Junqueras, Bassa, Turull eta Romeva amnistiatu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak

Auzitegiak hamabi urterako inhabilitatu zituen duela zazpi urte. Amnistia aplikatu dietenez, berriro hautagai izateko aukera izango dute denek. «Justizia» egin dela azpimarratu dute amnistiatuek.

Oriol Junqueras Kataluniako Generalitateko presidenteorde ohia 2023an, manifestazio batean, Valentzian. BIEL ALIÑO / EFE
Oriol Junqueras Kataluniako Generalitateko presidenteorde ohia 2023an, manifestazio batean, Valentzian. BIEL ALIÑO / EFE
Beñat Mujika Telleria - Aitor Garmendia Etxeberria
2026ko urriaren 20a
13:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Auzitegi Gorenak eman du ebazpena: amnistia eman diete Oriol Junqueras Kataluniako Generalitateko presidenteorde ohiari eta Dolors Bassa, Raul Romeva eta Jordi Turull kontseilari ohiei. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hil hasieran agindu zion Auzitegi Gorenari diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua amnistiatzeko Kataluniako prozesuari dagokionez. Bada, bi asteren ostean iritsi da erabakia.

2019ko ekainean, Gorenak hamabi urte arteko inhabilitazioa ezarri zien prozesu subiranistako buruzagiei, baita kartzela zigorra ere. Baina 2021ean Pedro Sanchez Espainiako egungo presidentearen gobernuak indultatu egin zituen, eta ez zuten gelditzen zitzaien kartzela zigorra bete behar izan. Hala ere, inhabilitazioa mantendu egin zieten —2030era arte Romevak eta Turullek, eta 2031ra arte Junquerasek eta Bassak—.

Orain, Konstituzionalaren erabakiaren ostean, inhabilitazioa ezerezean uzteaz gain, aurrekariak ere ezabatuko dizkiete. Eta behin amnistia aplikatuta, berriro hautagai izateko aukera izango dute. Junquerasek eta Turullek politikaren lehen lerroan jarraitzen dute. ERC Esquerra Republicanak gaur jakinarazi du azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako bozetako zerrendetan joango direla Junqueras, Bassa eta Romeva, baina «modu sinbolikoan».

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiak, baina, itxaron egin beharko du. Baita Toni Comin eta Lluis Puig kontseilari ohiek ere. Gorenak diru publikoa bidegabe desbideratzea leporatuta ukatu zion Puigdemonti amnistia 2024an. Baina Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak atzo balioztatu zuen haiek atxilotzeko agindua indargabetzeko erabakia, auto batean. Baina haren erabakia apelatu egin daiteke. Gainera, Llarenak ohartarazi zuen soilik atxilotze aginduak utzi zituela bertan behera, eta ez dela sumarioa amaitu.

Kritika Konstituzionalari

Atzoko autoan Llarenak egin moduan, gaur Gorenak gogor kritikatu du Konstituzionalaren agindua. Espainiako instantzia goreneko epaitegiak ebatzi zuen Gorenak amnistia legearen «interpretazio zabala» egin zuela araua Kataluniako lider independentistei ez aplikatzea erabaki zuenean, eta hori «legearen espirituaren eta helburuaren kontrakoa» izan dela salatu zuen. Bada, Gorenak adierazi du gaur gogoeta horiek ez zirela «beharrezkoak». Konstituzionalaren erabakia onartzen duela esan dute ebazpenean, baina Goreneko epaileek uste dute beren eskumenekoak diren auzietan «eskua sartu» duela Konstituzionalak.

Konstituzionaleko gehiengo progresistak hartutako erabaki gehiago kritikatzeko ere baliatu du Gorenak gaurko ebazpena. Gaur egun, Espainiako instantzia goreneko hamabi epaileetatik zazpi ildo progresistakoak dira, eta beste bostak kontserbadoreak. Gorenak salatu duenez, azken erabakiek erakusten dute Konstituzionalak bere «jurisprudentzia historikoarekin hautsi» duela, eta auzitegi horrek jasandako «mutazioaren» isla dela. 2013tik 2023ra gehiengo kontserbadorea izan zuen epaitegi horrek.

Junquerasek mezu motz bat idatzi du X sare sozialean, erabakiaren berri izan duenean: «Behingoz justizia egin da bidegabekeria besterik ez zegoen tokian. Anbizioa. Herria. Etorkizuna». Gauza bera egin du Turullek ere. Azaldu du «independentismoaren beste garaipen bat» dela, erakusten baitu Kataluniaren independentzia erreferendum baten bidez erabakitzea ezin dela inoiz delitu bat izan. Eta gogorarazi du amnistia ez dela benetakoa izango Puigdemont, Comin eta Puig Kataluniara itzuli arte. «Ez da barkamena. Justizia da», gaineratu du.

Puigdemontek, Cominek eta Puigek bederatzi urte daramatzate Belgikan erbesteratuta. 2017ko urri amaieran joan ziren, U-1eko independentzia erreferenduma egin eta aste batzuetara. Izan ere, Espainiako Gobernuak buruzagi independentisten kontrako errepresioa areagotu zuen. Orain arte luzatu da Kataluniako lider independentisten aurkako prozesu judiziala, baina hasi dira 2024an onartutako amnistia legea aplikatzen, eta prozesua hasia da amaierara iristen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA