ERREGAI FOSILAK

Finantzak eta Hegoalde Globalaren zorra jarri dituzte erregaien eztabaidaren erdigunean

Ondorioztatu dute trantsizio energetikoa egin ahal izateko Hegoalde Globalak erregai fosilekiko duen menpekotasunaren korapiloa askatu behar duela. Erregaien etorkizunari buruzko hurrengo konferentzia Tuvalun egingo dute, 2027an.

Ezkerretik eskuinera, Irlandako, Kolonbiako, Herbehereetako eta Tuvaluko Ingurumen idazkari eta ministroak. RICARDO MALDONADO ROZO / EFE
Ezkerretik eskuinera, Irlandako, Kolonbiako, Herbehereetako eta Tuvaluko Ingurumen idazkari eta ministroak. RICARDO MALDONADO ROZO / EFE
inaut matauko rada
2026ko apirilaren 30a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astebeteko eztabaiden eta negoziazioen ostean, amaitu berri da Santa Martan (Kolonbia) egin duten Erregai Fosilez Haragoko Trantsiziorako Nazioarteko Lehen Konferentzia. Eta beste nazioarteko bilera askorekin azken urteetan gertatzen denaz bestera, ez da antzua izan, urrats batzuk egin dituzte eta. Lehenik eta behin, Trantsizio Energetiko Globalerako Zientzia Batzordea sortzea erabaki zuten aurreko astean, erregai fosilak apurka erabiltzeari uzteko politikak eta horren gaineko erabakiak aholkatzeko taldea. Horrez gain, gaikako lantaldeak ere osatu dituzte.

Hala, Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldeak munduko gobernuak eta Nazio Batuen Erakundea laguntzen eta aholkatzen dituen moduan, Trantsizio Energetiko Globalerako Zientzia Batzordeak herrialdeak lagunduko ditu gutxinaka erregai fosilen erabilera murrizteko. Gizarte zibileko erakundeen eta zientzia munduko adituen eztabaidak izan ondoren, herrialdetako ordezkari politikoak izan dira Santa Martan azken bi egunetan, eta iragarri dute konferentzia berriro egingo dutela datorren urtean: Tuvalun. Irlandarekin batera antolatuko du bilkura Ozeano Bareko herrialdeak.

Askotariko eztabaidak izan dira, eta zenbait ondorio ere atera dituzte. Baina kezka nagusia zera da: Hegoalde Globalak finantza iturri mugatua duela eta haren kanpo zorra handia dela. Erregai Fosilak Ez Ugaritzeko Itunaren aldeko iniziatibako ikerketa eta politika zuzendari Amiera Sawasek gai horri buruz azaldu du herrialde askok ez dutela lotura «ideologikorik» erregai fosilekin, nazioarteko finantza sistemak baldintzatuta daudela, ez besterik, eta horrek berak mugatu egiten dizkiela trantsizio energetikoa egiteko iturriak. Izan ere, Hegoalde Globaleko herrialde askok kanpo zor handia dute, zor garestia kasu askotan, eta trantsizio politikak ordaintzeko finantzaketa gutxi dute.

Erregaiekiko menpekotasuna

Horrez gain, Sawasek nabarmendu du Hegoalde Globaleko herrialde asko —Kolonbia, Nigeria, Irak, Brasil, Aljeria...— erregai fosilen esportazioekiko menpeko direla. Hori jakinik, erronka handietako bat da nola bete erregaien esportazioak gutxitzeak utziko lukeen zuloa. Kolonbia, esaterako, erregaien esportazio absolutuak murrizten ari da, eta kontuan hartuta esportazioak handitzen ari dela, horrek adierazten du petrolio errentekiko menpekotasuna murrizten ari dela. Zehazki, 2024tik 2025era %17,9 murriztu zituzten erregai fosilen eta erauzketa lehengaien esportazioak —23.385 milioi dolarretatik 19.190 milioi dolarretara—. 2024an esportazioen %47,2 erregaiak ziren, eta iaz, berriz, %38,2.

«Nazio mailako ekarpen zehatzak ez dira nahikoa erregai fosilak alde batera uzteko bidea egiteko»

IRENE VELEZ Kolonbiako Ingurumen ministroa

Tzeporah Bermanek, itunaren aldeko iniziatibaren sortzaileak, konferentzian azaldu du garatzeko bidean dauden herrialde batzuek erregai fosilak ekoizten dituztela, eta, herrialde horiek adierazi dutenez, gustatuko litzaieke erregai gutxiago ekoiztea, baina proiektu berriak egitera behartuta daude beren egoera ekonomikoagatik.

Izan ere, trantsizioak hainbat erronka eta kezka pizten ditu, eta horiei buruz eztabaidatu dute azken egunotan. Esaterako, aipaturiko iniziatibak eskatzen duena proposatu dute: erregai fosilak ez ugaritzeko itun bat bultzatzea. Horrekin lotuta, nabarmendu dute erregai fosilen industriari laguntza publikoak ematen zaizkiola. Guztira, 600 ekarpen baino gehiago jaso dituzte, eta horietatik abiatuko dira gaiari erpin ezberdinetatik helduko dioten lantaldeak: erregai fosilen industrien karbono isuriak, diru laguntza publikoak, finantzak, fiskalitatea...

COPari kritika

XX. mendearen amaieran egituratzen hasi zen klima aldaketaren kontrako nazioarteko borroka instituzionalizatua, baina, haren geldotasuna ikusirik, konferentzia egitea proposatu zuten. Santa Martan amaitu berri da biltzarra, eta, noski, hainbat agintarik kritikatu izan dute gune multilateral hori sortu izana. Halere, bestelako iritziak ere izan dira. Esaterako, Irlandako presidente ohiak, Mary Robinsonek, adierazi zuen Santa Martako giroa «irekiagoa» eta «parte hartzaileagoa» izan dela, Nazio Batuen Erakundearen COP eztabaidekin alderatuta: «COPeko eztabaidak formalagoak dira, negoziatzaileek beren mugak dituzte, eta ez dituzte gainditzen. Hemen oso ezberdina izan da, jendearen artean konexio handiagoa dago».

Irene Velezek, Kolonbiako Ingurumen ministroak, adierazi zuen konferentziak «klimari buruzko demokrazia global» berri baten hasiera ezarri duela, eta Parisko Akordioaren oinarrietako bat diren nazio mailako ekarpen zehatzak kritikatu zituen: «Nazio mailako ekarpen zehatzak ez dira nahikoa erregai fosilak alde batera uzteko bidea egiteko»; nazio mailako ekarpen zehatzak —NDC— herrialde bakoitzak bost urterako hartzen dituen klima konpromisoak dira, NBEri aurkeztu behar dizkionak.

Konferentziaren ostean, etorkizuneko klima bilkura multilateraletara begira jarri dira asko. Philippine Menagerrek, Ecodes fundazioko teknikariak, adierazi du erronka orain bikoitza dela: «Santa Martako bultzada politika justuetan gorpuztea eta bultzada hori COP31raino mantentzea». 2026ko azaroaren 9tik 20ra egingo da COP31 bilkura, Antalyan, Turkian. Hala ere, nahiz eta bilkurak Turkian egin, eztabaidak eta negoziazioak Australiak gidatuko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA