Kalteei erantzuteko funtsak hogei milioi dolar emango dizkio Nepali, behar duenaren %0,43

Nepalen kalkuluen arabera, 4.700 milioi dolar behar dituzte uholdeek sortutako kalteak konpontzeko. Irailean eskatu zion dirua funtsari, eta orain onartu dute. Funts horrek dirua emango duen lehen aldia izango da.

Bi lagun Nepalgo Nuwakot barrutiko Dhunge herrian, uholdeak jazo eta bi astera. NARENDRA SHRESTHA / EFE
Bi lagun Nepalgo Nuwakot barrutiko Dhunge herrian, uholdeak jazo eta bi astera. NARENDRA SHRESTHA / EFE
inaut matauko rada
2026ko urriaren 23a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nepalen abuztuaren 26an izan ziren bat-bateko uholdeen irudiak azkar zabaldu ziren albistegietan eta sare sozialetan. Beldurgarriak badirudite ere, ez dute guztiz irudikatzen bertan izandako suntsipena. Pentsa: 1.500 gorpu inguru erreskatatu zituzten, baina 5.000 pertsona baino gehiagoren arrastorik ez dute topatu, eta hiltzat jo dituzte denak. Trishuli errekaren ibilguaren zati handi batean eragin zituen kalteak uholdeak, 72 kilometrotan. Bada, Nepalgo Gobernuak kalkulatu du 4.740 milioi dolar beharko dituela kalteak erreparatzeko, eta Galerei eta Kalteei Erantzuteko Nazio Batuen Erakundearen Funtsak aktibatzeko eskatu zuen. Bada, funtsaren batzordeak atzo onartu zuen hogei milioi dolar ematea Nepali, ezohiko bilera batean.

Gaur eman du horren berri Nepalgo Gobernuak. Hala, lehen aldia izango da funts horrek dirua emango diona klima larrialdiaren eraginagatik kalteak izan dituen herrialde bati. Hala ere, kalkulu azkar bat eginda, agerian geratzen da askoz laguntza handia beharko duela herrialdeak. Izan ere, Nepalek egindako berreraikitzearen aurrekontuaren %0,43 besterik ez dira hogei milioi dolar horiek. Gobernuak kalkulatu du herrialdearen barne produktu gordinaren %10eko galera eragin zuela uholdeak.

Guztira 21,6 milioi dolar bideratuko ditu proiektura funtsak: hogei milioi kalteak ordaintzeko, eta 1,6 milioi ikuskapenera. Orain, Nepalek proposamen bat egin beharko du funts horientzat, eta ostera funtsaren batzordeak aztertu eta erabaki bat hartu beharko du.

Klima aldaketaren kaltea

5.000 metro baino altuera garaiagoan zegoen horma baten kolapsoa izan zen bat-bateko uholdearen eragilea. Minutu gutxian izugarri igo zen Trishuli errekaren ur maila, eta triskantza handia sortu zuen ez soilik Nepalen, baita Txinan ere. Nepalgo Gobernuak hasieratik jarri zuen arazoaren erdigunean klima larrialdia, baina ez hori bakarrik, baita kalteen desparekotasuna ere. %0,1 da etengabe erabili duten zifra, desparekotasun hori irudikatzeko: Nepalek isuri duen karbonoa da, munduko isuri guztiekin alderatuta.

Hain zuzen, desparekotasun hori da Galeren eta Kalteen NBEren Funtsaren muina: helburua du Iparralde Globalak ordaintzea Hegoalde Globalean klima aldaketak eragiten dituen kalteak, demostratuta baitago herrialde industrializatuenek isuri dutela karbono gehien, eta Hegoalde Globalak kalte gehiago pairatzen dituela eta baliabide gutxiago dituztela horiei aurre egiteko. Horregatik jaio zen 2023an, eta herrialde industrializatuenek 822 milioi dolar transferitzeko konpromisoa hartu zuten.

Erreskate lanak Nepalen, irailaren 8an. NEPALGO ARMADA
Erreskate lanak Nepalen, irailaren 8an. NEPALGO ARMADA

Hala ere, oraindik 450 milioi dolar bakarrik jarri dituzte. Nepalgo ezbeharrak argi utzi du konpromiso hori oso motz geratzen dela dauden beharretarako, Iparralde Globaleko herrialdeek hitzemandakoa baino bost bider diru gehiago behar baita soilik Nepalgo sarraskia konpontzeko, eta orain arte jarri dutena baino hamar aldiz gehiago. Egiari zor, azaldu behar da kalteen funtsa fase pilotu batean dagoela, eta aurrez ezarri zutela eskari bakoitzari gehienez hogei milioi dolar emango zitzaizkiola.

Konpromisoen eta beharren arteko arrakala hori beste datu batek erakusten du: funtsa sortu zenetik, jada 2.800 milioi dolar eskatu dituzte hainbat herrialdek, 170 gertakarik sortutako kalteak ordaintzeko. Eskari formal horiek, baina, ez dute erakusten benetan kalte guztiak ordaintzeko behar dena. Izan ere, garatzen ari diren hainbat herrialdek eta gobernuz kanpoko erakundek uste dute 2030erako urtean 400.000 milioi dolar beharko direla kalteak konpontzeko, eta Loss and Damage Collaboration koalizioko ikerketek diote 724.000 milioi beharko direla.

Bi hilabete ezbeharretik

Jada ia bi hilabete igaro dira Nepalen eta Txinaren arteko mugaren zati bat une batetik bestera urak estali zuenetik. Pareta zati batek luizia eragin zuen, eta Trishuli errekan bat-bateko uholde bat sortu. Ezbeharraren irudirik ezagunena bi herrialdeen arteko mugako segurtasun kamera batek grabatutakoa izan da: hartan, mugako igarobide bat ikusten da, eta, jendea korrika hasi eta gutxira, ur, harri eta lokatz olatu batek dena jaten du; hala amaitzen da bideoa.

Hainbat konspirazio teoria kenduta, agintariek hasieratik garbi adierazi zuten glaziar bat kolapsatu izanak sortu zuela ezbeharra. 5.200 metro inguruko altueran puskatu zen horma, eta 1.200 metro baino gehiago jaitsi zen errekara iritsi arte. Tartean arrastaka eramandako lur guztiak luizia indartu zuen, eta ezbeharra areagotu. Errekak hamabost eta hemezortzi metro arteko garaiera irabazi zuen minutu gutxian, eta 72 kilometroko ibilguan sortu zituen kalteak.

Halako fenomenoak gertatzen direnean, ezin zaio zuzenean egotzi klima larrialdiari: ikerketa bat egin behar da ikusteko klima aldaketak zenbateko eragina izan zuen fenomeno horren sorreran. Atribuzio ikerketak deitzen zaie, eta World Weather Attribution izeneko ikerketa talde bat dago, hori egiten duena. Bada, Nepalgo ezbeharra ikertu zuten, eta azaldu faktore askok eragin zutela gertakari horren hasieran, horregatik ezin zaiola zuzenean egotzi klima larrialdiari, baina faktore askotako horien atzean klima larrialdia dagoela ebatzi zuen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA