Inbasioaren laugarren urteurrenean, Kiev eta Mosku gerturatu ezinik dabiltza oraindik

Zelenskik «Hirugarren Mundu Gerra» hasi izana egotzi dio Putini. Kolokan dago Europako Batasunak Errusiaren kontra onartu nahi duen zigor sorta, Hungariak iragarri baitu betoa erabiliko duela.

Zenbait herritar atzo, Kieven, Errusiaren eraso baten ondoren. EFE
Zenbait herritar atzo, Kieven, Errusiaren eraso baten ondoren. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko otsailaren 23a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau urte beteko dira bihar Errusiak Ukrainako inbasioari ekin zionetik, eta aldeak elkarrengandik urrun daude gaur egun ere: Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak «Hirugarren Mundu Gerra» hasi izana egotzi dio Moskuri; Vladimir Putin Errusiako presidenteak iragarri du armadaren garapen militarra «azkartuko» dutela; eta EB Europako Batasunak onartu nahi duen zigor sortak kolokan jarraitzen du, Hungaria ez baitago kontent.

Duela urtebete, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Zelenski hartu zuen Etxe Zurian, eta gonbidatuari esan zion Hirugarren Mundu Gerrarekin ari zela «jolasean». Bada, Ukrainako presidenteak hitz horiexek oroitarazi ditu orain, eta, Errusiaren Ukrainako inbasioak lau urte beteko dituen honetan, Moskuri leporatu dio Hirugarren Mundu Gerra jada hasi izana: «Galdera da ea zenbat lurralde konkistatuko dituen, eta nola geraraziko dugun», esan zuen atzo BBC hedabideari emandako elkarrizketa batean. Zelenskiren hitzetan, lurraldetasunaren auziak milaka eta milaka ukrainar «abandonatzea» dakar: «Horrelaxe ikusten dut. Eta seguru nago erretiratze horrek gure gizartea erdibituko lukeela».

Ukrainako inbasioa hasi zuteneko bezpera ez ezik, Aberriaren Defendatzaileen Eguna ere badute gaur Errusian —jaieguna da, 1918an Armada Gorria errekrutatzen hasi zirenekoa gogoratzen baitute—. Putinek iragarri du «ahaleginetan» jarraituko dutela herrialdeko armada «sendotzeko»: «Ziur naiz konturik garrantzitsuenaz: teknologia hau esku onetan egongo da beti», adierazi du gaur herrialdeko telebistan emandako hitzaldi batean.

Vladimir Putin Errusiako presidentea Soldadu Ezezagunaren Tonban, gaur, Moskun. ALEXANDER ZEMLIANICHENKO / EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea Soldadu Ezezagunaren Tonban, gaur, Moskun. ALEXANDER ZEMLIANITXENKO / EFE

EBko Atzerri ministroak Bruselan bilduta daude Errusiaren kontrako beste zigor sorta bat onartzeko asmoz; Kaja Kallas talde komunitarioko diplomaziaburuak, ordea, aitortu du ez duela espero halakorik lortzea: «Eztabaida bat egongo da. Baina, guztiek dakiten bezala, uste dut gaur ez dela aurrerapenik egingo gai horren inguruan, nahiz eta presio egiten jarraituko dugun», esan du gaur kazetarien aurrean.

Erabakia biharko hartu nahi dute, antza denez Hungariaren betoak hori galaraziko duen arren, 27 kideek aho batez onartu behar baitute zigor sorta. Izan ere, Kievek urtarrilaren amaieran eten zuen Druzhba oliobidearen petrolio hornikuntza, argudiatuta Moskuren erasoek instalazioa jo zutela Ukrainaren mendebaldean. Eta Hungaria da, Eslovakiarekin batera, hein handi batean Errusiako petrolioaren menpe dauden EBko kideetako bat. Azken egunotan iragarri duenez, betoa erabiliko du zigor sorta bozkatzeko orduan.

«Hungaria etsaia balitz bezala jokatzen du Ukrainak», esan du gaur Peter Szijjarto Hungariako Atzerri ministroak, Bruselan. «Galdetu ukrainarrei ea zergatik utzi dioten petrolioa bidaltzeari, ea zergatik jarri duten arriskuan energia horniduraren segurtasuna», erantsi du. «Ukrainako Batzorde gisa» aritzea egotzi dio Europako Batasunari, eta ziurtatu du ez dutela zigor sortari buruzko iritzia aldatuko Druzhba oliobidea berriro ireki arte. Ez hori bakarrik: Budapestek iragarri du betoa ezarriko diola talde komunitarioak Ukrainari eman nahi dion 90.000 milioi euroko mailegu bati ere.

Errusiako petrolioaren auzia aipatu ez duen arren, Kallas diplomaziaburuak esan du zigor sortarekin «zerikusirik» ez duten «arazoak» entzun dituela hedabideetan: «Ez dut uste parez pare jarri beharko genituzkeenik». Erantsi du lehenik entzun egingo dutela zer arrazoi dituen Hungariak bozketa blokeatzeko, eta gero ikusiko dutela ba ote den aukerarik arrazoi horiek «gainditzeko».

Paula Pinho Europako Batzordeko bozeramaileak ohartarazi du 90.000 milioi euroko mailegua blokeatzeak «lankidetza leialaren printzipioa» urratuko lukeela, eta joan den abenduko akordioa betetzeko exijitu dio Hungariari —orduko hartan adostu zuten mailegu hori EBko kideek beren zorraren bidez finantzatzea, Hungariak, Eslovakiak eta Txekiak izan ezik—. Gogoratu du talde komunitarioak baldintza hori bete duela, eta erabakia errespetatzeko eskatu dio Hungariari: «Espero dugu lider guztiek beren konpromisoak betetzea, baita Orban lehen ministroak ere».

Hiru pertsona hil dituzte Errusiaren erasoetan

Gutxienez hiru pertsona hil dituzte bart Errusiaren erasoetan, horietako bi Ukraina hegoaldeko Odesa eskualdean, eta beste bat hego-ekialdeko Zaporizhia eskualdean; eskualde bakoitzeko gobernadoreek eman dute hilketen berri, sare sozialetan. Gutxienez beste lau lagun ere zauritu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.