Ez da gonbidapena jaso duen lehena izan, ezta azkenekoa ere. Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bere Gazarako Bake Batzordearen parte izateko gonbita egin dio Israelgo lehen ministroari, eta hark onartu. «Benjamin Netanyahu lehen ministroak Donald Trump AEBetako presidentearen gonbidapena onartu du, eta, hala, munduko liderrek osatuko duten Bakearen Batzorde Gorenera batuko da», adierazi du gaur goizean Nethanyahuren bulegoak, ohar batean.
Bi urte baino gehiago dira Israelek Gazako ofentsiba areagotu zuela, eta Israelgo tropek Gazako zerrendaren erdia okupatua dute oraindik ere. AEBek asteburuan aurkeztu zuten Gazarako Bake Batzordea. Trumpek erabateko boterea izango du hartan, eta jada jakinarazi dute zuzendaritzako kideak zeintzuk izango diren: Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohia (1997-2007), Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria eta Steve Witkoff Etxe Zuriaren ordezkari berezia, besteak beste. Etxe Zuriak igorritako ohar baten arabera, batzorde horren lana izango da «lurraldea gainbegiratzea, nazioarteko baliabideak mobilizatzea, eta kontu ematen dela bermatzea, Gazan gatazka atzean utzi eta bakeari eta garapenari bide emateko». Netanhayu batzorde horretako kide bihurtu da gaur.
Trumpek Gazarako planaren barruan sartu zuen batzorde hori sortzeko asmoa. Irail amaieran plazaratu zuen hogei puntuko plana, eta haren lehenengo fasea urriaren 10ean sartu zen indarrean. Hartan jasotako puntu asko ez dituzte bete, ordea. Esaterako, lehen faseak barne hartzen zuen su etena ezartzea, eta, gaur bertan, Israelgo indarrek 11 palestinar hil dituzte Gazan, Palestinako hedabideek jakinarazi dutenez.
Hala ere, duela astebete, Witkoffek iragarri zuen planaren bigarren fasea abiatuko zela, eta, iragarpena egitearekin batera, Gazan aginduko duen gobernu teknokratiko bat sortu; horren harira, adierazi zuen helburua zera dela, «Hamasen alternatiba bat» eratzea, «bakea lortu nahi duena». Ali Xaath PAN Palestinako Aginte Nazionaleko ministrorde ohiak gidatuko du, eta Gazarako Bake Batzordeak gainbegiratu.
Israelek AEBetara gehiago gerturatzea erabaki du, eta NBE Nazio Batuen Erakundetik aldentzea. Israelek Gazarako batzordean parte hartuko duela iragarri eta berehala, Haaretz-ek jakinarazi du Israelgo Atzerri Ministerioan eztabaidatzen ari direla Parisko Hitzarmenetik atera ala ez. Gobernuko iturri batek zehaztu du Israelek AEBekin batera jorratu nahi duela klima aldaketaren gaia, eta ez NBErekin. Iazko urtarrilaren amaieran, Trumpek jakinarazi zuen AEBak Parisko Hitzarmenetik aterako zirela, eta datorren astean utziko diote ofizialki akordioaren parte izateari.
NBEren alternatiba
Trumpek sortu duen horrek Gazarako Bake Batzorde zuen izena, baina Bakearen Batzordea izendatu dute orain. Haren esanetan, helburutzat baitauka Gazan ez ezik munduko beste herrialdeetan ere «bakea lortzea». Zera esan zuen atzo AEBetako presidenteak bere agintaldiaren lehen urteari buruzko prentsaurrekoan: «Bakearen Batzordea sortu berri dugu, eta zoragarria izango da. Nahiago nuke Nazio Batuen Erakundeak gehiago egin ahalko balu. Nahiago nuke bake batzorderik behar ez bagenu, baina NBEk ez dit inoiz lagundu konpondu ditudan gerrak konpontzen». Batzorde horrek NBE ordezkatzeko aukeraren inguruan, adierazi zuen «aukera» egon badagoela horretarako, baina aitortu zuen NBEk ere «potentzial handia» duela.
Trumpen batzordearen eta NBEren artean badira ezberdintasunak. Bakearen Batzordean Trump da liderra, beste inoren gainetik. Trumpek 60 estatu inguru gonbidatu ditu batzordera; NBEn, ordea, 193 daude, Segurtasun Kontseiluak gidatuak. Eta gainera, AEBetako presidentearen batzordean, estatuak gehienez hiru urtez izan ahalko dira zuzendaritzako kide; hori bai, lehen urtean batzordeari mila milioi dolarreko ekarpen ekonomikoa egiten badiote, zuzendaritzan segitu ahalko dute. Hortaz, babesle indartsuenek soilik eutsiko diote bere lekuari.
Aldeko eta kontrako jarrerak izan dira, eta gonbidapena jaso duten estatu gehienek ez dute erantzun oraindik. Parte hartuko dutela adierazi dutenen artean daude Israel, Argentina, Paraguai, Maroko, Bielorrusia, Kazakhstan, Uzbekistan, Pakistan, Azerbaijan, Arabiar Emirerri Batuak, Vietnam, Kosovo eta Egipto. Bestalde, oraingoz, ezezkoaren aldean jarri dira Frantzia —horren berri izan ostean, atzo Trumpek iragarri zuen %200eko muga zerga jarriko ziela Frantziako ardoari eta xanpainari—, Erresuma Batua eta Italia. Suediak ere adierazi du ez duela parte hartuko, eta Txinak, erantzun argirik eman ez, baina azpimarratu du NBErekin oso konprometituta dagoela, eta erakunde hori dela Txinarentzat nazioarteko sistemaren «ardatza».
Israelgo indarrek Bi LaGUn hil dituzte Libanon
Bi pertsona hil ditu Israelek Libano hegoaldean, bat Zahrani herrian eta bestea Bauriyan; Israelen arabera, Hezbollah talde xiitako kideen aurkako erasoetan hil dituzte. Libanoko Osasun Publikoaren Ministerioaren Urgentziazko Ebakuntzen Zentroak ohar batean azaldu du «auto baten aurkako erasoa» izan dela Zahranikoa. 2024an su etena sinatu zuten bi aldeek, baina Israelgo indarrek erasoak egiten jarraitu dute Libanon, bai Hezbollahko ustezko kideen ibilgailuen aurka, bai ustez mugimendu xiitak baliatzen dituen eraikinen aurka.