Bahitu bakar baten gorpua geratzen da Gazan, eta menia beste fase baten atarian da

Hamasek beste bahitu baten gorpua entregatu du. Behin guztiak entregatuta, aldeak su-eten akordioaren hurrengo urratsak negoziatzen hastekoak dira. Netanyahu prest agertu da Hamasen aurka ari diren palestinarrei Gaza gobernatzeko «aukera bat» emateko.

Bi palestinar Israelen erasoek suntsitutako eraikinen artean, herenegun, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE
Bi palestinar Israelen erasoek suntsitutako eraikinen artean, herenegun, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko abenduaren 4a
11:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkena falta da. Israelgo Gobernuak gaur ziurtatu duenez, Hamasek atzo entregatutako gorpua milizia islamistak 2023ko urriaren 7an bahitutako batena da. Urriaren 10ean menia indarrean sartu zenetik, Hamasek aske utzi ditu bizirik zeuden hogei gatibu israeldarrak, eta 47 gorpu entregatu ditu. Hortaz, bakarra geratzen da Gazan. Su etenerako akordioaren arabera, behin bahitu guztiak entregatuta, eman beharreko hurrengo pausoak negoziatzen hastekoak dira.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak ohar bat kaleratu du azterketa forentsearen emaitzen berri izan ostean, eta baieztatu du Hamasek entregatutako azken gorpua Gazan geratzen ziren bi bahituetako batena dela. Hain zuzen, Thailandiako nazionalitatea zuen herritar batena zen; Israelgo armadaren arabera, Jihad Islamikoko milizianoek bahitu eta hil zuten, 42 urte zituela. Hortaz, zerrendan gatibu bakarraren gorpua geratzen da, Israelgo Poliziako 24 urteko agente batena.

Su etenaren lehen faserako aldeek adostu zuten, besteak beste, Hamasek bahitu guztiak entregatuko zituela, Israelgo armada lerro horia deritzoten gunera erretiratuko zela, eta Tel Avivek bide emango zuela laguntza humanitario gehiago sartzeko. Talde islamistak akordioa indarrean sartu eta 72 ordura baino gutxiagora utzi zituen aske bizirik zeuden gatibu guztiak, eta Tel Avivek ia 2.000 preso palestinar inguru askatu zituen. Hamasek, baina, aitortu zuen zailtasunak zituela gorpuak aurkitzeko, argudiatuta suntsitutako eraikinen azpian geratu zirela. Horregatik, su etena urratzea leporatu izan dio Israelek, eta argudio hori baliatu du Gazara sartzen den laguntza humanitarioa mugatzen jarraitzeko.

Orain, hitzarmena indarrean sartu zenetik ia bi hilabetera, Hamasi gorpu bat entregatzea falta zaio lehen faserako hitzartutakoak betetzeko. Eta Netanyahuren bulegoak gogoan du hori: «Hamasek bitartekariekin hitzartutakoa bete beharra dauka». Halere, ez dago argi Tel Avivek bigarren fasera igarotzeko asmorik ba ote duen. Atzo, EFE berri agentziak, Egiptoko iturri ofizial bat aipatuz —bitartekari dabil Hamasen eta Israelen artean—, jakinarazi zuen Israel ez dagoela prest bigarren fasea martxan jartzeko harik eta Hamasek armak uzten dituen arte.

Beraz, oraindik argitzeke dago bigarren fasea noiz sartuko den indarrean eta zein izango diren aldi horretan alde bakoitzak hartu beharreko neurriak. Izan ere, AEBetako presidente Donald Trumpek ondutako hogei puntuko akordioaren inguruan hainbat analisi egin dituzte, baita Trumpek berak ere. AEBetako presidenteak urriaren 14an sare sozialetan iragarri zuen bigarren fasea abian zela; bart, aldiz, «laster» sartuko dela indarrean adierazi zien kazetariei Etxe Zurian.

Aldeek adostu zuten lehenengo fasea bukatu ondoren ekingo zietela bigarren faseko baldintzak zehazteko negoziazioei. Hurrengo urratsen artean aurreikusten dira, besteak beste, Hamasen armagabetzea eta haren azpiegitura militarren deuseztatzea negoziatzea; eta zehazten hasi beharko dute zer-nolako forma hartuko duen Gazako gobernabidea ikuskatuko duen nazioarteko agintaritza taldeak. Horren harira, Netanyahuk adierazi du prest dagoela Hamasen aurka ari diren palestinarrei Gaza gobernatzeko «aukera bat» emateko. The New York Times egunkariari eman dion elkarrizketa batean ziurtatu du hori.

Eraso gehiago

Hamasi hitzartutakoa ez betetzea leporatu izan badio ere, Tel Aviv ere ez da ari jaramon egiten lehen faserako adostutakoei. Akordioaren arabera, bi aldeek proposamena onartu bezain pronto eten egin behako lituzkete eraso guztiak. Israelgo armadak, baina, 360 palestinar baino gehiago hil ditu su etena indarrean sartu zenetik, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Atzo gauean, esaterako, beste zazpi pertsona hil zituzten zerrendan; bost zerrendaren hegoaldean Al-Mawasi errefuxiatuentzako kanpalekuan egindako bonbardaketa batean, eta beste bi Gaza hirian, tiroz.

Al-Mawasiko erasoan hildakoen artean bi haur zeudela jakinarazi du Al-Jazeera hedabideak, zerrendako osasun iturriak aipatuz. Eta gaineratu du gutxienez beste 32 pertsona zauritu zituztela.

13

 

Zenbat palestinar atxilotu dituzten Zisjordanian. Palestinako Presoen Elkarteak jakinarazi duenez, Israelgo armadak hamahiru palestinar atxilotu ditu gaur Zisjordanian. Sarekadak egin dituzte, bestek beste, Hebron eta Nablus hirietan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.