ematen, 2024ko uztailean. ANDRE COELHO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko urriaren 4a
04:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abokatua, enpresaria eta politikaria da Flavio Nantes Bolsonaro, Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohiaren (2019-2023) semea eta Brasilgo Alderdi Liberalaren hautagaia Brasilgo hauteskundeetarako. 45 urteko politikaria azken orduan iritsi zen presidentegai izatera. Izan ere, ez zituen primario batzuk irabazi; aitak erabaki zuen bere seme Flavio —Zero Bat deitzen dio aitak, zenbakiz, armadan soldaduekin egiten duten bezala— izango zela bolsonarismoaren ordezkaria Brasilgo presidente kargua lortzeko bidean. Orain, bi helburu ditu Flaviok: Bolsonaro sendia izatea aurrerantzean ere Brasilgo eskuin muturraren aurpegia, eta eskuin muturrak mundu osoan duen gorakadari ere etekina ateratzen saiatzea hauteskundeak irabazteko.

2003an abiatu zuen bere ibilbidea politika instituzionalean. 21 urte zituela, Rio de Janeiro estatuko batzar legegileko diputatu izendatu zuten, eta kargu horixe bera izan zuen lau agintaldiz. Horren ostean, 2018an —Jair Bolsonaro aitak irabazi zituen Brasilgo presidentetzarako hauteskundeak orduko hartan—, aulki bat eskuratu zuen Brasilgo Senatuan.

Ideologikoki ez dago Jair aitarengandik oso urrun, nahiz eta Flaviok berak dioen «Bolsonaro moderatuago bat» dela. Aita boterera eraman zuten sektoreen babesa dauka: kontserbadoreena, eliteena, Eliza ebanjelikoarena eta haren jarraitzaileena, eta estatu indarrekin lotura daukaten sektoreena. Eta Hego Ameriketako eskuin muturreko hautagaiek hartu izan duten bide bera hartu du Flavio Bolsonarok ere.

Segurtasuna da haren diskurtsoaren gakoetako bat. Delinkuentziak eta krimen antolatuak «nabarmen gora» egin dutela dio, eta bere asmoen artean daude, besteak beste, El Salvadorko presidente Nayib Bukeleren eredua kopiatzea eta «segurtasun gorena» eskaintzen duten kartzelak sortzea, edota erantzukizun penalaren adina 18 urtetik 16 urtera jaistea. Armen salmenta librearen aldekoa da.

Ekonomiaz ere askotan aritzen da bere agerraldietan. Besteak beste, presio fiskala apaltzea eta enpresa publikoak pribatizatzea du helburu. Era berean, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpen aliatu izateko asmoa du, eta, Trumpen babesa jasotzeko asmoz, Brasilek Ameriketako Ezkutua delako koalizioarekin bat egingo duela hitzeman du —gauza bera egin dute azkenaldian Hego Amerikan presidente postura iritsi diren eskuin muturreko politikariek—. Horren harira, Trumpekin eta Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariekin bildu da azken hilabeteetan, Washingtonen.

Ustelkeria zipriztinak

Bolsonaroren hautagaitza, ordea, ustelkeriak zikindu du: hainbat aldiz ikertu dute. Esaterako, iruzur egiteagatik preso dagoen enpresari batekin lotu zuten, eta bere kanpaina politikoa ikertu dute, baita Adriano Nobrega polizia ohiak Rion zuzentzen zuen milizia legez kanpo finantzatzeagatik ere. Era berean, Jair Bolsonaro aitaren bizitzari buruzko film baten legez kanpoko finantzaketan bitartekari lanak egitea ere egotzi diote, eta dirua zuritzeagatik ikertzen ari dira.

Aitak Flavio semearen hauteskunde kanpainan eduki duen rolak ere hautsak harrotu ditu. Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohia ezin da Brasiliako bere etxetik irten, etxeko atxiloaldiarekin zigortu baitzuen Brasilgo Auzitegi Gorenak, 2023ko urtarrilean Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidentearen aurkako estatu kolpe bat ematen saiatzea leporatuta —27 urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri zioten, baina semeak esana du indultatu egingo duela presidente izendatzen badute—. Gainera, presidente ohiari zigorrak areagotu dizkiote modu batean edo bestean semearen hauteskunde kanpainan parte hartzeagatik.

Esaterako, Alexandre de Moraes epaileak Flavio Bolsonaro zigortu zuen, eta aita bisitatzeko aukerarik gabe utzi zuen 90 egunez, ekitaldi batean aitak eskuz idatzitako gutun bat irakurtzeagatik —gutun horretan babesa eskaintzen zion bere seme Flavioren hautagaitzari—. Sare sozialak erabiltzea eta hitzaldiak egitea ere galarazi zion epaileak Jair Bolsonarori.

Debeku horri, ordea, zirrikituak topatu dizkio Flavio semeak. Aita irudikatzen zuen bideo bat zabaldu zuen ekitaldi batean, adimen artifiziala erabilita. Bideo horretan, presidente ohiak —fikziozko pertsonaiak— zioen erabaki «bidegabe eta arbitrario» batengatik «espetxeratua eta isilarazia» izan dela, eta haren aldekoei Flavio semearen alde bozkatzeko eskatzen zien: «Espetxeratzeak ez ditu isilaraziko gure herrialdean sinesten duten milioika brasildarrak. Horregatik eskatzen dizuet besoak zabalik har dezazuela ni ordezkatzeko aukeratu dudan pertsona. Nire odolaren odola, nire seme Flavio. Brasilek etorkizuna du eta etorkizun hori Flavio Bolsonaro presidentea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA