Hastear da Espainiako hauteskunde kanpaina, tren istripuek, migrazioak eta etxebizitzak baldintzatuta

Greba orokorraren biharamunean, abiatzear da Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina. Alderdi nagusiek ekitaldiak egingo dituzte gaur. Inkestek gero eta lehia estuagoa aurreikusten dute.

Pedro Sanchez hil hasieran Bilbon egindako ekitaldian, atzean Eneko Andueza eta Rafaela Romero dituela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Pedro Sanchez hil hasieran Bilbon egindako ekitaldian, atzean Eneko Andueza eta Rafaela Romero dituela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2026ko azaroaren 12a
13:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kaleak etxebizitzaren aldeko aldarriz eta afixaz bete eta biharamunean, beste era bateko kartelak jarriko dituzte Espainian: hauteskunde kanpainakoak. Izan ere, gauerdian hasiko da ofizialki Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina, eta alderdi nagusiek mitinak eta ekitaldi politikoak egingo dituzte horren atarian.

Etxebizitzaren auzia, garraio azpiegituren krisia, immigrazioa, alderdien arteko balizko akordioak eta beste zenbait gai pil-pilean izango dira datozen asteetan. Baina, batez ere, hiru auzik baldintzatu dituzte kanpaina aurreko asteak: atzoko greba orokorrak, urriaren 28an Urdan gertatutako tren istripuak —69 lagun hil ziren— eta uztail amaieran Ceutan gertatutako migrazio krisiak —80.000 lagunek Maroko eta Espainia banatzen dituen muga zeharkatu zuten—.

Hala ere, datozen hamabost egunetan ezer gutxi aldatuko da azken asteekin alderatuta. Izan ere, hauteskundeak egingo zirela iragarri zutenetik, hainbat ekitaldi eta mitin egin dituzte alderdi guztiek. Baina, aurrerantzean, alderdiek botoa eskatzeko ahalmena ere izango dute.

Pedro Sanchezek eta PSOEk Sevillan abiatuko dute hauteskunde kanpaina. Sevilla gotorlekua da Andaluziako sozialistentzat, han ez baitute inoiz galdu gorteetarako hauteskundeetan. Horregatik, ekitaldiak egingo dituzte probintzia hartako hainbat tokitan.

PP Alderdi Popularraren kanpaina Katalunian hasiko da. Alberto Nuñez Feijoo presidentegaia Badalonan izango da, hiriko alkate eta Espainiako Kongresuko parlamentari izateko hautagai Xavier Garcia Albiolekin batera.

Ezker konfederala zatituta aurkeztuko da hauteskundeetan. Duela ia hilabete amaitu zen bozetarako koalizioak erregistratzeko epea, eta, ados jarri ez zirenez, ezkerreko zerrenda bat baino gehiago egongo da bozetan: Fronte Zabala koalizioa —Sumar Mugimendua, IU Izquierda Unida, Comuns eta Mas Madrid— eta Podemos.

Nolanahi ere, abiapuntu bera aukeratu dute bi alderdiek. Podemosek Madrilen kartelak itsatsiz hasiko du kanpaina, gaur. Han izango dira Irene Montero Podemosen presidentegaia eta Ione Belarra alderdiko idazkari nagusia. Ada Colau buru duen Fronte Zabalak ere Espainiako hiriburuan abiatuko du kanpaina. Ekitaldi bat egingo dute Vallecasen, eta kartelak jarriko dituzte segidan.

Ultraeskuinak, berriz, hainbat ekitaldi egingo ditu gaur. Santiago Abascal Vox alderdiko presidentegai ultra Logroñon egon da goizean, eta ekitaldi bat egingo du arratsaldean Huescan.

PSOEren igoera

Azken asteetan hainbat inkesta argitaratu dituzte, eta gehienek gero eta lehia estuagoa aurreikusten dute. Parte hartzea handia izango dela iragarri dute oro har, eta hori, historikoki, ezkerraren mesedetan izan da.

Gehienek diote PPk eta Voxek gehiengo osoa eskuratuko dutela, eta hala dio 40DB etxeak El País egunkariarentzat onduriko inkestak ere: haren arabera, 129 eta 61 eserleku eskuratuko dituzte, hurrenez hurren —ultraeskuinak ia bikoiztu egingo lituzke 2023ko emaitzak—. Hala ere, aurreko inkestekin alderatuta, PSOEk gorakada nabarmena izango du, eta PPk gero eta gertuago edukiko luke. Zundaketa horren arabera, sozialistek 119 eserleku lortuko dituzte, Fronte Zabalak hamar, eta Podemos ordezkaritzarik gabe geldituko da.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA