Hamasek armagabetzea onartu du, baina Israelek Gaza utzi beharko du

Palestinako talde islamistak oroitarazi du Israelgo armadak zerrenda uztea adostu zutela urrian hitzartutako bake akordioan. Netanyahuren gobernuak hori onartu ezean, Hamasek ez ditu armak utziko.

Hamaseko buruzagi militar baten hileta, aurtengo maiatzean, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE
Hamaseko buruzagi militar baten hileta, aurtengo maiatzean, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko uztailaren 31
14:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamas armak uzteko prest dago. Donald Trump AEBetako presidenteak milizia palestinarraren «armagabetze osoa» iragarri ondotik, talde islamistako negoziatzaile batek, Ghazi Hamadek, nazioarteko hainbat hedabideri baieztatu die albistea. Armak utziko dituzte, baina horretarako Israelgo armadak Gazatik alde egin, zerrendarako igarobideak ireki, eta eraso guztiak eten beharko ditu. «Israelek ez badu akordioa betetzen, guk ere ez dugu egingo», ohartarazi du Hamadek.

Israelgo Gobernuak ez du baieztatu oraingoz akordioa erdietsi dutenik. Baina Itamar Ben-Gvir Segurtasun Nazionalerako ministro ultraeskuindarrak adierazi du «soluzio bakarra» Hamas desegitea eta Gazako palestinarren emigrazioa bultzatzea direla. Israelgo ChaNnel 13 hedabideak jaso ditu eskuin muturreko ministroaren esanak; gaineratu duenez, Hamasen iragarpena «denbora irabazteko» saiakera bat baino ez da. Halere, ikusteko dago Benjamin Netanyahu lehen ministroak zer esaten duen; izan ere, Trumpek garrantzia handia eman dio azken itunari.

Gaur goizaldean Truth Social bere sare sozialean eman du adostutakoaren berri: «Hamas eta Gazako beste talde armatu guztiak armagabetzeko akordio historiko bat lortu du gaur Bake Batzordeak». AEBetako presidentearen arabera, Gaza gobernatuko duen agintaritza palestinarrari bidea egiteko «ezinbesteko urratsa» da talde horien armagabetzea. Gainera, horrela Israelek «segurtasun» gehiago izango duela ere aipatu du.

Trumpek oroitarazi du iazko urrian adostutako hogei puntuko planean aurreikusitako urratsa dela armagabetzea, eta haren ondotik erretiratuko dela Israelgo armada zerrendatik. Ordenak, baina, desadostasunak sortu ditzake. Izan ere, Hamasek gaur kaleratutako komunikatu batean zehaztu du ez duela armamentu pisutsurik entregatuko aurrez Israelgo tropek ez badute zerenda uzten. Gainera, Tel Avivek betebeharreko neurri gehiago ere zerrendatu ditu; horien artean, Gazaren berreraikitzea, palestinarren autodeterminazioarako eskubidea bermatzea... Horiek guztiak daude jasota Trumpek hauspotutako planean, baina ez dirudi, gaur-gaurkoz, Netanyahuren gobernua horiek onartzeko prest dagoenik.

Israelgo armadaren eraso bat, herenegun, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE
Israelgo armadaren eraso bat, herenegun, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE

2025eko urriaren 10ean ezarri zuten ofizialki su etena gazan, eta orduan sartu zen indarrean Trumpek hauspotutako akordioa. Hain justu, azken asteetan plan horretan adostutako hainbat neurri indarrean sartzeko urratsak eman dituzte aldeek.

Aste honen hasieran, Israelgo Gobernuko segurtasun kabineteak onartu du nazioarteko indar bat zerrendaren hegoaldera sartu ahal izango dela. Rafah hiria Israelgo armadaren kontrolpean egon da azken bi urteetan, eta orain nazioarteko misio militar bat hedatzea halbidetuko du. Hori bai, oraingoz ez dute zehaztu noiz sartuko den, eta Tel Avivek zehaztu du misioa «erabat koordinatuta» egongo dela Israelgo indarrekin.

Talde islamistak, bestalde, uztailaren hasieran Gazako Gobernua desegin zuen. Gazako Gobernuaren Larrialdi Batzordea —2023ko urriaren 7tik de facto Gazako gobernua da— desegitea hitzartu zuten iazko urrian sinatutako akordioan; orain, Gaza Administratzeko Batzorde Nazionalak hartuko du haren tokia. Hamasek gaur jakinarazi duenez, palestinarrek osatutako batzorde teknokrata hori arduratuko da armagabetze prozesuaz, eta Israelek ez du parte hartuko.

Israel, berera

Talde islamistak armak uzteko prest dagoela iragarri ostean, Gaza Administratzeko Batzorde Nazionalak goraipatu egin ditu emandako «aurrerapausoak». Erakunde horrek uste du orain erronka nagusia dela adostutakoak praktikan jarri, eta Gazako herritarrengan eragina izatea. Gaineratu dutenez, batzorde teknokrata hori prest dago zerrendako administrazioaren kargu egiteko.

Horren inguruan ere mintzatu da Trump. Esan du «faseka» gauzatuko dutela bake prozesua. Talde islamistak armak utzi ostean, Israelgo armada zerrendatik erretiratuko dela, eta nazioarteko misio militarrak hartuko duela haren lekua. Gainera, nazioarteko misio hori Polizia indar berri batekin elkarlanean arituko dela gogorarazi du; hala, Gazako «segurtasuna bermatuko» dutela, baita zerrendan «gobernu berri bat» ezartzea ahalbietu ere.

Bien bitartean, Israelgo armadak Gazan jarraitzen du, eta azken orduetan ere hainbat eraso egin ditu. Al-Jazeera hedabideak zerrendako osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez, horietako batean, zerrendaren erdialdean, gutxienez pertsona bat hil dute. Atzo ere zenbait bonbardaketa egin zituzten Israelgo tropek, eta gutxienez sei palestinar hil zituzten horietan. Iazko urrian menia indarrean sartu zenetik, 1.200 pertsona baino gehiago hil dituzte; eta 73.000 baino gehiago 2023ko urriaren 7tik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA