Irango instalazio nuklearrak gainbegiratuko dituela ziurtatu du gaur IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak. Teheranek horretarako «inongo planik» ez dagoela esan eta biharamunean, Rafael Grossi IAEAko zuzendari nagusiak adierazi du ikuskapenak «laster» hasiko dituztela. Japonian dago Grossi, eta han emandako prentsaurreko batean jakinarazi du aztertzen ari direla Irango gainbegiratzeak nola eta non egin. Ez du data zehatzik eman, baina Irango agintariekin «elkarlanean» jardungo dutela esan du.
Hain justu, Grossik hitz egin du Washingtonek eta Teheranek adierazpen kontraesankorrak egin ostean. JD Vance AEBetako presidenteordeak astelehenean Suitzan esan zuenez, Teheranek onartu du NBEren agentzia horren inspektoreek Irango instalazio nuklearrak ikuskatzea. Esmail Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak, ostera, atzo prentsaurreko batean argitu zuenez, oraingoz ez dute hitz egin gerrak hondatutako instalazio nuklearrak gainbegiratzeaz. Eta Kazem Gharibabadi Irango Atzerri ministrordeak gaur zehaztu du gainbegiratzeak AEBekin «behin betiko» akordio bat egin ostean egingo dituztela. Ohar batean gaineratu duenez, Irango ordezkari bat bera ere ez da Grossirekin bildu asteburuan Suitzan egindako negoziazio saioan. Iazko ekainean, AEBen eta Israelen erasoaldi bat jasan ostean, IAEArekin lankidetza eten zuen Teheranek.
Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak esandakoak gezurtatu zituen geroago Donald Trump AEBetako presidenteak. Pensylvanian kazetariei egindako adierazpen batzuetan esan zuen Baghaei «oker» zegoela: «Badakite oker daudela. Guri esan ziguten [ikuskapenak baimenduko dituztela], eta %100ean ziur gaude». Gaingebigaraketak noiz hasiko diren ere galdetu zioten kazetariek, eta Trumpek erantzun zuen ez dagoela presarik.
Grossik garrantzia kendu die Teheranek atzo esandakoei: «Ulertu dezaket adierazpen politiko horiek egitea, baina oroitarazi nahi dut memorandum bat dagoela, bi herrialdeetako presidenteek sinatua». Eta itun horrek jasotakoa laburbildu du: «Akordioaren arabera, IAEAk gainbegiratu behar ditu instalazio nuklearretan egiten diren ekintzak». Gainera, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek Irango instalazioak gainbegiratzea akordioan adostutakoak betetzeko funtsezkoa dela uste du Grossik; izan ere, Irango uranio aberastua «diluitzea» adostu dute.
«AEBen porrotaren deklarazioa»
Otsailaren 28an hasi zuten AEBek eta Israelek Iranen aurkako erasoaldia. Apirilaren 8tik tregoa bat ezarrita zegoela Iranen, eta, hiru hilabete eta erdi igaro ostean, ekainaren 14an, Washingtonek eta Teheranek adostu zuten behin-behineko bake itun bat, memorandum bat, eta menia bat ezarri Ekialde Hurbilean —Libanon barne—. Horrela, 60 eguneko tartea zabaldu dute negoziazioetarako. Asteburuan egin zuten lehen saioa, Suitzan. Han izan zen JD Vance AEBetako presidenteordea, baita Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroa eta Mohammad Bagher Ghalibaf Irango Parlamentuko presidentea ere.
Hain justu, gaur Azerbaijanen egindako ekitaldi batean hitz egin du Ghalibafek, eta adierazi du Washingtonek eta Teheranek sinatutako akordioa «AEBen porrotaren deklarazio bat» dela. Iranen negoziazio taldeko burua da Ghalibaf, eta Irango erresistentziaren jarduna goraipatu du; haren hitzen, erresistentzia horri esker lortu dute akordioa egitea; ez AEBen presioagatik.
Bestalde, gaur Pakistanek jakinarazi duenez —bitartekari ari da—, datorren astearen hasieran egingo dute beste negoziazio saio bat AEBek eta Iranek.
eb-ko aire konpainiei ekialde hurbilera ez joateko gomendatu diete
EASA Aire Segurtasunerako Europako Batasunaren Agentziak uztailaren 1era arte luzatu du Ekialde Hurbilera ez joateko gomendioa. Europako Batasuneko aire konpainiei eskatu diete saihesteko Irango eta inguruko beste hamar herrialdetako aire espazioak zeharkatzea. Teheranek eta Washingtonek akordioa egin badute ere, oraindik «tentsio handia» dagoela ohartarazi du EASAk.
Programa nuklearraren gainbegiratzeaz gainera, beste hainbat desadostasun agertu dira Suitzan negoziatutako kontuen inguruan. Atzo Teheranek jakinarazi zuen Irani blokeatutako funtsetatik 12.000 milioi dolar desblokeatuko dituztela AEBek —10.500 miloi euro inguru—. Atzo Trumpek sare sozialetan zabaldu zuenez, Iranek AEBetako produktuak erosteko erabili beharko ditu funts horiek. Teheranek, aldiz, oroitarazi du funts horiek askatasunez erabili ahalko dituela. Atzo, Irango Banku Zentraleko buru Abdolnaser Hemmatik Tasnim berri agentziari esan zion produktuak horien prezioaren eta kalitatearen arabera erosiko dituztela: «AEBetako produktuen prezioa eta kalitatea beste herrialdeetakoa baino egokiagoa bada, horiek beraiek eros ditzakegu».