Israelek Zisjordania eta Jordania arteko pasabidea itxi du, eta bakartuta utzi ditu palestinarrak

Palestinako Aginte Nazionalak «berehala» irekitzeko exijitu du. Zisjordania «zatitzea» egotzi dio Tel Avivi NBEren batzorde batek, eta Netanyahuri leporatu dio Palestinako lurraldeetan pairatzen ari diren «gerra krimenak» antolatzea.

Zisjordaniaren eta Jordaniaren arteko pasabidea, iaz. JAMAL AWWAD / EFE
Zisjordaniaren eta Jordaniaren arteko pasabidea, iaz. JAMAL AWWAD / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko irailaren 24a
18:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazioarteak Palestinako auzian bi estaturen konponbidearen alde eginagatik ere, gura bezala jarraitzen du Israelek, bai Gazan eta bai Zisjordanian. Joan den astean, laguntza humanitarioa zeraman kamioi gidari batek Israelgo armadako bi soldadu harrapatu eta hil zituen. Hori dela eta, Israelek Zisjordaniaren eta Jordaniaren arteko pasabide bakarra ixtea erabaki zuen atzo, eta ikusteko dago noiz irekiko duten; Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak eman zuen agindua, herrialdeko hedabideen arabera. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri Ministerioak ohar bat kaleratu du gaur, eta horretan salatu du «zigor kolektibo» bat dela. Zisjordaniak Israelekin eta Jordaniarekin egiten du muga; hiru milioi palestinarrentzat, hortaz, Allenby pasabidea da modu bakarra atzerrira joateko eta herrialdera itzultzeko. Israelek bakartuta utzi ditu horiek guztiak.

PANek adierazi du handik igarotzen direla laguntzarekin Gazarantz doazen kamioietako batzuk, eta pasabidea «berehala» ireki ezean «egundoko kalteak» pairatuko dituztela palestinar guztiek. Halaber, ohartarazi du Israelen erabakia «Zisjordaniako isilpeko anexioaren» beste urrats bat dela, eta lurraldea «espetxe» bihurtzen ari dela.

Horixe bera salatu du NBE Nazio Batuen Erakundearen batzorde batek ere, zeinak duela astebete Israel genozidio bat egiten ari dela esan baitzuen: «Israelek ez du Gaza bakarrik azpiratu nahi». NBEren batzorde horrek Gazaren eta Zisjordaniaren okupazioari erreparatu dio, eta Israelen ekinaldia txarretsi du: «Ziurtatu nahi du palestinarrek ez dezatela inoiz baliatu beren autodeterminazio eskubidea». Hogei orri pasatxoko txostena argitaratu du Palestinako lurralde okupatuetako egoera aztertzeko NBEren batzordeak, eta horretan aditzera eman du 2023ko urriaz geroztik Israelek «segurtasun estrategiaz mozorrotu» dituela Gazako lurrak bere gain hartzeko operazioak, armadak zerrendako lurraldearen hiru laurden bere kontrolpean izateraino; Zisjordanian, berriz, legez kanpoko kokalekuak ugaritu dituela helburu bakarrarekin: Palestinako Estatua sortzea eragoztea. Genozidioarekin egin bezala, batzorde horrek Israelgo Gobernua egin du ekintzen erantzule.

Hain justu, nazioarteak babesa erakutsi dio bi estaturen konponbideari: NBEren Batzar Nagusiaren bueltan, azken egunetan Mendebaldeko zenbait herrialdek aitortu dute Palestinako Estatua, eta jada 155 herrialde dira hura aitortzen dutenak. Erabaki horren kontra egin du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, eta mehatxu egin du Zisjordania okupatzen jarraituko duela, Israelek 1967tik egin bezala. NBEren batzorde horrek ohartarazi du Israelgo Gobernuaren ekintzek bi estaturen konponbidea zapuzten dutela: lurrak okupatu izanak geroz eta «zatituago» utzi du Zisjordania, eta lur horietan «gehiengo judua» ezarri nahi du Israelek.

Netanyahuk «erantzukizun handiena»

Israelgo armadak Gazan eta Zisjordanian antzeko jardunbidea duela ere azaldu du, Israelek «gerra» gisa saltzen baititu bai bateko eta bai besteko sarraskiak. Erasoaldien bidez azpiegiturak, eraikinak eta etxebizitzak eraisten ditu armadak, eta palestinarrak desplazatzera ere behartzen ditu. NBEren batzorde horrek Israelgo Gobernuko zenbait ministrori egotzi die bi lurraldeetako egoera; horien eta gobernuko beste hainbat kargudunen adierazpenek aditzera ematen dute, txostenaren arabera, «nahita» eragin dutela palestinarren «segregazioa».

NBEren batzorde horrek, hortaz, Gazako genozidioa amaitzeko exijitu dio Israelgo Gobernuari, baita Zisjordaniako legez kanpoko kokalekuak bertan behera uzteko ere. Netanyahuk du «erantzukizun handiena», batzordeak esan duenez: «Bera arduratu da gerra krimenak, gizateriaren aurkako krimenak eta genozidio krimena eragin duten ekintzak agintzeaz».

Israelen erasoaldiek ez dute etenik Gazan. Al-Jazeera hedabideak zerrendako osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez, gutxienez 64 palestinar hil dituzte zerrendan, horietako 42 Gaza hirian. Bestalde, Israelgo armadak baieztatu du 19 urteko gazte bat hil duela tiroz, argudiatuta lehergailu bat bota diela soldaduei.

Bestalde, gutxienez 22 lagun zauritu dira gaur arratsaldeko Israel hegoaldeko Eilat hirian, eraso batean, hango larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez. Israelgo armadak esan du Yemenetik heldutako drone bat eraisten saiatu dela bi aldiz, eta hiriko gune turistiko batera erori dela.

GAZARAKO FLOTILLAREN AURKAKO ERASOAK IKERTZEKO ESKATU DU NBE-K

Beste eraso bat, dagoeneko hirugarrena. Israelek Gazari ezarritako setioa hautsi eta genozidioa pairatzen ari den populazioari giza laguntza eramateko bidean da Global Sumud Flotilla deiturikoa. Orain arteko erasorik gogorrena jasan du bart, Yasemin Acar flotillako zuzendaritzako kideak salatu duenez. Alma ontzitik kontatu duenaren arabera, atzo arratsaldean hamasei drone inguruko multzo bat ikusi zuten flotillaren gainean hegan, une batez. Gauean itzuli egin da saldoa, eta lehergailuekin eraso die flotillako 11 ontziri. Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaileak «ikerketa independente, inpartzial eta xehea» egiteko eskatu du.

Greziaren pareko nazioarteko uretan gertatu da erasoa. Acarrek ez du argitu zenbateko kaltea izan duten ontziek. «Uste baduzue Gaza oso urrun dagoela kezkatzeko, oker zaudete. Eraso egin digute Europako kostan bertan».Gaineratu du Israelek flotilla Gazara heltzea galarazi nahi duela bonben bidez, baina ez duela lortuko.Beste ekintzaile batek azaldu duenez, gutxienez lau bonba jaurti dituzte ontzien inguruan, eta sua eragiteko bi gailu ontzien kareletan jausi dira. «Kalte egin diete ontzi batzuei, baina ez da inor zauritu». Bada, Espainiako presidente Pedro Sanchezek iragarri du, gaur iluntzean, ontzi bat bidaliko dutela «flotillari laguntzeko eta erreskateak egiteko», hori beharrezkoa balitz. 

Irailaren 8ko gauean bigarrenez eraso zioten Global Sumud Flotillari Tunisian: drone bat jaurti zioten Alma izeneko itsasontziari, Sidi Bu Saideko portuan. Lehenengo erasoan Family izeneko itsasontziaren aurka jo zuten, ordu batzuk lehenago. Ontzidiko itsasontzi nagusietako bat da, eta giza ekintzailerik ezagunenak zeramatzan. Airetik eraso zioten orduan ere, drone bat erabilita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.