Sonia Guajajara lider indigenak (Maranhao, Brasil, 1974) Letrak, Erizaintza eta Heziketa Berezia ikasi zituen, eta Brasilgo presidentetzarako hautagaitza batean sartutako lehen emakume indigena izan zen, presidenteordegai gisa. 2022an, Sao Paulo estatuko diputatu federal izendatu zuten, eta, urte hartan bertan, Time aldizkariak argitaratu zuen munduan eraginik handiena duten ehun pertsonetako bat zela. Herri Indigenen Ministerioaren ardura izan zuen Lula da Silvaren hirugarren agintaldian, aurtengo martxora arte.
Ikusi gehiago
Zergatik iruditzen zaizu beharrezkoa nazioarteko agenda bat izatea?
Herri indigenen arazoek nazioen mugak gainditzen dituztelako. Klima krisia, meatzaritza, petrolioaren ustiapena, baso soiltzea, ibaien kutsatzea eta lurralde eskubideak urratzea... horiek guztiek zerikusia dute nazioarteko kate ekonomiko-politikoekin. Amazoniak bederatzi herrialde hartzen ditu, eta lurralde horietan bizi diren herriak baziren nazio estatuak sortu aurretik ere. Horrez gain, ezinbestekoa da beste auzi batzuei buruz ere eztabaidatzea, hala nola nazioarteko finantzaketari, herrialde industrializatuen erantzukizun historikoari eta munduko erabakietan herri indigenek izan beharreko parte hartze zuzenari buruz. COP30 bilkura 2025ean egin zen, Brasilen, eta klima arloko konferentzia batean inoiz baino indigena gehiago biltzea lortu genuen: COP Herrixkan, mundu osoko 385 herritako 3.500 indigena elkartu ziren, gutxi gorabehera.
Zein da herri indigenen egoera gaur egun?
Asko egin da aurrera, baina arrisku oso larriak ere badaude. 2022ko erroldan, 1,6 milioi indigena baino gehiago identifikatu ziren; biztanleen %0,83, alegia. Horiek guztiek 390 herri baino gehiago osatzen dituzte, eta izugarrizko aniztasuna dute. Demarkazio prozesuak lau urtez etenda egon ondoren, orain berriz hasi gara lurraldeak aitortzeko lanetan. Baina oraindik hor daude hainbat gatazka.
Zeintzuk dira gatazkak?
Legez kanpoko meatzaritzak eragindakoak, lurrak indarrez kentzeak sortutakoak, nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorearen hedapenak eta garapen proiektu handiek eragindakoak. Yanomami, munduruku, kayapo, guarani kaiowa eta pataxo herrien egoerak argi erakusten du indarkeria ez dela amaitu. Demarkazio prozesuak erabat etenda egon ziren 2018 eta 2022 bitartean, eta legez kanpoko meatzaritzak gero eta eremu handiagoa hartu zuen herri indigenen lurretan: 2016an, 58 hektarea zeuden legez kanpoko meatzaritzaren eraginpean, eta 2022an, 2.400. Horrenbestez, lortu dugu indigenen aurkako gobernu bat atzean uztea eta estatuaren tresna batzuk berriz martxan jartzea, baina Brasilgo Kongresua oso kontserbadorea da oraindik, eta interes ekonomiko handiak ditu gure lurraldeetan.
«Hainbat mende iraun duen estatu kolonialismoa eraldatzeko, gobernu osoaren borondatea behar da»
Zer-nolako politikak jarri zenituzten indarrean ministerioan egon zinen garaian?
Herri Indigenen Ministerioa sortzea izan zen lehen lorpena. Lehen aldiz, indigenen tutore aritzeko tradizioa baztertu zuen Brasilgo Estatuak; izan ere, ordura arte, etorkizunaz beren kabuz erabakitzeko gai ez balira bezala tratatzen zituen gure herriak. Gure agintaldian, hogei lurralde indigena homologatu ziren, 2,2 milioi hektarea baino gehiago hartuta; arrotzak kanporatu genituen hamabi lurralde indigenatatik, eta, hala, 27,5 milioi hektarea inguru babestu. Yanomami herri indigenan, 2024ko martxotik 2026ko urtarrilera meatzaritza ilegala atzemandako eremuaren %98,77 murriztu zen, gobernuak modu integratuan egindako lanari esker. Ezinbesteko neurria izan zen giza krisiari erantzuteko, nahiz eta badakigun urte asko beharko direla lurraldea osorik lehengoratzeko. Horrez gain, FUNAI Indioaren Fundazio Nazionala berriz osatu genuen, lasterketa indigenistak sortu genituen, eta berriz martxan jarri genuen Politika Indigenisten Batzorde Nazionala. Gainera, Emakume Indigenen Biltzar Nazionala antolatu genuen lehenbiziko aldiz, eta ehun herritako 5.000 emakume baino gehiago bildu ziren. Halaber, indigenen eskubideak sartu genituen zehar-lerro gisa hainbat urtetarako planean, aurrerapausoak eman genituen indigenen aurreneko unibertsitate federala sortzeko, eta, gure klima politiketan, aitortu dugu indigenen lurraldeak funtsezkoak direla Brasilek klima larrialdiari eman beharreko erantzunean.
Oinarriak jarri zenituzten.
Nolanahi ere, ez genuen martxan jarritako dena burutu. Oinarri garrantzitsuak ezarri genituen, baina hainbat mende iraun duen estatu kolonialismoa eraldatzeko, ordea, segidako lana, aurrekontua eta gobernu osoaren borondatea behar da, ez soilik ministerio batena.
Ikusi gehiago
Zer deritzozu Lularen gaur egungo gobernuaren lanari? Eta aurrekoaren lanari, Bolsonarok egindakoari?
Ez dute zerikusirik batak bestearekin. Bolsonaroren gobernuak etsaitzat jo zituen herri indigenak, gizarte mugimenduak eta ingurumenaren aldeko erakundeak. 2019 eta 2022 bitartean, 45.000 kilometro karratu oihan soildu zituzten Amazonian. Legez kanpoko meatzaritza hedatzeak ondorio ugari eragin zituen lurralde indigenetan: merkurio kutsadura, sexu indarkeria, gaixotasunen hedapena eta bizimoduen galera. Lularen gobernuan berriz heldu zitzaion demokraziari, parte hartze sozialari, eta ingurumenaren aldeko eta demarkazio politikei. Nolanahi ere, Lularen gobernua babesteak ez du esan nahi kritikatzeari uko egingo zaionik. Kontraesan handiak daude, batez ere garapen politikei, azpiegituren obrei eta petrolio ustiapenaren hedatzeari dagokienez. Baina bada alde nagusi bat: aurreko gobernuan, suntsitzeko politikak ezarri zituzten, nahita, eta haien kontra borrokatu behar izan genuen; oraingoan, badago aukera hitz egiteko, eztabaidatzeko eta eraikitzeko.
Hauteskundeei begira, uko egin zenion ministro postuari, diputatugai aurkezteko. Zergatik iruditzen zaizu beharrezkoa urrats hori egitea?
Funtsezkoa iruditzen zait parlamentuan indigenen presentzia indartzea, eta orain arte martxan jarri ditugun politikei segida emateko borrokatzea. Eloy Terenaren esku geratu da orain ministerioa; eskarmentu juridiko eta politiko handiko indigena da, eta, beraz, ziurtatua dago aurrerantzean ere indigena bat izango dela ministerioaren buru.